Berlusconiren itzala luzea da

Tele5-Cuatro bat-egitea (I): Enpresaren kontrolaTele5k eta Cuatrok amaitu dute bat-egitea. Bakoitzak bere katea mantenduko du baina akzioen %81,7 Mediaset taldearen esku geldituko da.

urtzi urkizu
Donostia
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Tele5 eta Cuatroren arteko bat-egitea publiko egin baino lau hilabete lehenago Concita de Gregorio kazetari italiarrak honakoa idatzi zuen L'Unitá egunkarian, 2009an: «Azkeneko hilabeteetan El País-ek Silvio Berlusconi inplikatzen duten zuzenbide ikerketen berri zabal eta luze eman du. L'Unitá-rekin batera Europako egunkari bakarra izan zen Apicella musikaria Estatuko hegazkinean agertzen zuen argazkia azalean argitaratzen. El País-ek Berlusconiren inguruko informazioa ematen jarraitu zuen, presio diplomatikoak izan arren». Hor Tele5-Cuatro bat-egitearen gakoetako bat. Eta kazetari berak bigarren arrazoia argudiatzen du: «Prisa taldeak 5.000 milioi euro inguruko zorra du. Adituen arabera, ez dute asmatu prentsaren eta telebistaren arteko bat-egitean».

Berlusconiri atzerriko kazetari batzuk aurka jartzen bazaizkio bere lehen aukera kazetarien enpresa erostea da. Guzti hori gutxi balitz, TVEk publizitatea kentzean libre gelditzen den publizitate tartaren zatia eskuratzeko gosea dago.

Italian bere esanetara ditu hainbat komunikabide Berlusconik. Eta joan den ostiralean amaitu zen Tele5-Cuatro bat-egitearekin, Espainiako telebista pribatuaren enpresa handiena bere esku dago. El País-ek, gainera, nekez egingo dizkio aurrerantzean kritika gogorrak Berlusconiri, orain arte egin bezala.

Tele5 eta Cuatroren bat-egitetik sortzen den enpresa Espainiako komunikazio talde handiena bilakatu da burtsako kapitalizazioari dagokionez. Aurtengo udaberrian 2.145,78 milioi euro balio zituen, Antena3, Vocento eta Prisa batuta baino gehiago.

Akzioen %81,7 italiarren esku

Tele5-Cuatro bat-egitetik sortutako enpresaren akzioen %81,7 Italiako taldearen esku geldituko da. Prisa taldeak, berriz, akzioen %18,041a baino ez du izango. Horrek erakusten du benetako boterea Berlusconik kontrolatutako telebista kateak izango duela.

Bat-egitearen aurretik, Tele5ren akzioen erdia Mediaset taldearena zen (Berlusconi da jabea Fininvest enpresaren bitartez) eta %49,5a Free-Float delakoa da (burtsan kotizatzen duen kapital flotatzailea). Bat-egitearekin, bestalde, Tele5k Digital+ ordainezko plataformaren akzioen %22a izango du. Ordainezko telebistaren kontrola Prisak izango du momentuz, baina lehen baino egoera prekarioago batean.

Tele5ko Akziodunen Batzar Orokorrak joan den ostiralean onartu zituen erabakien artean akzio berriak Madril, Bartzelona, Bilbo eta Valentziako burtsetan kotizatzeko eskea dago.

Tele5ren administrazio kontseiluak kideak 13 izatetik 15 izatera pasako dira. Bi kide berriak Manuel Polanco eta Juan Luis Cebrian dira, Sogecableko presidentea lehena, eta Prisako kontseilari ordezkaria bigarrena. Tele5ko zuzendari nagusi korporatiboa, aldiz, Mario Rodriguez izendatu dute.

Prisa taldearen baitan, El País egunkaria liderra da Espainiako prentsan, eta SER da entzule gehien dituen irratia; irrati formulan Los40 da lehena. Telebistan, ordea, Cuatrok bataz besteko %7ko ikusle kuota du, eta Espainiako aurreneko hiru kateetatik urrun samar ibili da.

Informazioa ematerakoan Prisako hedabideetako kazetari gehienak urruti daude Berlusconiren ideologiatik. Baina Prisaren egoera ekonomiko kaskarrak ondorioak izango ditu alor horretan ere. Aurtengo martxoan Prisa akordio batera iritsi zen Liberty Acquisition Holdings AEBetako enpresarekin. Akordio horren ondorioz, Libertyren esku gelditu zen akzioen %57,7a; Polanco familiak %30a kontrolatzen du eta %12,3a akziodun minoritarioek. Ekonomikoki salbatu da Prisa, baina trukean datorrena kalterako bilaka dakioke luzera.

Bihar, (II): Aurkezle eta saioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.