Bernardo Atxaga, frantsesez

Bere literaturaren garapena azalduko du idazleak Baionan, eta amaitzen ari den liburuaz arituko da

Atxaga bere lanaz arituko da, Luzien Etxezaharreta lagun. GORKA RUBIO / ARP.
Erredakzioa
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Bere obrari buruz hizketan arituko da gaur Bernardo Atxaga idazlea, Baionan. Luzien Etxezaharreta kazetari eta idazlea izango du lagun. Frantsesez egingo dute ekitaldia.

Hitzaldiaren antolatzaileek adierazi dute Bernardo Atxagak gogoko duela irakurlea «ustekabean harrapatzea». Horren erakusgarri, Zazpi etxe Frantzian idazlearen azken eleberria: «Euskal Herrian gertaturiko istorioak alde batera utzita, eta Afrikako parabola ekarrita».

Bere literatura nola garatu den azalduko du Atxagak berak: hasieran, kontatuko du nola aldatu den, urtez urte, literaturaz zuen teoria sorkuntzaren errealitatearen aurrean, eta nolako lan zail eta luzea egin zuen bere ahotsa topatzeko. «Fikzioan eta poesian, hartu beharreko lehen lana zure ahotsa aurkitzea da», esan du berriki. «Gure barruko gune ezkutu bat badago, eta horrek elikatzen ditu zure poemak eta nobelak». Bigarren lana estiloa fintzea dela dio Atxagak, hau da, «beharrezkoa ez dena ezabatzea», eta testu soilagoak eta trinkoagoak lortzea.

Nevadako egunak izenburua izango duen liburua bukatzen ari da orain idazlea. Renon (AEB) eginiko egonaldi batean idatzitako testuak dira lanaren muina. Ospea ekarri zion Obabakoak hura bezala, istorio puzzle bat izango da.

HITZALDIA

Noiz. Gaur, 18:00etan.

Non. Elkar aretoan,Baiona Tipian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.