Bi gurpildun ondarea

BH bizikleta zaharren bilduma egiten ari da Patxi Lopez de Munain. Kolore, neurri eta garai desberdinetako hamarnaka bizikletarekin, bigarren erakusketa egingo du Izarran.

Sarria
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Aspalditik ezagutu izan dira BH bizikletak Euskal Herriko etxeetako ezkaratzetan. Lehen ubelduak atera zaizkio bati baino gehiagori pedalei eraginda, eta zenbaitek urrutira iristea lortu du elastiko horia jantzita. Azkenaldian, hiriburuetako garraioen izar ari da bihurtzen bizikleta. Gasteizko Bialsa enpresak, ordea, behin betiko jaitsiko ditu atea eta pertsiana.

1923.urtean Eibarren armak egitetik bizikletak egitera pasatu zirenetik, pedalkada asko eman dira. Ibilbide luze horretan, hasierako maldak gainditzen errazak izan ziren BH bizikleta enpresarentzat. 1959an Gasteizko Uritiasoloko industrialdera egin zuten jauzi. Urte askoan maldan gorako portuak izan zituzten parez parez, eta arrakasta handituz joan zen. Urte oparoenetan 500 langile izan zituen lantegiak, baina maldan behera abiatu eta gaur egun 47 langilerekin erregulazio espedientea dute Bialsan, BH birsortuan. Deslokalizazioak Gasteizko lantegia Txina eta Portugalera eramango du, arrazoi produktibo eta teknikoak direla medio.

Patxi Lopez de Munainek, ordea, izan zena bizirik mantentze aldera, urte asko daramatza modelo horretako bizikletak eta horiei dagozkien piezak biltzen. Material asko aurki daiteke Lopez de Munainen garajean. Bildua duen bizikletarik zaharrena 1904koa da, eta horien artean hamabost bat BHtik gora ditu. Hirurogei urte baino gehiago dituen BH tolesgarria, kalean paseoan ibiltzeko atera zituzten hainbat modelo, koadro bakarrekoak, kanbiodunak eta azken modeloak, nazioartean erabilitakoak, hain zuzen.

Ofizioz tabernaria bada ere, denbora librea duenean bizikleten zaharberritze lanak egitea gustatzen zaio Lopez de Munaini. Egoera txarrean dauden bizikletak, pedalak, kateak, koadroak, heldulekuak, gurpilak, ekartzen dioten eta topatzen duen guztia erabilgarri bihurtzen du mekanikariak. «Gure bizipenen zati garrantzitsua izan dira bizikletak, ezin dira galdu».

Kalean ibiltzen ziren BHak biltzen hasi zen lehenik. Barne harra piztu eta hasierako modeloetatik gaur egungo txapelketetan ibiltzen direnera arteko bizikleta mordoa lortu du, pixkanaka.

Azken asteetan bigarren erakusketa antolatzeko materiala biltzen aritu da. Datorren urteko ekainaren 11n zabalduko du Lopez de Munainek BH bizikletari eskainitako erakusketa, Izarrako Kultur Etxean (Araba).

Erakusketaren helburuetako bat bizikleta ahanzturan erori gabe memorian mantentzea da: «Hirietan gehiago erabiltzen bada ere, oro har, herrietan, autoaz baliatzen gara distantzia txikienetarako ere. Autoa baino lehenagoko altxor baliagarria dugu bizikleta. Garraio izateaz gain, ariketa fisikoa egiteko ere biderik egokienetakoa baita», argitu du Lopez de Munainek.

Etxean piezaren bat duen edonori dei egin nahi dio sarriarrak, «eta herritar guztiak gonbidatzen ditut erakusketara, bizikletaren historiaz gozatu eta BH bizikleta bizirik mantentzeko. Lantegia hemendik kanpo badaramate ere, beti gogoan izango dugu BH gainean hartutako lehen kolpea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.