Berriztagarrien aldeko apustua egiteko garaia da, Verderen ustetan

Obamaren aholkulari Juan Verdek iraunkortasuna izan du hizpide Gasteizen emandako hitzaldian

Juan Verde, atzo Gasteizen, APTEren biltzarra hasi aurretik. RAUL BOGAJO/ ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Greziarrek denbora izendatzeko bi era zituzten: kronos eta kairos. Batak denbora lineala adierazten zuen; besteak, ostera, zerbait garrantzitsua jazo den une horri buruz hitz egiten zuen. AEBetako lehendakari Barack Obamaren laguntzaile Juan Verderen arabera, «kairos momentu bat» da egungoa. Gasteizen egin ditu Verdek adierazpen horiek, Espainiako parke teknologikoen elkartearen X. Nazioarteko Biltzarrean, inaugurazio hitzaldian. Aurretik, txalaparta doinuekin agurra egin diete dantzariek bertaratuei, eta ongietorri ekitaldia ere bai.

Ostegunean hasi eta gaur arte, zientzia eta teknologia parkeen ereduari buruz eztabaidatzen aritu dira biltzarrean. Iraunkortasuna marka legez saltzen ari den garaiotan, horri ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzea da helburua. Ideia hori defendatu du, hain zuzen, Verdek bere hitzaldian. «Etikoa izateaz gainera, aukera ekonomiko errentagarria ere bada; horri buruz hausnartu beharra dugu». Hori indartzeko, hiru ondorio nagusi azpimarratu ditu Obamaren laguntzaileak. Haren ustetan, lehenik eta behin alboratu egin behar da klima aldaketari buruzko eztabaida: «Klima aldaketa erreala da». Bigarrenik, aldaketa horrek CO2 kopurua jaistea ekarriko du; hirugarrenik, hori lortzeko, berrikuntza eta teknologia garbien garapena «ezinbestekoa» izango da.

Juan Verdek Hillary Clinton, Al Gore eta John Kerry politikari amerikarrentzako lan egin du, eta, egun, Barack Obama berriz hautatzeko kanpainan dabil buru-belarri; bideragarritasunaren, nazioarteko ekonomiaren eta hispanoen bozen arloez arduratzen da. Teldekoa da sortzez Verde (Kanaria uharteak, Espainia), baina gaztetan joan zen AEBetara. Ingelesa ikasteko asmoz joan zen, urtebeterako; ordutik bizi da han.

Krisian ere berrikuntza

Egungo egoerak berrikuntzak egitera gonbidatzen ez duela onartu arren, Verdek iraunkortasunaren aldeko apustua egitera bultzatu ditu entzuleak. «Azken 80 urteetako krisirik larriena da egungoa, eta egoera honetara iritsi bagara, motzean pentsatzeagatik izan da». Ideia hori argudiatzeko, egungo «kairos momentua» historian mugarri izanikobeste une batekin alderatu du: esklabotzaren abolizioa. Hain zuzen ere, 1832. urtea ekarri du gogora: Erresuma Batuko Parlamentuak esklabotza indargabetu edo ez eztabaidatu zuen. Batzuek, suizidio ekonomikoa izango zela esaten zuten; besteek, berriz, jarrera aldaketa bat ekarriko zuela, eta horrela lehiakortasuna eta ekonomia bera bultzatuko zuela. «Azkenean, erabaki egokia hartu zen; Erresuma Batuarentzako erabaki historikoa izan zen, ez etika edo justiziaren ikuspuntutik erabaki zuzena hartu zutelako, herrialdeko ekonomiarentzako erabaki garrantzitsua izan zelako baizik. Hor jaio zen industria iraultza».

Euskal ekonomiari buruzko ezagutza ere baduela ere erakutsi du Verdek. «Egun den iraultza industrial berri honetan, Iberdrola eta Gamesa aitzindariak dira, 80ko hamarkadan bezala; egun, Abengoa enpresa, adibidez, bioerregaien iraultzaren buruan dago». Bide horretan, zientzia eta teknologia parkeen ereduan Euskal Herrikoek izan duten garrantzia azpimarratu du Verdek. Horri lotuta, auto elektrikoei buruz hitz egiten jarraitu du espainiarrak. «Nire alabari azaldu egin beharko diot autoek erregaia behar izan zutela garai batean».

Eraginkortasun energetikoa ere izan du hizpide; horren ostean, kontsumo elektrikoa adibide hartuta, etorkizunean ez ezik orain ere aurreztea dela adierazi du. «Elektrizitatea garestitzen ari den garaiotan, energia fotovoltaikoa, ekologikoki energia iturri bideragarria izateaz gainera, ekonomikoki guztiz errentagarria da».

Gaurko egitaraua

Urte berezia izaten ari da 2012a Gasteizentzat. Europako hiriburu berdea izendatu dutenez, ekitaldi ugari egiten ari dira hilabete hauetan. Nazioarteko zientzia eta teknologia parkeetako ordezkariak bertan daudela aprobetxatuta, antolatzaileek herrialdea erakusteko eta turismoa egiteko baliatu nahi izan dute aukera.

Gaur goizean, Javier Maroto Gasteizko alkateak harrera egingo die gonbidatuei. Horren ostean, Eltziego eta Guardiara joango dira; Eltziegon, upategi batera joango dira, eta gero, Ardoaren Zentroa bisitatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.