Hegaztien mundu liluragarria ezagutzera eman eta horien kontserbazio arazoen berri emateko, Hegaztien Eguna izango da igandean mundu osoan, Birdlifek sustaturik. Euskal Herriko hainbat txokotan ekintzak prestatu dituzte egun horretarako.
Etxalarren (Nafarroa), esaterako, Lizarietako tontorrean migratzen ari diren hegaztien behaketa egingo dute bisitariek igandean, adituen laguntzarekin, eta eraztunak jartzeko saio bat ere izango da, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen eskutik. Aurretik, ostiral arratsaldean, Nafarroako hainbat argazkilariren hegazti diapositiben emanaldia izango da Etxalarko kultur etxean. Larunbat arratsaldean, 19:30ean, saguzarrei buruzko hitzaldi bat izango da bertan. Bertizko natur parkean, halaber, ornitologiari buruzko bisitaldi gidatuak izango dira larunbat goizean, eta arratsaldean, 16:00etan, kaxa habiak paratuko dituzte.
Busturian ere (Bizkaia) larunbat eta igandean izango dira jarduerak, Madariaga dorretxean. Aurrez izena ematen dutenek, itsasontzian ibilaldia egin eta hegaztiak behatzeko aukera izango dute; 10:30ean izango da lehenengo irteera, eta 12:30ean bigarrena. Padurara eginiko bisitaldiak, kometa erakustaldia, zinema, lehiaketa eta haurrentzako tailerrak ere ez dira faltako asteburuan.
Gasteizen, beste alde batetik, Salburuko Ataria interpretazio gunean, jarduera multzoa prestatu dute iganderako, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Ibilaldi gidatuak, hitzaldiak, lehiaketak, papiroflexia lantegia eta hegaztiei eraztuna jartzeko saioa izango dira, besteak beste.
HEGAZTIEN EGUNA
Non. Besteak beste, Etxalar, Busturia eta Gasteizen.
Noiz. Larunbat eta igandean.
ASTEBURUKO PROPOSAMENAK
Behatokietatik hegaztien bideari begira
Igandean, Hegaztien Egunean, eraztunak jartzeko saioak eta bisitaldiak izango dira, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu