Begirada batek sentimendu eta egoera asko transmiti ditzake: poztasuna, haserrea, ezinegona... Askotan esan ohi da begiak direla arimaren ispilu; pertsona baten begiradan sakonduz gero, haren izaera eta umoreari buruzko informazioa jaso baitaiteke.
Behakoa da, haiz zuzen ere, aurtengo Argazkiaren Biltzarra lehiaketako gai nagusia. Argian elkarteak hemeretzigarrenez antolatu du lehiaketa,eta parte hartzaileen argazkiekin erakusketa eratu dute. Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegian ikus daitezke argazkiok, doan.
Erakusketan edonork parte hartu ahal izan du, bai profesionalek, baita zaleek ere. Kakes Etxebers elkarteko presidentearen aburuz, baina, zaleak dira lehiaketara argazkiak bidaltzen animatzen diren gehienak. Gaiari lotutako irudia izatea da antolatzaileek argazkiak aintzat hartzeko jarri duten baldintza bakarra. Hala, aurten 63 parte hartzaile izan dituzte, eta 50 argazki inguru aukeratu dituzte Apezpikuen Presondegiko erakusketan erakusteko.
Abuztuaren 30ean erabaki zuen Argazkiaren Biltzarreko epamahaiak zein hiru argazki saritu. Lehenengo postua Jose Manuel Pires Diasek eskuratu zuen, Regard noir (Begirada beltza)izenburuko argazkiarekin. Bigarren Michel Cambonen Karine argazkia hautatu zuten. Azkenik, hirugarren postua Christian Loubradouk lortu zuen, Titi izeneko argazkiarrekin. Guztira mila euro eta mota askotako argazki tresneria banatu dituzte sarituen artean.
Epaimahaia eskarmentu handiko bi argazkilarik eta Argian elkarteko kide batek osatu dute.
Horretaz gain, Donibane Garaziko Udalak argazki bat saritzeko eskumena zuen, eta Lionel Vereten Droit dans les yeux (eskubidea begietan) izenburuko irudiari eman zion saria.
Ikusleak epaile
Irailaren 18an, erakusketa zabalik egongo den azken egunean, beste sari bat banatuko dute: publikoaren saria. Erakusketa ikustera joan diren lagunek erabakiko dute zein irudi saritu. «Erakusketara sartzean ikusle bakoitzak txartel bat jasotzen du, eta gustukoen duen argazkiaren aldeko boza eman dezake», azaldu du Etxebersek. Aurretik sarituak izan diren argazkiek ezin izango dute sari hori jaso. Eguerdian, Donibane Garaziko herriko etxean banatuko dizkiete sariok ikusleen aldetik boz gehien lortu duten lau irudien egileei.
Iaz 3.000 ikusle inguru gerturatu ziren Donibane Garazira erakusketa ikustera, eta aurten ere«gutxienez beste horrenbeste» gerturatzea espero du Etxebersek. Ikusleek bozkatu ahal izateko banatutako txarteltxoetan oinarritzen dira bisitarien zifra osatzeko.
Argazkilaritzaren zaleak hurrengo urterako lehiaketarako prestatzen joan daitezke jada, Argian elkarteak aukeratua baitu gaia: Nafarroa eta nafarrak.
Argazkilaritza argitzen
Lehiaketako irudiez gain, bisitariak Passes croisées eta Mes vacances 2010 à... erakusketak ikusteko aukera izango ditu. Eskarmentu handikoak baina profesionalak ez diren argazkilariek eginak dira erakusketok.
Jendea argazkilaritzara hurbiltzeko eremu bat sortzeko beharra ikusi, eta Argitan elkartean sortu zuten orain dela hogei urte. Argazkiaren Biltzarra da antolatzen duten ekitaldi nagusia. Elkarteak dioenez, Euskal Herriko txokoen edertasunak eta kolore aniztasunak gai asko jorratzeko aukera ematen du.
Begiradaren indarra agerian
Argazkiaren Biltzarra lehiaketako irudiak ikus daitezke Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegian; 'Behakoa' izenburupean, begirada bereziak islatu dituzte parte hartzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu