Beñat Azurmendi. Ikasberri ikastolako zuzendaria

«Bete egiten zaitu etorri den jendeak erantzun egiten duela ikusteak»

Iñaki Lasa Etura.
Azpeitia
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Pozez gainezka dago Beñat Azurmendi Ikasberri ikastolako zuzendaria. Urte osoko lanak fruituak eman dituela ikusteak bete egin du, eta, batez ere, denbora horretan jasotako laguntza guztiak. Bihotzez eskertu du ikastolaren alde jendeak eginiko lana, herritarrak eta Urola Kostako biztanleak proiektuan murgildu direla ikusi baitu.

Zenbat lagun bildu zenituzten Azpeitian?

Jende asko etorri zen. Ez dugu zifra zehatzik jaso, baina 100.000 lagun inguru egon zirela uste dut.

Pozik zaude, beraz.

Oso pozik. Eguraldiarekin, jendeak egindako lanarekin, herriarekin eta antolakuntzako lanarekin... Elkartasun mezua leku guztietatik jaso dugu. Barneko jendeak esan digu oso ondo antolatu genuela guztia, etorritako jendea ere gustura agertu zen garraioekin, ibilbidearekin, muntatzearekin... Alde horretatik, balorazio ona egiten dut, noski.

Nolakoa da egun handiaren ondorena? Lanpetua ala lasaia?

Beste poz batekin ari gara; aurreko hiru egunetako lana edo gaurkoa oso desberdina da. Berandu joan ginen atzo [herenegun] ohera, eta gaur [atzo] goiz jaiki gara. Nekea gorputzean dago, baina barruko poz horrek lanerako gogoa ematen du. Gaur bertan [atzo] ikastolako ikasle guztiak garbiketa brigadetan banatu ditugu. 200 ikasle inguru ditugu herria garbitzen; txikienak ikastola inguruan daude, eta handiagoak herri guztiko txoko bana garbitzen. Herriak eman diguna herriari eman nahi diogu orain.

Erantzun zabala jaso duzue: 1.300 boluntario aritu ziren lanean.

Herriarena ez ezik, Euskal Herri osoaren erantzuna jaso dugu. Horrelako jai bat aurrera ateratzeko, urte osoan 500 lagun inguru hamabi lan batzordetan banatuta eduki ditugu. Kilometroen moduko egun batek jendetza izugarria eskatzen du lanean. Herritar asko izan dira lanean, eta, horrez gain, leku askotako jendea etorri da laguntzera. Auzolana berpizteko helburua geneukan, eta xede hori bete dela uste dugu.

Urte osoan ereindako lanaren fruitua jaso duzue?

Bai. Urte osoko lana izan da. Ahalegin horrek eman digu gure proiektua bai herrian bai eskualdean zabaltzeko aukera.

Aurreikuspenak bete dituzue?

Aurreikuspenak neurtzeko zailak dira. Azken hiru asteak eguraldiari begira eman ditugu, baina eguzkia ateratzen ikusi genuen arte ez ginen guztiz ziur. Horrez gain, zenbait gunetan edaria eguerdirako bukatu zen, eta beste guneetatik eraman behar izan genuen. Ogitartekoak eskatu bezain pronto bero-bero ateratzen genituen. Horrek bete egiten zaitu: lan egitera etorri den jendeak erantzun egiten duela ikusteak.

2000. urtean agertu ez zen eguzkia agertu zen igandean.

Orain, jendeak esango du bero gehiegi egin zuela. Nik, behintzat, nahiago dut beroa euria baino. Eguraldi aparta izan dugu, ezin gara kexatu. Orain 11 urte egundoko euri jasa egin zuen, eta ez dago konparaziorik.

Derbiari aurre egiteko, pantaila erraldoiak jarri zenituzten. Etsaiari aurre egin beharrean, hari batu?

Gauden gizartean gaude, futbolak indar handia du. Nola egin geniezaiokeen aurre horrelako gauza bati? Jendeari ikusteko aukera eskainiz. Gure aldetik, egin beharreko lana egin genuen. Saiatu ginen Realarekin hizketan, eta Realak berak ahalegina egin zuen, partida zapatura pasatzea zaila izango zela jakin arren. Ez dakit Donostian zenbat lagun egongo ziren, baina bizkaitar pila bat zeuden Azpeitian. Akaso Donostiako tabernariak gu baino tristeago daude. Guk jende asko bildu genuen. Betagarriren kontzertuan ateratako argazkiak ikustea besterik ez dago.

Bildutako dirua zertan erabiliko duzue?

Lau helburu markatu genituen aurtengo Kilometroetarako.Alde batetik, auzolana berpiztu egin nahi genuen. Lortu dugula uste dut, eta orain horri jarraipena eman behar diogu. Bestetik, ikastola proiektua zabaldu nahi genuen, eta hori ere lortu dugu. Orain zenbat diru lortu dugun begiratu behar dugu. Orain dela hamasei urte inbertsio handi bat egin zen ikastolan, eta pixkanaka horri buelta ematen ari gara. Badaukagu proiektu berri bat ere, eta abian jarri nahi dugu. Oraingoz barne lana egin dugu, dirua bildu eta profesionalak prestatu. Egun daukagun eraikina hemendik bost edo sei urtera txiki geratuko da gure aurreikuspenen arabera. Luzerako ikuspegiarekin egin dugu iragarpena, eta bildutako diruarekin lagundu nahi dugu proiektu hori.

Andoaingo Aita Larramendi ikastolak hartu du lekukoa. Zer esango zenieke haiei?

Animo. Lan asko egin behar dela, baina bukaeran merezi duela. Horrelako egun batek egundoko mugimendua eskatzen du, baina gero bueltan ikusiko dute jendea etorriko dela, laguntza jasoko dutela. Pazientziarekin hartu behar dute, baina merezi du. Ikastolakook ere merezi dugu, gure seme-alabek ere merezi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.