sanferminak

Bestak jai izateari ez uzteko

Sanferminei buruz gogoeta egiteko programa prestatu du Iruñeko Udalak, eta folklorea hartu du ardatz; besta eredua bera zalantzan jartzeko beharra nabarmendu dute, ordea, hainbat eragilek, eta mahai gainean jarri dituzte, bertzeak bertze, jaiak Alde Zaharreko biztanleengan duen eragina, matxismoa eta zezenketak.

edurne elizondo
2017ko ekainaren 9a
18:00
Entzun

Hilabete eskas falta da sanferminak hasteko; hilabete eskas suziriak eztanda egin eta hiria itxuraldatzeko. Bederatzi egunez, jendez beteko dira Alde Zaharreko karrikak, San Ferminen izenean; auzoko etxe anitz, ordea, hustu eginen dira; bestak gozatzeko dira egun horiek hiritar eta bisitari askorentzat, baina jaiak hartzen dituen karriketako bizilagun gehienek sanferminak sufritu egiten dituzte gozatu bainoago. “Alde Zaharreko 6.500 biztanleetatik ia 4.000k alde egiten dute; Iruñea, sanferminetan, gentrifikatu egiten da”. Paco Roda gizarte langilearenak dira hitzak, eta duela bi aste Hordago aldizkariak Iruñeko bestei buruz antolatutako mahai inguruan erran zituen.

Gora egin dute sanferminen inguruan gogoeta egiteko beharra mahai gainean jarri duten ahotsek, Iruñean. Hordago aldizkariak bertzelako sanferminak ospatzea posible ote den galdetu nahi izan zien herritarrei, bere ekinaldiaren bidez; udalak ere hainbat hitzaldik, erakusketak eta zinema, musika eta dantza saiok osatutako programa antolatu du datozen asteotarako, bestei buruzko hausnarketa bultzatzeko asmoz.

Sanferminen liburu txuria egiteko konpromisoa hartu zuten udala babesten duten taldeek akordio programatikoan, eta esparru horretan kokatu du Iruñeko Kultura zinegotzi Maider Belokik prestatutako programa hori. Folklorea du ardatz. Zinegotziak onartu du eztabaida pizten duten bertze hamaika gai badirela jorratzeko, baina egindako hautua babestu du: “Programazioa lantzeko mahaian folklorearekin lotutako eragile asko dago, eta bazuten kezka gaiarekin; gainera, Dugunak prestatutako lana bagenuen”. Izan ere, dantza talde horrek egindako Soka izenburuko erakusketa paratu dute Kondestablearen jauregian; bertze hainbat hiri bisitatu ditu jada.

Berandu

Iruñeko Aranzadiko zinegotzi Alberto Labarga entzuleen artean zen Hordago-k antolatutako maiatzaren 27ko mahai inguruan, eta onartu zuen udala ez dela egiteko duena betetzen ari, sanferminen liburu txuriari buruz. “Berandu gabiltza; behar dugu herritarrek mahai inguru honen gisako ekinaldiak antolatzea, udalari duen betebeharra gogorarazteko”, erran zuen. Belokik bat egin du Labargarekin, baina neurri batean bakarrik: “Egia da lan asko dugula egiteko, baina egin ditugu urratsak; sanferminak asko ireki dira azken urteotan”.

Aurtengo sanferminek etorkizunera begirako bidea zehazteko izanen duten garrantzia nabarmendu du Belokik, udal gobernuaren ardura hartu zutenean, 2015ean, urte hartako bestak jada prest zirelako. “Ondorioz, iaz guk prestatutakoekin alderatu ahal izanen ditugu aurtengoak”, erran du Kultura zinegotziak.

Paco Rodak, oraingoz, benetako aldaketarik ez du ikusi, eta zalantzan jarri du udalaren besta eredua aldatzeko borondatea. “Bertze modu batera kudeatzeak ez du berez ekartzen eredua aldatzea”, erran du. Garrantzitsuena da, haren hitzetan, bestei buruzko analisia egitea “turismo masiboaren ekonomia politikaren ikuspuntutik”.

Salatu duen gentrifikazioarekin batera, mahai gainean jarri ditu ostalaritzarekin eta turismo dinamikekin lotutako sektoreak duen lehentasuna, turismo masiboaren izenean justifikatzen den droga eta alkohol kontsumoa eta tauromakia. Erdigunean paratu ditu, halaber, heldu beharreko bertze hamaika auzi: kontrolik gabe alokatzen diren balkoien eta etxebizitzen inguruko negozioa, sanferminetarako kontratatzen dituzten langile anitzen egoera kaskarra, indarkeria matxista eta abar. Datuak eman ditu Rodak, gainera: adibidez, sanferminetan ostalaritzak sortzen dituen 1.500 postuetan kontratuen %75 direla prekarioak, oso eskasak edo ezkutuko ekonomiaren baitakoak; iaz 1,95 milioi euroren aurrekontua izan zutela sanferminek, baina kopuru horri gehitu behar izan zitzaizkiola azpiegiturak eta giza baliabideak ordaintzeko bertze 5 milioi euro; turismoak 45 milioi euro inguru eragiten dituela Iruñean sanferminetan, baina zergen bidez bost bertzerik ez duela jasotzen hiriak bueltan. Bada gehiago errateko: etxerik ez dutenentzako aterpea itxi egin behar izaten dutela bestetan; eta droga menpekotasunagatik tratamendua jasotzen duten 60 pertsona inguruk hiria utzi behar izaten dutela sanferminetan.

Indarkeria matxistaren auzia ez da berria sanferminetan, baina azken urteotan ikusgarriago bilakatu da arazoa; mugimendu feministak urte luzez egindako lana dago horren atzean, bai eta egungo udalak mugimendu horren aldarrikapenekin bat egiteko erakutsi duen borondatea ere. Aurtengo sanferminetarako ere kanpaina antolatzen ari da erakunde hori.

Nahikoa ote den zalantzan jarri dute, halere, Iraultza Feminista taldeko kideek. Gurutzeko plazako institutuan sortu zuten, joan den azaroan. Sanferminetako indarkeria matxistari aurre egiteko brigada feministak osatzeko asmoa bazuten aurten, baina atzeratzea erabaki dute, azkenean, udaletxeko arduradunekin hitz egin eta behar bezala antolatzeko aukera ez zutela ikusita. Proiektua garatzen jarraituko dute, halere, hurrengo urteko bestetan karrikan egoteko. “Gizon zuri eta heterosexualak gozatu egiten du karrikan; bitartean, beldurrak akabatzen egoten gara bertze anitz”, nabarmendu du Iraultza Feministako kide Gloria Montielek.

2000. urtean jaio zen Montiel; 2001ekoak dira, berriz, haren taldekide Malena Cecchetto eta Carla Lopez. Ikastetxeko arduradunekin izandako arazoak jarri dituzte adibide Iraultza Feministaren gisako taldeen beharra nabarmentzeko. Eskolako giroan “misoginiaren lekuko” izan direla argi utzi dute hirurek, baina gauzak aldatzen hasi direla feminismoaren inguruko lana garatzen hasi zirenetik. Eskertu dute, batez ere, feminismoak eman dien formakuntza.

Besten esparrura eraman nahi dituzte ikasitakoak, hain zuzen ere, eta sanferminetan aske izateko eta karrikaz gozatzeko duten eskubidea aldarrikatu dute. “Iaz, itota sentitu nintzen sanferminetan; gizonak dira bestetako protagonista. Izkin batean gelditzen nintzen tabernetan, ez nuelako gizon batek behartuta dantzatu nahi”, erran du Lopezek.

Halako egoerekin etsita dago Cecchetto ere. Amorrua eragin dio aurtengo brigada feministak antolatzeko gai ez izateak. Ez du baztertzen, halere, hainbat auzo edo herritan martxan jartzeko aukera. Iruñeko bertze hainbat talde feministarekin harremanetan dira, eta brigadak antolatzeko interesa badela argi du Iraultza Feministako kideak. “Bestetan, oraindik ere, emakumeak objektu dira”, salatu du. “Zabaltzen den mezua da sanferminetan besta dela garrantzitsuena, eta edozer gauzak balio duela bestaren izenean”, erantsi du Montielek.

Tauromakia, auzitan

Beganoa da Montiel; barazki jaleak, berriz, Lopez eta Cecchetto. Sanferminetan animalien erabilerarekin ere badute kezka. Ez dira bakarrak. Azken egunotan zezenketen aurkako talde berri bat aurkeztu dute Nafarroako hiriburuan: Iruñe Antitaurinoa. Talde horren eskutik, hain zuzen ere, Jose Enrique Zaldibar albaitariak hitzaldia eman du asteon. AVATMA tauromakia eta animalien aurkako tratu txarrak ezeztatzearen aldeko albaitarien elkarteko buru da Zaldibar, bai eta zezenketen eta gisako ikuskizunen aurkako hamaika txostenen egilea ere.

“Egungo jai ereduaren inguruan hausnarketa kolektiboa egin behar da”, erran du Iruñe Antitaurinoa taldeko kide Txaro Buñuelek. Taldean “sentsibilitate ezberdineko” pertsonek bat egin dutela azaldu du, eta hainbat peñatako kideak ere badirela erantsi du. “Batzen gaitu sanferminetako arratsaldeetako krudeltasunari ezetz esan nahi izateak, beste alde batera begiratu nahi ez izateak”, azaldu du.

Bertzelakoa da entzierroen inguruan hartu duten jarrera, ordea: “Ez dugu iritzirik eman nahi entzierroei buruz; ez gaude alde, ezta kontra ere. Uste dugu zezenen kontrako tratu txarra badela entzierroetan, baina ez da zezen plazan gertatzen diren tortura eta hilketa bezain larria”.

Iruñe Antitaurinoa zezenketen aurka egiteko bakarrik sortu da. Sanferminetan badira animaliak erabiltzen dituzten bertzelako ekitaldiak, hala ere, eta horiek ere salatu nahi izan ditu iaz sortutako bertze talde batek, Animalien Askapena Nafarroa izenekoak, alegia. Natalia Clavero kideak zehaztu du, halere, zezenketen aurkako manifestazioa egiteko asmoz erabaki zutela taldea martxan jartzea. Eta eginen dute: uztailaren 1ean. Argi utzi du, ordea, animaliak erabiltzen dituzten zirkuen, entzierroaren edo zaldien salerosketa bultzatzeko egiten duten azokaren kontra ere badirela. “Antiespezistak gara, animalia guztien alde egiten dugu”. Ekitaldi horiek guztiak salatzeko protestak egin ditu Iruñeko Ekintza Antiespezistak, azken urteotan.

Iruñeko Udalak tauromakiaren auziari eusteko garaia dela uste du Claverok. “Izugarria da alkateak ez egitea urratsik Donostian EH BIlduk egindako bidean; alderantziz, frakarekin eta xisterarekin, plazara joaten da”.

Iruñeko Kultura zinegotzi Maider Belokik aitortu du tauromakiaren inguruko eztabaidak gero eta pisu handiagoa duela Iruñean, eta udalak landu beharko duela. Hurrengo urterako agertu du hori egiteko asmoa. Aurten, lehengo lepotik burua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.