Begoña auzoa, gertuagotik

Bilbo hobeto ezagutzeko, 'Osterak Bilboko auzoetatik' bildumaren bigarren liburua argitaratu dute

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Bilboren historia eta txokoak hobeto ezagutzeko, Osterak Bilboko auzoetatik bildumako bigarren liburua kaleratu du Bilboko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailak. Begoñako elizate zaharra du hizpide argitalpen berriak, eta auzotik zehar egin ahal izateko zazpi oinezko ibilaldi proposatzen dituzte liburuan. Iñaki Peredan arduratu da testuak idazteaz, eta Juanma Apariciok egin ditu auzoko argazkiak.

Auzotik zehar egin ahal izateko ibilaldi horien berri emateko, plano eta argazkiz osatutako liburua egin dute, txoko askotako berezitasun eta bitxikeriak ere eskura jarriz. Ostera bakoitzean ingurua ondo behatzeko gonbita egiten diote egileek ibiltariari. Era horretan, auzoa garai batean izan zena eta gaur egun denaren inguruko irudipena egiteko aukera izan dezake bisitariak. Horretaz gain, historiako zenbait ohar ere biltzen ditu Osterak Bilboko auzoetatik bildumako bigarren argitalpen horrek, garaiko testuingurua hobeto ulertu ahal izateko.

Ibilaldiek Begoñako antzinako elizatea sakon ezagutzeko aukera ematen dute. Bertan, Santutxu, Castaño, Louri, Zurbaran-Zurbaranbarri, Otxarkoaga eta Begoña beraren inguruko xehetasunak eskaintzen dituzte egileek 154 orrialdeetan. Denetara, gune horietako guztietako ehun toki interesgarri baino gehiago bildu dituzte liburuan. Besteak beste, Campo Volantin pasealekuko Olabarri jauregia, gaur egun eliza den Zurbarango zinema eta estilo neoklasikoa duen eta gaur egun futbol zelaiko aldagelak jasotzen dituen Begoñako hilerri zaharreko ehorzleen etxea izandakoa. Horiek eraikin publikoetan nabarmendutakoak dira. Etxebizitza pribatuen arloan, bestalde, garai eta estilo arkitektoniko ugari aipatzen dira liburuan. Esaterako, Basarraten dagoen Cooperativa Union Begoñesa izeneko urbanizazioa eta 60ko hamarkadan Jose Sanz Gironellak eraikitako Begoñako erlauntza etxebizitzak moduan ezagunak diren eraikinak.

Bilbo hobeto ezagutzeko

Osterak Bilboko auzoetatik bildumako lehen liburua 2010eko maiatzean argitaratu zuten, baina asmo hori bost urte lehenago sustraitu zen. Izan ere, 2005ean Bilboko kultur ondarea hobeto ezagutzeko, 22 auzoetatik zehar bisita gidatuen programa bat garatu zuen udalak Bilbao Izan egitasmoaren barruan. Ekimenak ikusmin handia sortu zuen hiritarren artean, eta bi urte gehiagoz luzatu zen. Behin proiektua amaituta, izaera zehatzagoa zuten beste batzuk etorri ziren, hiriko txoko guztietara iristeko.

Liburuak argitaratzeko erabakia ekimen horien arrakastaren ondotik iritsi zen. Lehen liburua Antzinako Deustuko errepublika izenarekin argitaratu zen, eta bilduma amaitzeko bi liburu falta dira oraindik: Abandoko elizatea eta Jatorrizko Bilboko txokoak landuko lituzketenak, hain zuzen ere.

Liburu horien helburua bilbotarren artean hiriko auzoenezagutzan ahalik eta gehien sakontzea da. Horregatik, ez dute arkitektura gidalibururik edo turismoaren sustapenerako ohiko ibilbiderik egin nahi izan. 22 auzoetatik barrena egin ziren ibilaldi horietan erabilitako edukietan oinarritutako lana prestatu du udalak, hiritarrek euren gisan egin ditzaten proposatzen diren ibilaldiak.

1925ean Bilbora elkartua

Bilbo eta Begoñaren arteko harremana betidanik izan da estua. Horrenbeste, 1300. urtean Bilbosortu zenean, Bilbo Begoñako elizatearen lurretan izan zela. Hasierako mendeetan Bilbo ez zen egungo Zazpikaleetatik haratago hedatzen, inguruan elizate ugari bazituen ere. Lehen zabaltze handia 1872an izan zen, Abandoko elizatea Bilbora elkartu zenean. Orduan jarri zuten martxan Zabalguneko proiektua.

Urteak igaro ahala, eta industrializazio prozesuaren ondorioz, gero eta etorkin gehiago iritsi ziren Bilbora. Zabalgunea eta Zazpikaleak txiki geratu, eta Deustuko eta Begoñako elizateak Bilbora elkartu ziren 1925. urtean.

Orduz geroztik hiriaren parte dira auzo horiek, baina izandakoaren oroimena galdu gabe. Oroimen horrek irauteko argitaratu dira Osterak Bilboko auzoetatik bi liburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.