Eguraldi iragarpenak bete, eta hego haizea nagusi da igande goizean. Kirol festa ikusteko, eguraldi aproposa —ezohikoa azaroko egun baterako—, baina guztiz desatsegina balentria betetzeko helburua dutenentzat. Iragarpenak iragarpen, lasterkariak ez dira kikildu, eta ikuskizun polita osatu dute goizean Behobian. Oso gutxitan ikus baitaiteke 20.000 lagun inguruko manifestazio erraldoi bat berotze ariketak egiten.
Gehienek Fortunaren mendeurrena gogoratzen duen elastikoa daramate soinean. Halere, urtero bezala, badira mozorrotutako lasterkari gutxi batzuk ere. Bizar Zuriz eta andregaiz jantzitako korrikalariek lasterketa ezohikoa dela gogorarazten dute. Neska-lagun bila atera den korrikalari trajeduna ere ez dabil oso urruti.
Kanpotik etorritakoek euren lurraldeko bereizgarriak diren elastikoak jantzi dituzte. Asko dira Frantzia, Galizia, Errioxa eta Asturiasko elastikoak erakusten dituztenak, baina denetan nabarmenenak Kataluniatik etorritakoak dira. Asko izateaz gain—3.000tik gora etorri dira—, Kataluniako banderaren kolorekozapi, galtza eta elastiko koloretsuek erakartzen dute arreta gehien.
Kirol proba baino gehiago, gertakizun soziala da lasterketa. Tamaina itzelekoa, gainera. Askorentzat, kirola egiteaz gain, Euskal Herria ezagutzeko aitzakia bihurtu da. Eta gogotik eskertzen du hiriak. Ostatuak, tabernak eta jatetxeak leporaino bete dituzte korrikalariek eta haiekin etorritako senide eta lagunek.
Garrantzi handiko gertakizun sozialetan gertatu ohi den legez, aspaldian ikusi gabeko adiskideugarik topo egin dute. «Aspaldiko, zer moduz zaude? Aurten ere hemen! Zorte on!». Luzatze ariketak egin bitarteko ohiko solasaldiak dira.
Etiopiatik etorritako korrikalari taldeak ere harriduraz begiratzen du ingurua. Behobia korrikalari armada batek menderatu du, eta Donostia hartzeko asmotan dabil, herriaren babes osoarekin. Oraingoan behintzat, txipa zapatilei lotua dute etiopiarrek, eta lasai dabiltza ikuskizunari so. Eurak gailendu dira lasterketan, bai emakumezkoetan —errekorra hautsi du Tirhas Gebfre Aunonek (1:08:07)— baita gizonezkoetan ere —Abraha Milaw Asefak irabazi du (1:02:57)—. Etiopiarrek badakite, baina, helmuga lehen zeharkatzen duena ez dela Behobia-Donostia lasterketaren garaile bakarra: 19.673 irabazle iritsi dira Bulebarreko helmugara. Tenperatura altuek sortutako eragozpenen gainetik, kolore anitzetako karabana luzeak Donostiarako bidea egitea lortu du.
Sargoriari aurre egiteko, burua hotz mantentzea eta lasterketa patxadaz hastea gomendatu dute. Erraza da esatea, ordea. Kontrakora bultzatzen baitu irteeran sortzen den giroak. Joseina Etxeberriak jarritako musikaren erritmoan berotu ostean, korrikalari bakoitza dagokion irteera taldetxoarekin batera kokatu da. Uneko nerbioak atzera-kontuarekin batera uxatu dira. Besoak altxatuz irteera aurreko hamar segundoak ozen oihukatu, irteerako seinalearen tiro hotsa entzun, eta konfeti euriarekin busti ondoren Irunera bidean atera dira korrikalariak. Errito berbera jarraitu dute irteera banatu duten talde guztiek, aulki gurpildunetatik hasita azken talderaino.
Beroa eta hego haizea dute bidelagun korrikalariek. Termometroa 20 graduren bueltan ibiliko dela iragarri badute ere, Irun erdiguneko termometroa zantzu txarren adierazle da. 25 gradu markatzen ditu.
Bero saparen lehenengo eragina azkar hasi da nabaritzen. Gaintxurizketan maldan gora hasi orduko, baten batzuek, bazterreratu, eta oinez igotzea erabaki dute. Beste batzuek luzatze ariketak egiteko baliatu dute aldapa. Gustuko aldapan nekerik ez dela esan ohi da. Beroak, ordea, ez du barkatu, eta kostata hartu dute gaina korrikalariek.
Antolakuntzak normalean baino anoa postu gehiago jarri ditu, ezbeharrik gerta ez dadin. Halere, banatutako ur eta laranja zatiez gain, korrikalariek badute sargoriari aurre egiteko beste baliabide bat: lasterketako giro bikaina. Ibilbidearen bi ertzetan bildutako milaka ikusleen berotasunak, eguzkiak eta hego haizeak ekarritako beroak ez bezala, haizea eman die korrikalariei. Lezoko herrian txikiek eskua luzatzen dute korrikalariek bostekoa eman diezaieten. Asko hurbildu dira bazterretara gaztetxoen bostekoarekin bat egiteko, haien esku txikia ukitzearen ordainetan indar bereziren bat jasoko balute bezala.
«Ez dut sekula ikusi izenez animatzen zaituzten lasterketarik», dio korrikalari batek lasterketa amaitu eta anoa poltsa jasotzerakoan, nabarmen hunkiturik lasterketako azken metroak berriki burutu izanagatik. «Hasieran beste bati animatzen ziotela uste nuen, baina gero konturatu naiz dortsaleko izena irakurtzen zutela».
Tamalez, baina, zenbaitetan animo horiek ez dira nahikoa izan. Pasaiako portuan korrikalari bat indarge lurrean gelditu da, konorterik gabe. Ikusleak, glukosa poltsa ireki, eta pasta likatsua ahoan behera barneratzen saiatu dira, anbulantzia eske sakelakoahartu duten bitartean.
Erruz lan egin dute DYA eta Gurutze Gorriko kideek. Orotara, 370 lasterkari artatu behar izan dituzte. Horietatik 40 ospitaleetara eraman dituzte, eta hiruk larri jarraitzen dute zaintza berezien gunean, nekeak eragindako arazo neurologikoen ondorioz.
Azken kilometroen indarra
Ibilbide osoan zehar jaso dute korrikalariek bildutakoen babesa, baina Pasaiako azken kilometroetatik aurrerako uneak dira hunkigarrienak. Bost kilometroren faltan, errepide ertzean jarritako bozgorailuetatik ateratako musikarekin kirolarien animoak altxatu dituzte ikusleek. Mikrofonoa eskutan, azken txanpa besterik ez dela falta iragarri du ikusleetako batek.
Donostiara iritsi ahala emozioek bahitzen dute korrikalaria, eta oilo ipurdia ezin kenduko du helmuga zeharkatu arte. Ezker-eskuin, gerturatutakoen oihu eta txalo zaparradak jasotzen ditu. Mirakruzgo aldapatik gora animoak ematen dituen ikusle emariak korrikazalea eliteko kirolari baten mailara goratzen du. Tourreko etapa mitikoenean txirrindulariek jasotzen duten bultzadaren tamaina ulertzera irits daiteke Behobia-Donostiako parte hartzailea. Jendetzak osatutako korridorea igaroz egiten ditu korrikalariak azken ahaleginak.
Helmuga aurreko azken metroetan, norberak bere erara ospatzen du Donostiara ailegatu izana. Besoak altxatzen dituzte batzuek; oihu egiten dute besteek, eta badaude malkoei ezin eutsi iristen direnak ere.
Zorroa hartu, eta adiskideei itxaroteko toki egokia da Gipuzkoa plaza. Lasterketaren nondik norakoak azaltzen dizkiete elkarri korrikalariek.
Lleidatik (Katalunia) etorritako laukote batek lehenengo aldia du Behobia-Donostian. Ulergaitza egiten zaie oraindik bizitakoa, bildutako jende andanak sortutako giroa. «Asteburu paregabea igaro dugu. Atzo [larunbatean] fin jarri ginen ardotxo eta txuletekin, eta gaurkoak hitzik ez du. Hurrengo urtean ez dugu hutsik egingo».
Ezarian. Behobia- Donostia lasterketa
Beroaren gainetik, jai giroa
Tenperatura altuak eta sargoria izan dira Behobiatik ateratako 19.877 korrikalarien arerioak; 40 lagun eraman dituzte ospitaleraAurreikuspenak bete, eta Tirhas Gebfre eta Abraha Milaw etiopiarrak gailendu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu