Beste mundu batean barrena

Esoterismo Azoka antolatu dute Donostian hemeretzigarren urtez, eta erakusmahaiak, igarleak eta hizlariak daude, besteak beste, Miramar jauregiko geletan; han izango dira igandera bitarte.

Etorkizuna asmatzeko gaitasuna izango ote dute kartek? Baietz uste dute askok. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Jende ilara luzeak dira egunotan Miramar jauregi aurrean. Berrehun edo hirurehun lagun, jauregia noiz irekiko zain. Kartelek diotenez, Esoterismo Azoka dago ateen beste aldean.

Ateak ireki, eta arrapaladan sartu da jendea. Esoterismo munduarekin zerikusia duen edozer aurki daiteke barruan, eta jendeak denetik eskatu du. Lehen gunean, hogeita hamar postutik gora daude, eta jende artetik gauza mordoa ikusten da bertan: musika, katalogotik kendutako bigarren eskuko liburuak, harriak, mineralak, apaingarriak, harribitxiak, kutunak... Leku askotakoak dira: Tibetetik hasi, eta India eta Peruraino.

Bigarren gela mahaiz beteta dago. Kandelak, kartak, intsentsua eta kutunak ikus daitezke, besteak beste. Mahai bakoitzean, gutxienez pertsona bat dago, baina gehienetan bi edo hiru lagun daude. Alde batean, igarleak daude, eta bestean, laguntza bila edo zalantzak argitzera joandako bezeroak. Baxu hitz egiten dute; gai serioak dira, antza.

Zerbitzu ugari eskaintzen dituzte: eskuak irakurtzea, kartak botatzea... Batzuek oraina argitzen laguntzen dute, bizitzan gidatuz. Beste batzuek, berriz, etorkizuna iragartzen laguntzen dute. Jendea barrura eta kanpora dabil gelditu gabe. Kanpora irribarretsu doaz batzuk; beste batzuk ez horrenbeste. Maite, esaterako, kopetilun atera da gelatik: «Oraina zehaztu eta etorkizunaren berri izateko etorri naiz. Espero nuen baino gauza txarragoak esan dizkit, eta apur bat triste geratu naiz». Irribarretsu doaz, aldiz, Mertxe eta Yoli ahizpak. Bi orduz egon dira nahi zuten igarleak tarte bat izateko zain, «baina merezi izan du». Yolik iaz ezagutu zuen, eta orain, ahizpak arazoak izan dituenean, bertara joatea gomendatu dio; igarleak, bigarrengoz, «dena asmatu du». «Zalantza asko nituen, eta laguntza bila etorri naiz. Ez nuen honetan sinesten, baina egia da. Niri dena asmatu dit». Familiako kontuak asmatu ditu igarleak, antza, Mertxek ezer esan aurretik. «Sartu aurretik eraztuna kendu dut, hark ez jakiteko ezkonduta nagoela, baina asmatu egin du, eta gainera, nire alabaz hitz egin du». Harrituta, baina gustura agurtu dute profesionala.

Ilargi mahai bateko arduraduna da. Badaki eskuak irakurtzen, baina, oro har, kartak botatzen ditu. «Jende gehiena maitasun erlazioen inguruko kezkak argitzera etortzen da», dio.

Beste gune bat ere bada. Kultura gune gisa definitzen dute bertakoek. Hitzaldiak ematen dituzte han. Gai sakonak lantzen dira lau pareten artean: norberaren bakea, espirituaren existentzia eta hilezkortasuna, ziklo kosmikoaren hasiera edo bukaera, besteak beste. «Gela bete egiten da beti», dio Katalina Madaria antolakuntzako kideak.

Arkanoen aulkiak

Aurten, erakusketa bat ere antolatu dute: 22 aulkiko erakusketa bat. Ez dira nolanahikoak, ordea. Antzinako arkanoen aulkiak dira. Francisco Alonso adituak aukeratutakoak dira, eta Lorenzo Olaberrik margotu zituen, XVII. mendeko teknika erabiliz. Jendeak begirune handiz begiratu ditu 22 tronuak.

Igandera arte egongo dira erakusmahaiak, igarleak eta gainerakoak Miramar jauregian. Ordutegia zabala da: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Aretora sartzeko bost euro ordaindu behar da, eta sarrerak egun guztietarako balio du. Hiru produkturen artean aukera daiteke: doako hitzaldi batean parte hartzea, masaje terapeutiko bat hartzea edo igarle bati galdera bat egitea. Igarlearekin egotea35 euro kostatzen da, eta hitzaldiek, berriz, 10 eta 40 euro bitarteko prezioa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.