«Gorabeheratsua». Hala definitu du Andoni Agirregomezkorta aktore eta aurkezleak (Donostia, 1971) amaitu berri den urtea. 2011n ikuskizun munduaren alderik gozoena eta era berean garratzena larrutik bizi izan du ETB2ko Vaya Semanita saioko aurkezle ohiak. «Urtea oso ongi hasi nuen», azaldu du Agirregomezkortak, «telebista saioan oinarritutako antzezlana eskaintzen aritu ginelako Euskal Herrian, eta sekulako arrakasta izan genuelako». Baina irailerako telebistako fokuak itzali egin zizkioten Agirregomezkortari, ETBko zuzendaritzak proiektutik at utzi zutela iragarri zionean. «Urteko unerik latzena izan zen niretzat», dio, «zazpi urtez jo eta su jardun dut Vaya Semanitan, eta ez da erraza izan ziklo hori amaitu dela asimilatzea». Dena den, Vaya Semanita antzezlanarekin aurrera jarraitzeko aukera izan du, eta duela bi aste eskaini zuten urteko azken emanaldia, Basaurin.
«Beste filosofia batekin bizitzen ikasten nabil orain», azaldu du Agirregomezkortak, «eta hala jarraitzeko asmoz nabil datozen hilabeteei begira». Egokitzapen prozesu horretan murgilduta egoteak ez du esan nahi geldi egoteko asmoz dagoenik, eta datozen hilabeteetan lan egiteko aukera berriak aztertu nahi dituela iragarri du. «Berri txarren aurrean geure barnera begiratu behar dugu», esan du. «Funtsezkoa delako bakoitzak bere balioak defendatzea eta nork bere buruan sinismen osoa izatea».
Andoni Agirregomezkorta. Aktorea
«Beste filosofia batekin bizitzen ikasten nabil»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu