Maratila
Beltzak
Peyrelebaden iragaten du Odilon Redon pintoreak (1840-1916) haurtzaro gehiena. «Isiltasuna gustukoa duen begi zorrotzeko haurra nintzen. Itzalen xeka (bila) ibiltzen nintzen». Peyrelebaden osabaren etxeko erridau pisuetan gordetzea maite du. Eta kanpoan belarrean etzanik zeruari so egotea. Lainoen kurritzeak segitzea. Haien itxuraldatze magikoak «begiak zabalik» mirestea. Osasuna ez du harrigarria. Hobekitzen zaiolarik hamaika urtetan Bordelera, gurasoen etxera, itzultzen da. Marraztea maite du, obserbatzea. Bordelen marrazkiaren artea ikasten du. Eta han, hamazazpi urtetan, ezagutzen Armand Clavaud. Baratze botanikoan ari da lanean Clavaud. Hark erakusten dio zer den behatze zientifikoa. Deskubritzen ditu harekin biologia, entomologia, botanika, geologia… Naturalezaren konplexutasuna, mikroskopioaren begiari esker, fragmentatua, itxuraz aldatua agertzen zaio. Baina ez da hori bakarrik, Clavaud-ek, irakurle amorratua denez, bere autore faboritoak deskubriarazten dizkio: Charles Baudelaire, Edgar Allan Poe, Gustave Flaubert. Preseski (hain zuzen), obserbatze zientifikoaren erregelak gainditu nahi ditu Odilonek. Haren izpirituan diren izaki fabulosoak, mikroskopioak ez ditzake diseka. Arteak libertate osoa beharrezkoa du («Artea erregela guzietarik kanpo zabaltzen den lorea» dela dio). Bere barneko paisaiari forma eman: «beltzek» jalgi behar dute. Horrela du bataiatzen bere produkzio grafiko osoa. «Beltzak» dira Odilon Redonen marrazkiak, ikatzak, estanpak. Haren irudimenetik sortu izaki baztertuak, begiak, armiarmen irkaitzak, ziklopeak. Era Kimera (1891). Kimeraren gorpuzgabeko burua badoa airean, montgolfier aireontziaren gisan. Pean den itsasoari behatzen diolarik kimerak. Irri malenkoniatsuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu