BEZak estututa

Kasik bi hilabete joan dira hainbat sektoretan BEZa %8tik %21ra igo zela, eta neurriak egoera kaskartu besterik ez duela egin diote igoera ezarri behar izan dutenek. Kultura arloan zein ile apaindegi eta estetika zentroetan edota loradendetan ezkortasuna da nagusi.

Loradendak dira BEZaren igoera nabaritu duten  sektoretako bat; neurriaren ondorioz, leku batzuetan lanorduak gehitzen hasi dira gehiago saldu ahal izateko. IDOIA ZABALETA  / ARGAZKI PRESS.
2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Joan den irailean, BEZa igo zuten Hego Euskal Herriko sektore askotan; arte bizietara, hau da, antzokietara, zuzeneko musika saioetara, zinemetara eta arte galerietara. Baina horietara bakarrik ez da iritsi igoera; adibidez, ile apaindegi, estetika zentro eta loradendei ere igoera bera ezarri zaie: %8tik %21era. Krisi garaiotan, guztiak ere gaizki dabiltza. Askok orduak eta soldatak egokitu behar izan dituzte, lanpostuak galdu ere egin dira. Benetako ondorioak zein izanen diren esateko goizegi dela diote. Dena dela, neurriak mesede gutxi eta kalte gehiegi ekarriko dituela uste dute lanotan ari direnak. Etorkizunari begira, baikorrak izan nahi dute, baina ezin.

Kulturaren sektorea krisian dagoela ez da kontu berria, aspaldian entzuten zenhori. BEZaren 13 puntuko igoerarekin, batez ere kultura atera da galtzen. Kulturaren gaineko euroguneko zergarik garestiena inposatu dio Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herriari. Kulturan dihardutenak, jada krisiak ongi zigortuak, gogor kritikatu dute erabakia. Zinemaren sektorean neurriak ekarriko dituen ondorioak baloratzeko «goizegi» dela dio Josetxo Morenok, Golem zinemetako bazkideak. Zinematokiak dituzte Nafarroan, baita Madrilen eta Burgosen ere (Espainia), eta ehun langile ari dira beharrean. «Zinemaren sektorea berezia da. Ez da ile apaindegiak bezalakoa, non berehala dakizun zer irabazten duzun. Estreinaldien arabera, aste batetik bestera alde handiak daude. Bi hilabetean ezin da zer gertatuko den esan». Dena dela, Moreno ez da baikorra. Aurreko urteak ere ez dira onak izan sektorean. «Iazko urtea txarra izan zen, eta aurtengoa ere bide beretik doa». Ikusleak gutxituz doaz. «Ikusleak galdu ditugu, film hobeak eman ditugun arren. Galera ez da bakarrik BEZaren kontuagatik, krisiak ere badu eragina egoera honetan». BEZaren igoerak ohiko sarrera 60 zentimo gehiago kobratzea ekarri du. Hori ez dela ikuslea uxatzeko modukoa iritzi dio, eta krisiagatik jendeak aisialdirako dirua zertan gastatu asko begiratzen duela. «Sarreran igo diren zentimoengatik ikuslea ez da izutzen. Jendeak ongi begiratzen du, ordea, aisialdian zertan gastatu». Egoera txar horri sektorean dagoen pirateria ere gehitu dio Morenok. «Pirateria izugarria da. Kontrako legeak egon arren, inolako kontrolik gabe gertatzen ari da».

Arte galerien egoera ez da samurragoa. BEZa igo aurretik jada egoera larrian zeuden. «Igoera aurretik ezerezean geunden. %21ko BEZa ezartzea azken ezpata kolpea da», dio Pedro Mujikak, Carreras-Mujika Bilboko arte galeriako jabeak. «Lehendik jada oso gaizki zeuden arloetako bat gara. Neurriak oraindik gehiago estutzen gaitu, azken odol tanta xurgatu arte», dio etsita. Neurriak kaltea besterik ez duela ekarriko esan du. «Neurria ez doa soilik gure aurka, negozioaren egituraren aurkakoa ere bada. Ito eta agortu egiten zaitu, deus egiteko aukerarik gabe. Ez dio inori egiten mesede ». Ondorioa aurki ikusiko dugula ohartarazi du: «Zinemak, arte galeriak eta antzerki konpainiak itxi eginen dira». Krisiak, gainera, galeriara joaten ziren bezeroak desagerrarazi dituela dio. «Bezeroak ez dira existitzen. Artista gazte baten lana erosten zuen bezeroa desagertu egin da. Mirari baten zain zaude, eta zer eta BEZa igotzen digute». Hiru arte azoka garrantzitsutara joatekoak dira hurrengo hilabeteetan: Macora (Mexiko), Sao Paolora (Brasil) eta Arcora (Espainia). Hemezortzi urte daramatzate Arcora joaten, eta aurreikuspenak txarrak dira. «Aurreikuspen beldurgarriak ditugu. Joan den urtea jada zaila izan zen». Aurreko urteetako egitura errepikatuko dute azokan. Hainbat artista euskaldunen lana bultzatzeko helburua dute eta, krisiak krisi, horretan jarraitzeko asmoa dute. «Diru gutxi lortu arren, gure artistek arrakasta lortu dute joan diren toki guztietan». Espainiako Arte eta Babesletza Elkarteak berriki kaleratutako ikerketa baten arabera, galerien salmenten %50 Arcon egiten dira, baina Mujikak dio iaz hori ere ez zela bete. «Aurten ez dut pentsatu nahi zer gertatuko den». BEZaren igoerak sektorearen heriotza dakarrela uste du. «Artearen eta kulturaren sektorearekin urtean bost milioi euro baino ez dituzte bilduko. Horretarako, guztiak hil egin behar al gaituzte? Diru horrek ez du deus esan nahi daukagun zorrarentzat. Beraz, ez hil sektorea». Lau lagun ari dira lanean galerian. Egoera txarra den arren, hurrengo urtean beste bat hartuko dute, oraingo galeria itxi eta gune berri bat irekiko dutelako. Biltegia eta galeria batuko dituzte han. Bukatzeko, datu esanguratsu bat eman du: «BEZa Alemanian %4 eta %7aren artean dago. Beraz, atera kontuak».

Arte biziak, larri

Arte biziei ere ezarri zaie zerga. Adibidez, musikari eta antzerkiari. Iker Arroniz, Gasteizko Jimmy Jazz aretoko arduraduna da, baita Kultura Live musika zuzenean eskaintzen duten Hego Euskal Herriko aretoen elkarteko kidea ere. Neurriak sektoreko enpresari txikien eta sortzaileen egoera larria areagotu du. «Zuzeneko emanaldi gutxiago eskaintzen ditugu, sarreraren prezioaren %35etik gora zergak direlako. Krisiagatik sarreren prezioa ezin denez gehiago igo, eskaera eta eskaintza urritu egin dira», dio. Horri beste ondorio bat gehitu behar zaio: sektorean jada «traketsak» diren lan baldintzak are gehiago okertu izana. Bederatzi lagun ari dira lanean aretoan. «Lan baldintzak hobetu nahian gabiltza beti, baina igoera honekin ezinezkoa da. Berriro atzera goaz».

Bilboko Arriaga antzokiak, bidegurutzean jarri, eta BEZaren igoeraren zati bat bere gain hartzea erabaki du. Ignacio Malaina Arriagako zuzendari kudeatzaileak argitu duenez, «ez genuen nahi sarreren prezioarengatik kontsumoak behera egitea. Funtsezkoa iruditzen zaigu kultura denontzat erakargarria eta eskuragarria izatea, ez izatea luxuzkoa». Irailean ez zuten preziorik igo eta urritik aurrera sarrerak %13 igo beharrean, batez beste %5-6 igo dituzte. «Neurria erabat bidegabea eta okerra da. Kontsumoa gutxitu eginen du eta zerga gehiago biltzea da helburua baina kontrakoa gertatuko da. Beste herrialde batzuetan frogatu da. Herbehereetan, adibidez, atzera egin zuten».

Ekainera arteko programazioa itxita daukate jada, eta sarrerak euro bat edo bi igoko dira. Baina hurrengo denboraldietan aurrekontua doitu egin beharko dute. «Konpainien eskaerak egokitu beharko dira, guztiok egiten ari garen bezala. BEZaren zati bat geure gain hartu dugu, baina guztiok egin beharko dute ahalegina. Oreka bilatu beharko da».

Oraingoz, jende jaitsierarik ez dute nabaritu, eta orain arteko ikuskizunetan aretoak dituen 1.200 eserlekuak saldu egin dira. Benetako «ondorioak» baloratzeko goizegi dela deritzo. Hurrengo urtea zaila izanen dela dio Malainak. Dena dela, argi utzi du antzokian dauden 35 langileen lana ez dagoela kolokan. «Kaleratzeen aukera ez dugu pentsatu ere egin. Lanpostuak egokiak eta beharrezkoak ditugu».

Estetika ere, garestiago

Kulturan ez ezik, BEZaren igoera kalte nabarmena egiten ari da beste sektore batzuetan ere. Ile apaindegi eta estetika zentroei ere ezarri zaie %13ko igoera, eta ez da giro sektore horretan. Angel Romo Nafarroako Ile Apaindegien Elkarteko presidenteak diobalorazioa egiteko goizegi dela. «Ez dugu daturik. Gainera, ez da ona gai horretaz hainbeste hitz egitea, bezeroak izutu egiten ditugulako. Ez dago besterik kalean». Ondorioak zehaztasunez adierazteko «goiz» izan arren, ile apaindegietan igoera nabaritzen dela diote. «Beherakada gertatu da», dio Arantxa Regedasek, Iruñeko Donibane auzoko Ellas ile apaindegiko jabeak. Hogei urte darama lanean eta BEZaren zati bat berak hartu behar izan du. Tarifak %5 igo ditu. «Atea egunero irekitzen jarraitu nahi dut. Zerbitzu batzuk euro bat eta beste batzuk gehiago; ile kizkurtze iraunkorra, adibidez, hiru igo dut».

Bezeroak maizago etorri beharrean, gutxiagotan etortzen hasi dira. «Zerbitzuak luzatuz doaz. Hilabetean behin etortzen zena, orain bi edo hiru hilabetean behin etortzen da».

Yolanda Angianoren egoera ere ez da hobea. 43 urte daramatza ile apaintzale gisa lanean. Duela hogei urte ireki zuen Yovier ile apaindegia, Donibane auzoan hori ere. Berak igoera osoa ezarri du, eta bezero gutxiago etortzen zaizkio. Igoerarekin zerbitzu osoa eskaintzean: garbitu, moztu eta orraztu,bederatzi euro gehiago dira. «Dena garestiagoa da, eta jendea gutxiago dator», dio etsita. Igoera osoa ezarri du, bestela ezin duelako iraun. Alokairua ordaindu behar du, eta bere soldataz gain, berarekin ari den beste ile apaintzailearena ere bai. Negozioaren gainbehera ikusteko datu adierazgarri bat eman du. Lehen, sei lagun ari ziren lanean, eta, orain, bi besterik ez. Baikorra izateko arrazoirik ez duen arren, borrokan jarraitzeko asmoa du. «Beldur handia dago. Ez dakigu zer gertatuko zaigun, eta galduta gaude krisi honetan».

Espe Saldiasek estetika zentro bat du auzo berean. Hamazazpi urte daramatza negozioan, eta ez du igoerarik ezarri. «Krisiak dena kaskartu du. Zerbitzuko tarifak igo beharrean,nire soldata jaistea erabaki dut. Gutxiago irabazten dut, baina bezero finkoak mantentzen ditut». Etorkizunaz nahigo du ez pentsatu. «Etortzen dena onartu beharko dut. Ez dut zorrik, eta bizitzeko badut, baina bidaiez edo jantzi berriak erosteaz ahaztu beharko dut».

Loradendetan ere ez da giro. Horiei ere igoera bera ezarri zaie eta askok itxi egin beharko dute, edo langileak kaleratu. Ines Nuñez Kamelia loradendako jabea haserre dago erabakiarekin. «Bat-batean, gure lana gelditu egin dute». Berak Iruñeko Iratxe beilatokiaren ondoan du loradenda. Horrek bezero finkoak eta noizbehinkakoak izateko aukera eskaini dio. «Krisiarekin jendea ez dago txorakerietarako, eta lehen arrosa batek bost euro balio bazuen orain sei balio du. Bezeroak lore sorta txikiena eta merkeena eramaten du». Lau lagun daude loradendan, baina inork ez du lanaldi osoa lan egiten. «Azken urtean jaitsiera nabarmena izan dugu, eta BEZaren igoera akabera izan da». Egoera honen ondorioz, lanordu gehiago egiten hasi dira. Orduak gehitu behar izan dituzte, eta goizeko bederatzietatik gaueko bederatziak arte daude irekita, larunbatak eta igandeak barne. «Gutxiago ez saltzeko, ordutegia luzatu behar izan dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.