Andoni Luis Aduriz. Sukaldaria eta BCCren sustatzailea

«Beharrezkoa zen hutsunea betetzera dator Basque Culinary Center»

Adrian Garcia.
Donostia
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Andoni Luis Aduriz (Donostia, 1971) Mugaritz jatetxeko sukaldaria eta Basque CulinaryCenter proiektuaren sustatzaileetako bat da. Pozik dago instalazioekin, eta etorkizunari begira dagoenzentroa izango dela azpimarratu du. Jatetxeetan ezezik elikadura sektorean lan egingo duten profesionalak heziko dituztela esan du. Aurki enpresa mintegi bat sortuko dela iragarri du, eta proiektuaren arrakasta hor gauzatuko dela uste du.

Zer iritzi duzu instalazio berriei buruz?

Urte luzeen ondoren, azkenean iritsi da eguna. Proiektu hau orain dela urte asko sortu zen sukaldari askoren buruan. Guretzat, harro egoteko eguna da gaurkoa. Gastronomiak etorkizunari begirako proiekzioa izango du. Guk denok nahi genituen balio eta ezaugarriko proiekzioa izango da, gainera. Ikaragarri konplexua den mundu batean lehiatu ahal izango da. Goi mailako instalazioak dira, eta oso pozik gaude emaitzarekin.

Ikerketa oso present egongo da zentroan.

Sektorearen eskaerak zeintzuk diren ikusteko gaitasuna izan du proiektuak. Ez bakarrik goi mailako gastronomiaren sektoreak, baita elikadura industriakoak ere. Gizartearen eta profesionalen arteko zubi lana egingo du proiektuak. Enpresa askok elikadura teknologoak dituzte, baina gizartearekin lotzeko figura hori falta zitzaion. Normalean, sukaldariak izaten dira figura horiek, edo sukaldariak ez diren eta izenik jartzen ez diegun figurak. Pertsona horiek badakite gizartearen gustuen berri. Instalazio horiek ez daude formakuntza emateko soilik egokituta. Zalantza asko dauden momentu batean gaude egun, ez dakigu zein izango den etorkizuneko sukaldaria izateko eduki beharko diren ezaugarriak. Baina badakigu horretarako prestatzen ari garela. Aldaketen aurrean malgutasuna eta halako ezaugarriak izan beharko ditu sukaldariak. Oso irekia da sektore hau, eta eskatzen duenaren mailan egongo gara.

Gustatuko al litzaizuke horrelako zentro batean ikasi izana?

Horrelako ikastetxe batean ikasteko aukera izan banu, ez nukeen zalantzarik izango,zuzenean sartuko nintzatekeen. Batez ere, etxean nire gurasoek beti pentsatu dute sukaldaria izatea gauza bat zela, baina ikasketak ere beharrezkoak zirela. Azken finean, etorkizunean ez dakizu non egongo zaren, baina formakuntza ez dago sekula soberan. Zentro honek aukera eta ate asko irekiko ditu, ez bakarrik lan bat lortzeko, baita enpresa berriak sortzeko ere. Etorkizunean zentro hau gastronomia eta elikaduraren sektoreko enpresa mintegi bat izango da, hor datza proiektuaren arrakasta.

Zentro honek jatetxeetan egiten diren praktikak ordezkatuko al ditu?

Ordezkatu baino gehiago, osatu egingo ditu. Ordena bat emango dio sektoreari. Askotan, sektoreak suertatu zaion garaira moldatu behar izan du. Basque Culinary Center baino zentro handiagoak badaude munduan, oso garrantzitsuak. Baina denak hona begira daude, ikusi dutelako etorkizunari begira gaudela eta merkatuen eskaeren aldaketetara moldatzeko gaitasun handia izango dugula. Ez dut uste ezer ordezkatuko duenik; beharrezkoa zen hutsunea betetzera dator.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.