Berdintasunerako urrats gehiago danborradan

Donostiako San Sebastian egunean emakumezko urketari nagusi bat izango da Konstituzio plazan

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
«Emakumeek aurten protagonismo handiagoa hartuko dute; ez kalean bakarrik, baita taula gainean ere, makilarekin zuzendu eta boterea erakusten», esan du Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura ordezkariak. Ostiralean ospatuko dute hirian San Sebastian eguna, eta aurten lehendabiziko aldiz Gaztelubideko danborradan —bandera igotzean jotzen dute—emakumezko urketari nagusi bat egongo da. Ia 30 urketariren lana zuzentzeaz arduratuko da.

Hala, azken urteetako joerari jarraituz, San Sebastian egunean gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidean «urrats berriak» egiten ari direla adierazi du Donostiako alkalte Juan Karlos Izagirrek.

Izan ere, helduen danborradan, guztira, 118 konpainia irtengo dira, eta horietatik 105 dira mistoak, eta 13 gizonez bakarrik osatuak, Nerea Txapartegi Udaleko Kultura ordezkariak jakitera eman duenez. Horrek, danborraden %89 gizon eta emakumez osatuta dagoela esan nahi du. Guztira 14.000 parte hartzaile egongo dira Donostiadanbor hotsez betetzen, eta horietatik 5.000 soilik dira emakumezkoak.

Lehengo urtean baino 7 konpainia eta 2.000 lagun inguru gehiago animatu dira aurten helduen danborradan parte hartzera.

Izagirrek donostiarrei ongi pasatzeko deia egin die, «errespetuan» oinarrituz betiere. Donostiako festarik «parte hartzaileena eta errotuena» dela esan du, gainera. Tradizioari jarraituz, ostegunean gaueko hamabietan alkateak berak jasoko du bandera Konstituzio plazan, eta «ilusio eta ohore handiz» egingo duela gaineratu du. Bertan, Breslaviako (Polonia) Udaleko zenbait ordezkarik ere parte hartuko dute, ohorezko gonbidatu gisa, Donostia 2016 kultur hiriburu izendapenaren harira. Izan ere, haiek ere Europako kultur hiriburu izango dira 2016an. Une horren ondoren, hiriburuan danbor eta barril hotsak izango dira nagusi 24 orduz, eta festa giroa nagusituko da.

Hurrengo egunean haurren txanda izango da. 4.906 haurrek parte hartuko dute haurren danborradan, eta horietatik %53,3 neskak izango dira eta %46,3 mutilak. 45 eskola aterako dira, 52 konpainiatan banatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.