Giza eboluzioa bukatu den ala ez zientzialariek aspaldian zabalik duten eztabaida da. PNAS aldizkariak kaleratutako ikerketa baten arabera, Darwinek azaldutako hautespen naturala indarrean dago oraindik gizakien artean. Gure espeziea etengabeko eboluzioan dago, hortaz; aurrerapen teknologikoetatik harago.
Gizakia gero eta gehiago biziko dela esaten ari dira etengabe, besteak beste, medikuntzan eta, oro har, giza genetikari buruzko ezagutzan aurrerapauso izugarriak ematen ari direlako. Baina, medikuntzatik harago, gizakia sendoagoa izango ote da etorkizunean, osasuntsuagoa? Aldaketa fisikorik izango ote da? Izaten ari ote da orain? Behin betiko erantzunik gabeko galderak dira.
Zientziak mugaturik dauzka Charles Darwinek (1809-1882) On the Origin of Species obran azaldutako hautespen naturala ikertzeko prozesuak. Arazoa da datu base zabalak falta direla ikerketa sakonak bezain fidagarriak egin ahal izateko, eta, horregatik, zientzialari guztiak ez datoz bat gure artean eboluzioak aurrera jarraitzen duen edo ez erantzuteko orduan. Batzuek uste dute giza eboluzioa aspaldian gelditu zuela gizarteen garapenak. Kontrakoa esaten dutenak ere badira, ordea; PNAS aldizkariak kaleratu berri duen ikerketa baten emaitzak, esaterako, giza eboluzioa indarrean dagoela dio. Hautespen naturala etengabekoa da ikerketa horren arabera.
Sheffieldeko Unibertsitateko eta Berlingo Ikerketa Aurreratuen Institutuak elkarlanean aritu dira Finlandiako eliza luterano baten erregistro liburuak arakatzen. 1760tik 1849ra bitarteko datuak ikertu dituzte, 5.923 pertsonarenak. XVIII. eta XIX. mendeetako Finlandiako biztanle horiekorduko gizarteak ezarritako monogamian bizi izan ziren. Erregistro liburuek xehetasun ugari eman dizkiete ikertzaileei pertsona horien inguruan; helduen arteko bizi itxaropena, parekatzea eta izandako umeen kopurua dira ikertutako aldagaietako hiru.
Elizaren erregistro liburuak
«Atera ditugun ondorioen arabera, aldaketa demografikoek, kulturalek eta teknologikoek azken 10.000 urteetan ez dute geratu hautespen naturalerako eta sexualerako gure espezieak duen berezko gaitasuna». Virpi Lummaa Sheffieldeko Unibertsitateko ikerlariak dioenez, elizaren liburuek jasotako datuak, jaiotzak, heriotzak, ezkontzak eta aberastasunaren inguruko informazioa, «inpartzialak dira, eta gure espeziearen eboluzioa nola gertatzen den ikasteko modua ematen dute». Informazio horri esker jakin dute gizonezkoen artean eboluzio azkarragoa dutela parekatzearen arrakasta areagotzen duten ezaugarriek. Banako gehiagorekin parekatzeak umeak izateko aukera handitzen du maila handiagoan gizonezkoen artean emakumezkoen artean baino. «Ezustea da hautaketa hori berdin gertatzen dela aberatsen eta txiroen artean».
Gizarte modernoekin bat azaldutako aurrerakuntzek «ez dute gelditu espeziearen eboluzioa». Virpi Lummaaren arabera, «frogaturik dago oraintsuko biztanleen artean hautespen handia gertatu dela, eta oso litekeena dela oraindik ere gertatzen ari izatea». Beraz, ikertzailearen ustez, beste espezieekin gertatzen den moduan, hautespen naturalaren zein sexualaren eraginpean dago gizakia.
Ezarian. Zientzia
Bidaia ez da amaitu
Aldaketa demografiko, kultural eta teknologikoek ez dute geratu gizakiaren eboluzioa. Hautespen naturala indarrean dago orain ere, ikerketa baten arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu