BIDAIA. DOMINIKA. «Karibea behinola zen bezala»
A: Bai, Dominika Karibean dago. B: Ez, ez da merengearen eta Punta Canako hondartzen eta hotel erraldoien herrialde gaztelera hiztuna, ez da Santo Domingo. Dominika Antilla Txikietan dago eta, eremuz, Zuberoaren antzeko herrialdea da.
A: Bai, Dominika Karibean dago. B: Ez, ez da merengearen eta Punta Canako hondartzen eta hotel erraldoien herrialde gaztelera hiztuna, ez da Santo Domingo. Dominika Antilla Txikietan dago eta, eremuz, Zuberoaren antzeko herrialdea da.
Urtzi Urrutikoetxea
Roseau
Ez da erraza Dominikaraino iristea, inguruko uharteetatik bakarrik baitaude honainoko hegaldiak, eta ez Europa edo Ipar Amerikatik. Horregatik, agian, inork gutxik aurkitu gabeko sekretuarekin topo egin duzun inpresioa daukazu mendien eta oihanaren artetik --baina beti itsasotik hurbil-- lur hartzen duzunean. «Kolon berriz etorriko balitz ezagutuko zukeen uharte bakarra da Dominika», diote turismo bulegoan; izan ere, oihan gehienak azukrea, banana edo espezietarako kendu zituzten Karibean, baina Dominikako geografia zati handia ezer gutxi aldatu da mendeotan.
Aireportutik irtenda, Venezuelako gobernuaren afixa irakurri dut, petrolio-konpainia eraikitzeko asmoz. Dominika ALBAn (Ameriketako Alternatiba Bolibartarra) sartu den Antilla Txikietako lehen herrialdea izan da, St Vincent eta Grenadinak eta Antigua eta Barbudarekin batera, eta oso gobernu aurrerakoia dauka orain bertan. Oihana itsasoraino jaisten da herrialde honetan, enbor fin eta zuhaitz tantaiak eguzki izpiak hartzeko borrokan. Giza paisaia Antilletako ohikoa izan da hasieran: jatorri afrikarreko jendeak, bizimodu lasaia herrixketan, Jamaikako eta Ipar Ameriketako beltzen eragina musikan, calypsotik reggaera eta dancehallera, dena oso antillarra, harik eta Roseau hiriburura doan errepidea hartu barik Atlantikoko kostatik hegoalderantz jarraitu dugun arte. Berehala afrikar aurpegiak desagertu dira, eta azal argiagoko eta asiar itxurako begiak gailendu. Carib Territory edo Karibeen Eskualdean gaude, Kubatik Venezuelarainoko arkuan Antilletako jatorrizko biztanleak geratzen diren azken txokoan. 1902an lortu zuten, britainiar kolonia izanik, indigenentzako lur zati bat, baita autonomia pixka bat ere. Egun, karibe hitza baztertzen ari dira, kolonialismoak ezarritako hitz arrazista delakoan (kanibal hitzaren eratorri ere bada) eta bertako biztanleek kalipuna deitzen diete haien buruei. Gorde dituzten hitz ugarietako bat da, hizkuntza bera duela 90 urte desagertu zen arren Waitukubulin (Dominikaren izen kalipuna).
Ohitura askori eutsi diete, eta Kalinago Barana Aute zentroa ere (www.kalinagobaranaaute.com) bakarrik eta patxadaz ikusi ahal izan dut. «Zortea duzu, bidaldi itsasontziak datozenean jendez gainezka egoten da». Cassava ogia egiteko erak, eta etxeak eta kanoak zelan egiten zituzten azaltzen dute ibilbide atseginean.
Le Tete Chien labazko harkaitz ikusgarria itsasotik irteten den sugea da tradizio kalipunan. Izenak,berriz, uharteko frantses eta kreole ondarea ageri du. Independentziara arte bi mendez britainiarren menpe egon eta haien ohiturak gorde arren, oraintsu arte dominikar gehienen hizkuntza kreolera izan da. Ingelesaren presioak ahuldutako hizkuntza da egun, baina beste Antilla batzuetan baino indartsuago dago, bai gobernutik bultzatzeko ekimenak daudelako, baita ipar eta hegoaldean auzo dituen uharteak Frantziaren menpe daudelako: Martinika eta Guadaluperen artean dago Dominika, eta ekonomikoki nabarmen atzerago egonik, asko dira frantses departamentuetan lanean dihardutenak.
Urpean, eta ur azalean
Hegoaldean adibidez kreolera da oraindik Soufriere herrian. Martinika ikus daiteke itsasoaz beste aldean, eta Dominikak gordetzen dituen sekreturik ezkutuenak ere hurbil daude, Karibea eta Atlantikoa hain justu ere. Urpekaritzarako munduko txokorik bikainenetakoak dira Dominika inguruko urak, koralez eta koloretako arrainez beteak, eta, urte sasoi honetan, beste ikuskizun paregabe at hasten da: neguko hiletan, jibarta baleak iristen dira tropikoko ur epelotara.
Bertako kultura nahasketaz eta naturaz gozatzera etorri ohi dira honaino iristeko ahalegina egiten duten bisitariak. Harea zuriko hondartzarik ezean, aipatu ditugun itsaspeko harribitxiak ditu Dominikako kostaldeak izan ere, baina uhartearen barnealdea ere naturazaleentzako aberastasunez beteta dago. Turismo industriara berandu heltzeak baditu bere onurak: kostaldea hotelez ez betetzeaz gain, ekoturismoa eta ingurumenarekin ez eze bertako biztanleekin harremana ere beste eskala baten izatea ahalbidetzen du.
Hala, uharteko mendirik garaiena Morne Diablotins mendia da, Northern Forest Reserve-an, eta 1.447 metroko tontorrera iristea bezain liluragarria da oihan itxian barneratzea eta, isilik eta adi ibilita, loro inperialaren eta loro lepagorriaren hegaldia mirestea. Antilletan hegaztiok geratzen diren azken txokoetako bat da Dominika iparraldeko erreserba.
Lakua irakiten
Baina Dominikako naturgune garrantzitsu eta ikusgarriena, hegoaldean dagoen Morne Trois Piton parke nazionala da. Unescok munduko ondare izendatu du oihanez, ur-jauziz eta haran sinesgaitzez jositako inguru hau, ez alferrik. Uhartea hain txikia izanik, egun-pasako txangoak egiteko aukera dago, eguerdiko sargorian itsasaldeko eguraldi berotik ihesi, Emerald Pool eta antzeko putzu, ibai eta ur-jauzietan freskatzeko.
Eta iristeko bidea luzea izan arren, Boiling Lake edo Aintzira Irakina arnasa kentzeko lekua da. Izenak berak adierazten duen legez hirurogei metro zabal den aintzirako ura bor-bor irteten da lurrunezko hodei batean, azpiko labak berotuta. Uharteko txango gogorrenetakoa da, sei ordu eta gidaria behar dira, baina merezi du ahaleginak.
Bidean, Valley of Desolation haranean harkaitz bolkanikoa eta paisaia ilargitarra zeharkatu dugu, eta sufrezko ur putzu beroetan bainu hartzeko aukera dago. Oihan tropikala eta sumendien eragina egun, arrastiko dzangada baino lehen.
Bi hiri
Roseau da Dominikako hiriburua, eta, hura bezala, Karibeko kostan dagoen Portsmouth da uharteko beste hiri bakarra. Biek arkitektura kolonial bikaina gorde dute, eta batetik bestera joateko bidean Macoucherie ron destilategia dago. Massacre ibaia ere Roseautik hurbil zeharkatzen da. Jean Rhys dominikar idazle famatuenak ibai horren ertzera eraman zuen Sargazo Itsaso Zabala (euskaraz ere badago) nobelako protagonista. Rhysen beraren etxea hotela da Roseaun gaur egun. Handik porturaino jaisten da kalea, beti bizi-bizi antigoaleko esklabo azokaren bueltan, gaur turismo bulegoa dagoen etxean. Eraikinaren gainean Dominikako museo interesgarria dago, eta jendetzatik ihes egiteko aukera ere bada bidaldi itsasontzi erraldoiak portuan agertzen diren unean. Uhartea goitik behera eraldatzen da egun horietan, eta hasierako nahasmenetik irribarrea ere aterako digu turismo mota horretarako --eta horrek dakartzan dolarretarako-- dominikar guztiak ez, baina ehunka bai, nola prestatzen diren ikusteak, hasi jatetxeetan eta segi taxietan eta bestelako garraioetan.
Bizimoduan erabateko aldaketa hori itsasontzitik bainoago uharte barrutik bizitzea merezi du. Baina egunerokotasuna apurtzen duen ikuskizunik baldin badago, inauteriak dira. Karibeko giro bikain horretan ospatzen dituzte Dominikan, eta otsailean izanda ere, hasita daude honezkero calypso bandak prestaketetan. Beraz, kreole zein anglofono, afroantillar zein indigena herrietan egon, larunbat gauean ohean lotan uzten ez dizuten danborrak entzunez gero, ez haserretu, irten ostatutik eta segi parrandara jendearekin batera.
GIDa PraKTIKoa
Nola iritsi eta mugitu: Ez dago hegaldi zuzenik Dominikara ez Europatik ez Ipar Amerikatik; horregatik, luzea da haraino iristeko bidaia (baina sinetsi, merezi du ahaleginak). Hegazkinez iristeko, Puerto Ricoko San Juan da Karibeko aireportu garrantzitsuena; Bilbo eta Miarriztik posible da haraino iristea Madrilen edo Parisen eskala eginda. Bi hiri horietatik beste aukera bat, Parisen barna Martinika edo Guadalupe frantses uharteetara joatea da, eta, handik, L'Express des Iles ferrya hartzea Dominikara. Uhartean ibiltzeko, hiruzpalau aukera daude: autoa alokatzea, bolantea eskuman eta errepide bihurgunetsuetan ibiltzea maite dutenentzat (edo denboraz estu ibilita beste barik). Bigarrena, autoa gidariarekin alokatzea; garestiagoa da, noski, baina errepidean adi ibili barik gozatuko dugu Dominika; badago Roseaun txangoren batean izena emateko aukera ere, bidaldi itsasontziak etortzen direnean bereziki, bakoitzaren gustuen arabera, «dena egun batean» bizkor-bizkor ikusteko aukera ematen duten horiek (nik neuk lar maite ez ditudan arren); eta, azkenik, denbora badaukagu eta dirua eskas, garraio publikoa oso merkea da eta ia-ia uharteko alde guztietara iristen da, oso bizkor gidatu ohi da gainera, nahiz eta askotan geratu jendea igo edo jaits dadin. Bertakoekin harremanetan jartzeko aukera paregabea da, musika bikaina izan ohi da, ohituta gaudena baino ozenagoa, hori bai. Eta azken aukera, ez uharte osoan baina barnealdeko leku askotan bai, oinez ibiltzea da, parke nazionaletan adibidez, uharte txikiaren abantailak.
Jan, edan, lo: Karibe osoko janari kriolloa da ohikoena, ahuntz-haragia, txerrikia, fruta ugari... kalipuna indigenek eta txinatar gutxiengoak ere badituzte haien jatetxeak. Zukuak oso onak dira, baita rona ere. Lotarako ez dago uharte turistikoetako hotel handirik; bai ordea ostatu txiki asko, 30 dolarretik hasita. Etxe kolonial dotoreetan lo egiteko aukera dago, eta Kariben gutxitan dagoen beste aukera bat ere badago uhartearen mendebaldean: Rosalie Rivers Eco Lodge (www.rosalieforest.com); kanpin eta aterpetxea ditu, baita etxola tradizionalak eta ostatu konbentzionalagoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu