Igerilekuak ohi baino beteago daude uda honetan. Balorazio horixe egin dute Gasteizko Mendizorrotza eta Gamarra igerilekuetan uztailera begira. Zehatzago esateko, erabiltzaileen %30eko hazkundea izan dute bi igerileku horietan. Baina joera hori ez dago Gasteizen bakarrik, gainerakoetan ere antzerako gertatzen ari baita. Hala sumatzen dute, esaterako, Bilboko Artxanda auzoan dagoen kiroldegian. «Sumatu dut igoera hori; aurreko urteetan bainojende gehiago dabil aurten», dio Ana Belen Ruiz igerilekuko sorosleak.
Eta hori Artxandara doazen garraiobideetan sumatzen da, hasteko. Eguerdia baino lehen, autobusean ama bat seme-alabekin eta bizpahiru kuadrilla doaz, bainujantziak soinean dituztela. «Beroaren aurka, norabait joan beharra daukagu», dio gazte horietako batek. Eta gertu dagoenez, igerilekuaren aldeko hautua egin dute. «Hala ere, hondartza edo igerilekua, ez du axola, biak baitira egokiak». Funikularrean ere, beste hainbeste. Jende andana doa Bilboko aldapetatik gora. Eguerdian, kabinak betetzen dituzte igerilekuko erabiltzaileek bakarrik.
Baina zein da igoera horren arrazoia? «Ez dakit; azpiegitura hauek oso erabiliak izan dira Bilbon betitik, eta egokiak ere badira, kokapenaren aldetik. Agian, horregatik», dio. Baina joera hori ez dago Bilbon bakarrik, eta eguraldia ere ez da aurreko urteetan baino askoz hobea izaten ari. Arrazoiak, beraz, orokorragoa behar du izan.
«Egoera ekonomikoak agian izango du zerikusirik», dio Mario Martinez erabiltzaileak. «Aurreko urteetan baino oporraldi motzagoak izaten ari da jendea, eta, ondorioz, hona etortzen den susmoa daukat», dio. Hark, esaterako, egunero egiten du Artxandarako bidea, «lagunekin, familiarekin, bakarrik; ez du axola». Goizean edo arratsaldean egiten du osteratxoa: «Lanak horretarako astia ematen didanean». Atzo, goizetik zegoen: «Gaurko beroari aurre egiteko, bainutxo bat baino hoberik ez dago».
Familientzako egonlekua
Jende gazteaz eta adineko pertsonez gaindi, familiak gailentzen dira Artxandako igerilekuan. Haurren oihuak, korrika saioak batetik bestera, jauziak igerilekura eta uretako jolasak dira nagusi bertan. «Familia asko etortzen da hona; beharbada, azpiegiturak egokiak direlako horretarako. Une oro kontrolatuta daude haurrak, eta horrek lasaitasuna ematen die gurasoei; hori ere behar dute», Ruizek azaldu duenez.
Igor Berezibar bilbotarra horren adibide da, egunero igotzen baita bertara bere haurrarekin. «Oso gogoko dugu igerileku hau», dio. Hondartza nahiago dutela aitortu du, baina «lan ordutegiek ez digute aukerarik ematen kostalderaino joateko». Semea ere gustura dagoela bistan da, korrika batetik bestera. «Egun osoa uretan egoten da; kanpora, lehortu, eta berrizere bainatzeko irrikaz egoten da».
Artxandako igerilekua hiritik bananduta dago, gainera. «Ez du ematen hau Bilbo denik ere», dio Martinezek. Zuhaitzen artean dago igerilekua, hiritik bereiz. «Irla batean bezala egoten da hemen; izan ere, hirian bertan gaude, baina egongo ez bagina bezala», zehaztu du. Horregatik, Martinezen eguneroko osteratxoa horri lotuta ere badago; hau da, egunerokotik eta lanetik deskonektatzeko joaten da.
Atzoko beroak 2003ko tenperaturarik altuena gainditu zuen, eta horrek ere eragina izan zuen erabiltzaile kopuruari begira. «Igerilekua zabaldu bezain pronto, jende ugari ari zen sartzen», Ruizek azaldu duenez. Eta uda osoan, horrela.
Plaza giro
Beroaren aurkako sendagaia
Aurtengo udan, igerilekuetako erabiltzaileen kopuruak gora egin du. Bilboko Artxanda auzoan dagoen igerilekuan ere sumatu dute igoera hori, hondartza gertu eduki arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu