Euskal Herrian bizi diren bi errefuxiatuk eman diote hasiera Donostiako Piraten Aste Nagusiari: Saharako Hassana Aaliak eta Ukrainako Kateryna Kirsanovak. Gora kai herrikoiak! leloa dute aurten Piratek, eta, kaian, "gorotoaren kontrako" mezua zabaldu dute. "Elkartasuna oinarri duten Donostiako Piratek aurten ere ezin zioten bizkarra eman Mediterraneoan milaka pertsona hiltzen dituen dramari", esan dute Piratek. Errefuxiatuei lagundu diezaieketela gogorarazi dute: "Horretarako bizi behar dugu, infernu eta mugak ezabatzeko. Gure ateak irekiak dituzue", esan diete errefuxiatuei. "Ongi etorri, errefuxiatuak".
Aurreko urteetan, 21:00 aldera jaurtitzen zuten suziria Donostiako Piratek, eta, aurten, 18:30era aurreratu dute ordua. Horrenbestez, kanoikada ofiziala baino minutu batzuk lehenago hasi dituzte festak kofradietako gazteek.
Alderdi Ederren, ohiko orduan eman diote su kanoiari. 19:00etan, alegia. 'Allí abajo' telesaileko (Antena3) Euskal Herriko aktoreak izan dira protagonista nagusiak.
EN DIRECTO en #Periscope: kanoikada / Cañonazo #AsteNagusia2016https://t.co/v2a9cQakw6
— Eneko Goia (@enekogoia) 2016(e)ko abuztuak 13
Artillero kantaren erritmoan aritu dira dantzan; haiekin batera, dantzari batzuk Euskal Herriko jantziekin ziren, eta beste batzuk, Andaluziako jantziekin. Han izan da Eneko Goia Donostiako alkatea ere. Oscar Terolek eta Iker Galartzak "ondo pasatzeko" aldarria egin dute, aktore guztien izenean. Metxa pizteaz, bestalde, Luis Mokoroa donostiarra arduratu da. ETBk gaztelaniaz egin du jaien hasieraren emanaldia; Mokoroak, berriz, euskaraz erantzun die kazetariaren galderei.
Datozen zortzi egunetan, askotariko ekitaldiak izango dira Gipuzkoako hiriburuan: kontzertuak, antzerkia, su artifizialak, haurrentzako ekitaldiak, bertsolariak... Herritar bakoitzak aurkitu ahalko du bere gustuko ekitaldia, egitarau ofizialean edota Donostiako Piratek antolatutako egitarauan.