Begirada bat jostunen maisuari

Balentziaga Parisera joan aurreko urte «garrantzitsuak» bildu ditu Miren Arzalluzek liburu batean

Donostia
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Munduari lehenengo aldiz buelta ematea lortu zuena -beste marinel batzuekin batera- Getariako (Gipuzkoa) gizon bat izan zen, Joan Sebastian Elkano, hain zuzen. Mende batzuk geroago, berriz, beste getariar bat jaio zen, Cristobal Balentziaga. Orduko hartan, berak ez, bere arropek eman zioten buelta munduari. 1936ko gerraren eraginez Parisera joan zenean egin zen nazioartean ezagun. Garai hartatik aurrera egin zuen lanak izen handia hartu du modaren historian. Baina Parisera joan aurretik egindako ibilbideak garrantzi handia izan zuen haren formakuntzan. Garai hartan egin zituenak biltzen dituen liburua idatzi du Miren Arzalluzek.

Gipuzkoako Diputazioaren eta Nerea argitaletxearen arteko proiektua izan da. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez argitaratu dute liburua. Seguruenik hizkuntza gehiagotara ere itzuliko dutela azaldu du Nerea Argitaletxeko zuzendari Marta Casaresek.

«Oso gutxi idatzi da Balentziagaren garai horren inguruan», dio Arzalluzek. Liburuaren helburua, Balentziagaren lehen 42 urteak ongi aztertzea da. «Aspaldi hasi nintzen Balentziaga aztertzen; garai hori mitifikatu, sinplifikatu egin da. Une ilun bezala erakusten dute askok. Harrigarria iruditu zitzaidan prestakuntza urteei garrantzirik ez ematea».

Parisera iristerako heldua zela dio Arzalluzek, gizon bezala, artistikoki, baita enpresari gisa ere. Azken ezaugarri horrek harritu du idazlea gehien. Enpresa aldetik egin zuen lan horrek guztiak. Donostian bost denda zeuzkan; bat, Madrilen; eta beste bat, Bartzelonan (Herrialde Katalanak).

1936an iritsi zen Parisera, eta hurrengo urtean arrakasta handia izan zuela dio Arzalluzek. «Esperientzia handiaren fruitua da hori». Arzalluzen ustetan, «sormenean jeinu bat zen», eta enpresan «oso saiatua». Txikitatik heziketa zorrotza jaso zuen. Haren ama Casa Torreseko markesaren jostuna zen, eta berak sartu zuen jostundegian. Sastre izaten ikasi zuen lehenengo, eta, ondoren, moda munduari ekin zion. Jaio zen kontestua erabakigarria izan zela jakinarazi du liburuaren egileak. Garai hartan, Gipuzkoako kostaldea udatiar aberatsez beteta egoten zen, punta-puntako soinekoak erosteko irrikan; beraz, bere talentua lantzeko toki paregabean zegoen Balentziaga.

Moda sortzaileetan maisua

Amelia Descalzo janzkera historikoan aditua den madrildarrak, hitz ederrak izan ditu liburuarentzat, eta Balentziagarentzat. «Moda sortzaileen moda sortzailea izan zela esan genezake. Balentziaga modan, Picasso pinturan bezala izan zela esan genezake». Liburua garrantzitsua dela azpimarratu du, eta historikoki oso zorrotza dela ere bai. Jostunaren jatorri, kontestu historiko,eta ikasketaren inguruan oso gutxi jakin dela dio, eta liburuan osoongi jasota daudela ere bai.

Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara diputatuak adierazi duenaren arabera, Getarian izango den Balentziaga museoaren eraikina bukatuta dago, eta xehetasun batzuk baino ez dira falta. Datorren udaberrirako irekita izatea espero dutela ere gaineratu du.



Liburu fitxa

Egilea. Miren Arzalluz Loroño.

Hizkuntza. Euskara.

Argitaletxea. Nerea.

Prezioa. 38 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.