Ziztadak behar ditu euskal prentsak. Laguntza, babesa, sostengua, euskaldunei munduaren berri euskaraz ematen jarraituko badu. Zure ziztada behar dugu kanpaina abiarazi du BERRIA egunkariak, eta beste zenbait arlotako euskaltzalek egin bezala, idazleek ere euren ekarpena egin gura izan diote aipatutako kanpainari. Bilboko Kafe Antzokian, kanpainarako beren-beregi atonduriko poema, narrazio eta testuak aurkeztu dituzte bederatzi idazlek, musikaz lagunduta.
Agertokiaren gainean, kafetegi batean bezala, hainbat mahai, eta, horien inguruan, idazleak, trago artean elkarrekin solasean. Bazter batean, Domentx Uzin eta Jon Basauri musikariak, berbak soinuz janzteko prest. Onintza Enbeita kazetari eta bertsolariak egin ditu aurkezpen lanak. BERRIAk euskal literaturaren arloan duen erreferentzialtasuna nabarmendu du eta gogoratu du ziztadak biltzen dabilen kanpainaren helburua ez dela soilki euskarazko egunkaria baliabide ekonomikoz hornitzea: «Gogoetarako kanpaina ere bada, euskarazko komunitatea osatzen dugunok egin beharreko gogoeta, alegia. Euskarazko prentsak aurrera egingo badu, gizartearen ekimenez izango da, eta, horretan, denok gara beharrezko».
Martxelo Otamendiren hitzaldi laburraren ostean abiatu da errezitaldia. Euskal Prentsaren Historia Praktikoa hartu du ahotan Lutxo Egiak izenburu bereko olerkian, «ez balitz Euskal Prentsaren Historia ez dela inoiz Praktikoa izan». Agosti Xahok XIX. mendean euskarazko kazeta abiarazteko egindako ahalegin «suizida», Kalifornian sorturiko lehenengo ahaleginak, Eskualduna kazetaren gerra kronikak, Resurreccion Maria Azkuek bultzaturiko Euskalzale eta Ibaizabal agerkariak, 1936ko gerraren ingurumarian plazaratutako Eguna eta herri ekimenak sorturiko Euskaldunon Egunkaria aletu ditu Egiak poesiaz blaitutako kontakizunean.
Batzuetan, miraria dirudi egunkaria egunero-egunero kioskoan edo etxeko postontzian agertzen dela ikusteak. Mirariaren esperoan ere gelditu da Karmele Jaiok idatzitako narrazioaren protagonista, hitzen ahalmen magikoaz itxaropentsu. Iban Zalduak, berriz, Tintin kazetari ausarta ekarri du akordura, eta, seguru asko, aditu guztiak zur eta lur utziko dituen aurkikuntzaren berri eman du: behinola, Euskal Herrian ere izan zen Tintin, kazetari senak gidatuta.
Berripaperaren balioak
Musikaren tartearen ostean, berripaperaren askotariko erabilerak xehatu ditu Angel Errok: «Gezurra esateko. Ez esateko egia. Egia esateko. Atzo gertatutakoez zer pentsa jakiteko. Argazkietan zeure burua bilatzeko. Hitzetan zeure burua galtzeko». Markos Zapiainek prentsa eta sarea, papera eta pantaila alderatu ditu. Itziar Madinak Sustatxatik munduraizeneko olerkia irakurri du, kazetaritza eta euskara lotu zituen unea gogora ekarriz.
Kazetaritza eta literatura, literatura eta kazetaritza. Bi-biak jarri ditu harremanetan Ur Apalategik, ohiko duen ironia finarekin. Ikuspegi desberdina hautatu du bien arteko erlazioari so egiteko, eta idazle eta kazetarien kezkak eta arrangurak trukatu ditu Paperaren pisua izeneko narrazioan.
Egunkariak mundua sartzen dio etxean irakurleari. Arrate Egañak idatzitako ipuinaren pertsonaiei ere prentsaren bidez agertzen die errealitateak bere muturra, munduari bizkar emanda bizitzea ezinezkoa dela frogatuta. Amaitzeko, atzera jo du Edorta Jimenezek, iraganera, Ginebra erreginaren erresuma sakabanatu eta heroiek erbestera joan behar izan zutenekora.
Errezitaldian entzule izan direnen artean Goizalde Landabaso kazetari eta idazlea, Maria Gonzalez Gorosarri historialaria, Zenbat Gara elkarteko Xabier Monasterio eta Fermin Etxegoien idazlea egon dira. Bilbon irakurritako testuak, eta beste zenbait idazleren ekarpenak ere, irakurgai jarriko ditu aurki BERRIAk bere webgunean.
Zure ziztada behar dugu
Berben ezten samurra
Musikaz lagundutako errezitaldia egin dute Bilboko Kafe Antzokian, BERRIAlaguna kanpaina sustatzeko ekitaldianBederatzi idazlek kanpainarako beren-beregi prestaturiko testuak irakurri dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu