Berezietan bereziena

Fortuna kirol elkartearen mendeurrena ospatuko dute biharko Behobia-Donostia lasterketan

Iazko lasterketan ateratako Iturengo joaldunak helmugaratu zireneko unea. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Behobia-Donostia beti izan da lasterketa berezia. Aurten, baina,Fortuna kirol elkartearen mendeurrena dela eta, are bereziago izango da. Beste behin, parte hartzaileen kopurua gainditu du lasterketak. 23.000 lagunek eman dute izena bihar Behobiatik Donostiarako hogei kilometroak betetzeko.

Fortunak banaturiko elastiko gorri-urdinean ere nabaria da ospakizuneko urtea dela. Zorionak hitza eramango dute korrikalari askok elastikoaren aurrealdean.

23.000 lasterkaritik %16 emakumezkoak izango dira, orotara 3.500 inguru. Urte gutxiren buruan zifra hori %20ra igotzea espero dutela esan du Enrique Cifuentes elkarteko buruak. Kataluniatik, berriz, 3.000 korrikalari etorri dira. Lasterkarien artean gipuzkoar kopurua esanguratsua da; gipuzkoarren %1 izango da igandean lasterketan.

Etiopiako Wukro hiritik etorritako korrikalariak dira biharko lasterketan gailentzeko faboritoak. Iazko okerra zuzentzeko gogo betez daude —txipa autoan ahaztu, eta azkenetarikoak atera behar izan zuten—. Hiwet Kahasu, Trihas Gebre, Abrha Milaw, Maru Gebregziabher eta Akebom Hadush dira Etiopiako atletak.

Etiopiautopia fundazioaren eta Fortuna elkartearen eskutik etorri dira Euskal Herrira.

Fortunari herritarrei kirolaren ateak irekitzea eskertu zion Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak atzo Kursaalean eginiko aurkezpenean. Ikerne BadiolaGipuzkoako Kirol, Kultura eta Gazteria diputatuak berdintasuna eta integrazioa sustatzeko bidean elkarteak eginiko lana goraipatu du.

Hogeita hamar gurpil aulki aterako dira Behobiatik igandean. Lehenak izango dira ateratzen, 10:20ean. Ondoren patinatzaileak aterako dira, 10:40ean. Iaz lortu zuten estreinakoz ateratzea, eta bihar 140 patinatzaile labainduko dira Behobiatik Donostiara bidean. 11:00etan izango da korrikalarien txanda.

Suge luze baten itxura hartuko du 23.000 lagunek osaturiko tropelak. Irteeran, jendea pilatzea saiheste aldera, inoiz baino irteera talde gehiago izango dira; hamalau guztira. Bestalde, aurreko urteetan ez bezala, dortsalaren azken bi zenbakiak hartuko dira kontuan kirolarien zorroak jasotzerako orduan.

Helduen lasterketa ez da hazten doan bakarra. Behobia Txikia lasterketak ere parte hartzaileen markak apurtu ditu, Fortunak oinarrizko kirolean egindako apustuaren erakusle. Gaur egingo dute 15 urte arteko 2.000 gaztetxok Bulebarretik Alderdi Eder plazarako bidea. Lasterketa amaitzean txokolate janaz eta hainbat jolasez gozatu ahal izango dute.

Beroa, etsai nagusi

Arerio gogorrena beroa izango dute korrikalariek. Hego haizea iragarri dute, eta tenperatura 18 eta 20 graduren artean ibiliko da. Gainera, haize bolada indartsuak egotea espero dute. Lainoak izango diren arren, ez da euririk espero. Hori ikusita, antolatzaileek aldez aurretik hidratatzen hastea gomendatu dute, «ezbeharrik gerta ez dadin».

Cesar Elordi iaz lasterketan zendutako korrikalaria gogoratuko dute irteeran, minutu bateko isilunearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.