BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA. «Myanmar, beti irribarretsu»

Oilar batek esnatu nau. Non nagoen asmatzea ere kostatu egin zait. Gure lehenengo eguna da Myanmarren. «Inle lakuan jendeak bizimodu isila dauka», horixe esan zigun atzo emakume batek. Eta egia da, oilarrak baino ez dira entzuten.

ANE GABIRIA
2007ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Kalean jendeak irribarretsu agurtu gaitu, txalupa jabeek beraien altxorra erakutsi digute lakua beraiekin deskubritzeko tentatu nahian. Baina biharko utzi dugu irtenalditxo hori.

Gaur, herriko bazter batetik irteten den bidexka bat ikusi, eta hari jarraitu diogu, txirrindulari artean, gurdi artean, ume artean... Paisaia itzela da. Arroz zelaiak daude batean eta bestean. Batzuetan mutil gazteak lanean, besteetan gizon helduak. Denak arroza batzen. Batzuk, oraindik berde dagoena mozten; beste batzuk, ordea, moztuta dagoena makila batzuetan zintzilikatzen. Apur bat aurrerago, etxe azpiko txoko batean, emakumeak. Arroza sikuari astinduak emanez, garaua irten dadin. Eta irribarretsu. Beti irribarretsu.

Berriro argitu digu egunak. Kaira hurbildu gara, txalupa duen norbaitekin tratua egin eta lakua ezagutzera joateko. 22 kilometroko luzera eta 11ko zabalera du Inle lakuak. Bazterretan, baina ur gainean, banbuz egindako herrixkak. Arrantzale herrixkak. Umeak baino ez dira ikusten etxeetan, arreba nagusiak zaindutako ume txikiak. Aita, arrantzan ibiliko da lakuan. Arrauna hanka batez heldu eta kono itxurako sarea eskuan duela. Ama, ordea, baratzean. Ur landareen gainean lurra bota eta bertan hazten dituzten tomateak batzen arituko da hor nonbait. Eta umeak, bitartean, gurasoen zain, haizeak daroan luma bati segika, jolasean.

Ezberdina da Mandalay. Autobide zabaletik sartu gara Mandalayra. Teorian bi erreiko autobidea zena bostekoa bihurtu da zenbait momentutan (eta hori, bizikleta eta motorrak kontuan hartu barik).

Hemen ez dago isiltasunik. Motor eta kotxeetako bozinak dira orain Inle lakuan agurrak zirenak. Irribarre egin ezinean, nolabait, elkarri agur esan nahi izango baliote bezala.

Hemen ez dago txaluparik, ezta lakurik ere. Bi lehoi zuri handi daude Mandalayko muina zaintzen. Zazpiehun eskailera baino gehiago igo behar dira tontorreko Buda ikusteko. Goitik begiratuta, den baino trankilagoa ematen du Mandalayk; isilagoa. Eguzkia sartu orduko hasten da lasaitasuna. Kotxe, motor eta kamioiak desagertuz doaz, baita haien bozina hotsak ere. Etxeetako ate eta leihoak irekita daude orain, iluntzeko haize freskoak etxea zeharka dezan. Kale kantoietan, bereziki eraikitako ur putzuetan, emakumeak ikusi ditugu arropa garbitzen eta umeak dutxa hartzen... Beste batzuk etxe aurrera ateratako banbuzko besaulkian daude, egonean. Erdi lo. Rickshaw gidariak bueltaka, azken bidaiaria lortuko ote duten... Txakurrak zaborretan, sabela betetzeko zerbaiten bila. Eta gauak aurrera jarraitzen du. Eta gero eta isilagoa da Mandalay, gero eta trankilagoa...

10 bat kilometrora dago Amarapura. Herritarrekin batera sartu gara Mandalayko merkatu paretik irteten den Toyota zaharrean. Denak emakumeak. Merkatuan erosketak eginda, etxerako bidean doazenak. Denak irribarrea ahoan, arraroa egiten baitzaie turistak ikustea Toyota zaharretan.

Ordu erdi iraun du bidaiatxoak. Ordu erdian han ginen, errepide ondoko fruta denda baten parean eta dendari gazteak, guk ezer galdetu barik, artez joateko esan digu, merkatutik, aurrerago topatuko dugula U Bein zubia.

Eta han dago, bai. Han daramatza 200 urte baino gehiago, tekaz egindako munduko zubirik luzeenak. Leku lasaia da izatez, behin turistentzat dauden eskulangintza postuak pasatuta. Zazpi bat urteko neskatxo bat hurbildu zaigu, «¿Cómo estás?» esanez, eta gai izan da elkarrizketa gaztelaniaz jarraitzeko. Eskolan irakasten diotela esan digu. Gauza bera esan die bueltan ikusi ditugun frantsesei. Baita italiarrei ere. Bakoitzari bere hizkuntzan.

Eta euria hasi da. Gogoz, gainera. Zuhaitz baten azpian sartu gara gure aterki txikiaren babesean, saltzaile batzuk gutaz gupidatu diren arte. Haien dendan egon gara denbora luzez. Ez genuen elkar ulertzen, baina irribarreak nahikoak izan dira eskerrik asko eta agur esateko. Haiena ere bueltan jaso dugu, ez dago zergatik esateko, agian.

Blai eginda sartu gara Mandalayra bueltan ekarri gaituen Toyota zaharrean. Denek egin digute barre hondatuta geundelako. Haiek ere ez dira gu baino sikuago egon, baina...

Mandalayko hegoaldean dago Ayeyarwady ibaia. Bere bazterrean ehunka txalupa eta ontzi, denak zamaz beteta. Ez dago kairik. Ibai bazterrean geratzen den lokatza da kai bakarra. Eta itsasontzietara igotzeko dauden oholetatik, jendea dabil gora eta behera, batzuk bidaiariei fruta saltzen, beste batzuk etxerako bidean, edo lanerakoan, auskalo!

Mingunerako ontzia hartu dugu guk. Astiro doa, oso astiro. 11 km egiteko, ia ordu bi eman ditugu. Zain ditugu eskulangileak portuan. Eskuak luzatuta, urrunetik ikus ditzagun salgai dituzten txotxongilo eta alkandorak. Uretan, umeak arrantzan eta jolasean ari dira, gizonak bizarra egiten eta emakumeak, lasai, eguneroko bainua hartzen. Denek dute longyia jantzita, gerri bueltan jartzen duten oihal zatia. Hori erabiltzen dute Myanmarren, gonaren eta praken ordez.

Ez dago ikusteko gauza askorik Mingunen. XIX. mendean erregeak agindutako pagoda eta bertarako kanpaia baino ez. Pena, pagoda egiten ari zirela erregeari bihotzekoak eman eta bukatu gabe geratu izana. Munduko pagodarik handiena izango bailitzateke. Gerora, gainera, lurrikara batek erregearen nahia erdibitu nahi izan zuen, baina sortu zion arrakalak erakargarriagoa egiten du tenplua.

Egunarekin batera hartu dugu Baganerako bidea. Zazpi bat ordu ditugu aurretik, Ayeyarwady ibaitik behera. Nahiko arin pasatu dira orduak ordea, turistentzako beren-beregi ipinitako barkuan. Basamortuan galduta dagoenari oasia agertzen zaion bezala agertu zaigu Bagan. Bat-batean. Old Bagan da, Bagan zaharra, begien aurrean daukaguna. Hemen, inor gutxi bizi da gaur egun. Hoteletako langile batzuk baino ez. Bagan Berria eraiki eta bertara bidali zituzten hemengo biztanle guztiak.

Iztupak ikus ditzakegu orain. Aurrealdean iztuparik zaharrena, ezkerrean garaiena, eskuinean politena, eta tartean ehunka iztupa txiki, beste horrenbeste ertain... Sasoi bateko 4.400 iztupetatik 2.700 inguru geratzen dira. Lan makala izan dute gure begiek bakoitzari behar besteko arreta ipini ahal izateko!

Apurka-apurka, eguzkia lokartzen hasi da eta harrizko iztupak kolore ezberdinez tindatu ditu. Haietako batera igo eta bertan eseri gara. Postalak saltzen dituzten umetxoak ere gure atzetik etorri dira. Denak oinutsik. Gu, edozein iztupa zapaldu ahal izateko, zapatak erantsi behar direlako. Haiek, berriz, oinetakorik ere ez dutelako.

Kostatu zaigu haiek lasaitzea, denek nahi baitzuten 10 postaleko sorta erostea. Baina baretu dira azkenean, eta ikuspegiaz gozatu dugu, umetxo saltzaileak ondoan ditugula, formal-formal eserita, beren postalak eskuan hartuta. Eguzkia noiz sartuko zain daude. Edo beste turista batzuk noiz agertuko. Eta Yangonetik etxerako buelta hartu behar dugu. Ez, baina, aldez aurretik Shwedagon Pagodan egon barik. Myanmargo pagodarik handiena da, garrantzitsuena eta maitatuena. Giro polita egoten da egun osoan zehar, ez baita errezatzeko lekua bakarrik, paseatzekoa ere bada, lagunekin hitz egiten egotekoa, baita hasi berria den bikote horren maitasuna babestekoa ere.

Gu ere bertan ibili gara, egonean, pagodan dauden errezoen musikaz disfrutatzen. Eta, horretan geundela, monje bat hurbildu zaigu. Ashin da bera. Gaztelania ikasten ari da eta koadernoan hainbat hizkuntzatan idatziak dituen aditzak nola ahoskatzen diren jakin nahi du. «Conducir, conmocionar, controlar...». A-tik hasita azken hizkira apuntatuak dituen aditz guztiak errepasatu ditugu. Myanmarren duten egoerari buruz ere luze jardun dugu berarekin. Laster jendea kalera irtengo dela kontatu digu. Gasolioaren prezioa asko igo dutela eta ezin dutela gehiago jasan. Manifestazioak egongo ei dira. Baina ezin du lasai hitz egin, ez dago gustura bertan, pagoda zaintzaileak begira baititugu. Badira urte batzuk Gobernuak pagoda bere egin zuenetik, lehen monjeena baitzen. Orain, bertara sartzeko, turistok 5 dolar ordaindu behar dizkiogu gobernu militarrari tenpluaz gozatu nahi dugun bakoitzean. Gaur, berandu egin zaigu eta eguzkia sartuta zegoela etorri gara. Atezainek ez digute ezer esan eta aurrera egin dugu. Baina monjearekin alde egitean, zaindari bat hurbildu zaigu, oso modu txarrean, eta ticketa eskatu digu. Denok dakigu zer gertatu den. Monjeek ez dituzte gobernuko zaindariak atsegin, haiek ere ez monjeak. Eta are gutxiago haiek gurekin hitz egiten ikustea.

Monasterioan bukatu dugu eguna. Argirik gabeko monasterioan. Egurren arteko zirrikituetatik sartzen zen kanpoko argi apurra. Iluntasunak lasaitasuna eman dio monjeari, eta hitz egiten hasi da. Isildu barik. Egunerokotasunaz eta etorkizunaz, Jesu Kristoz eta Budaz, bete daitezkeen eta betegaitzak diren desioez, aginduez eta nahiez... Eta bedeinkua jaso dugu monjearen eskutik. Bart beste monjeren batek Budari errezatu ostean mahaitxo baten gainean utzitako arrosarioa zintzilikatu digu kolkotik. Eta ur bedeinkatua isuri digu burutik behera. Ia malkoak ere erori zaizkigu. Txikitan, bataiatu gintuztenean atera zitzaizkigun bezala. Baina oraingoan emozioak izan du errua.

Eta isiltasuna agertu da berriro. Ez da ezer entzuten. Ezta oilarrik ere. Hemengo monjeek ere bizimodu isila daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.