Frantziako hegoaldean, erdi-erdian dago Okzitaniako Cahors hiria. Basoz beteriko muinoen artean dago, Erdialdeko Mendigunetik hurbil antzean. Lot ibaiak ureztaturiko hiri txikiak mahastiz jositako lur sailak ditu, eta haiei esker hornitzen ditu inguruko upategiak.
GORKA LOPEZ
Cahors
Cahors Lot departamenduko hiriburua da, eta alderik alde iragaten duen Lot ibaiak zehazten ditu haren mugak. Hiria Lot ibaiari lotu-lotua dago; ibaiaren meandro bati, osorik inguratzen baitu ia hiria, ubidean sartzen den lehorreko beso puska bat izango balitz bezala.
Lot ibaiaren bihurgune urezko horrek hiriari damaion itxura bildu hori ikusi nahi izanez gero, gain batera igo besterik ez dugu. Ondotxo dakite hori, esaterako, Done Jakue bidean dabiltzan ibiltari izukaitzek, Pirinioetatik barna sartu eta Okzitaniako lurretatik iragaten baitira. Hiria inguratzen du GR-65 ibilbideak, hango bi zubietatik zehar, eta ikusmira zoragarriko bi gunetatik jotzen du: Croix Magne itsasmuinoa eta St. Cyr. Mendixka. Erromesen eta turista adigalduen joan-etorrira ohitutakoa izaki, deigarria iruditzen zaigu Cahors hiria, bai patxada lasaia dariolako, bai eta ibilbide historiko luze bati dagozkion aztarna arkeologikoak ageri dituelako. Ez baitira harri huts batzuk, baizik eta bizi luze baten zantzu adierazgarri, edonori ere jakin-mina pizten diotenak.
K.a. lehen mendera garamatza hiriari buruzko lehen aipuak, orduantxe hasi baitziren erromatarrak bizileku gisa erabiltzen cadurciens zeritzenei zegozkien bazter haiek; izen horixe erabiltzen da gaur egun ere Cahorsen sorturikoak izendatzeko.
Dirudienez, Divona esaten zioten iturri ustez sakratu baten ingurua hasi ziren erabiltzen bizileku gisa. Iturriaren karietara, santutegi izaerako hiri bat eraiki zuten, Divona Carducorum izenekoa, eta iturritik erauzi zuten hango termak hornitzeko ura. Fontaine des Chartreux (kartusiarren iturria) baino ez da Divonako ur turrusta, eta oraindik ere haren emana ez da agortu, Lot ibaiaren bazter batean jariatzen baita, Valentre zubia baino ehun bat metro hegoalderago.
Hiri erromatarra hazi egin zen, Lot ibaiaren meandroaren zati handi bat hartzeraino; ospe apur bat ere bereganatu zuen, hiriko ehuleek ehunak ehuntzen ageri zuten trebetasuna zela eta. Hala ere, VI. mende aldera, txiki-txiki eginda geratu zen hiria, barbaro austrasianoek Teodoberto izeneko bat buru zutela egindako erasoaldiaren ondoren.
Horrexegatik, hain zuzen ere, erromatarren aztarna gutxi dago Cahorsen, honako hauek baino ez: Chartreux iturria, hain kutuna; Dianaren arkua, garai bateko termen oroigarri; eta antzoki izandakoaren geldikinak, departamenduko nekazaritza ganberaren etxabean. Txikizio hartaz geroztik, musulmanen menpeko aldi labur bat izan zuten.
CAHORSEN HAZKUNDEA. Gertakari horien ostean, hiria eraikitzen hasi ziren, eta orduan ekin zioten gaurdaino iraun duen prozesu bati, egun dakusagun Cahors hirian goren aldia iristeraino. Lehenik eta behin, garrantzi handiko neurri bat hartu zuten: hirigunea penintsularen ekialdera biltzea, eta harresi sendoz inguratzea. Hala sortu zen Erdi Aroko hiria, St. Didier gotzainari esker, gerora katedral izan behar zuen tenpluaren inguruan eraiki baitzituen etxebizitzak.
Hiria asko hazi zen XIII. menderako, eta, aldi hartan ez ezik, hurrengo ehun urtean ere hazi eta hazi egin zen, harik eta goia jo zuen arte. Hurrena, Lonbardiako bankariak etorri zirelarik ingurumarira, ekonomia gune garrantzitsu bihurtu zen Cahors, eta tratularien sorleku. Nazioartean itzal handia bereganatu zuen Cahorsko tratularien leinuak: caorsins izenekoak; Okzitaniako hizkuntzan hala deritze Cahorsen sorturikoei, hots, erromaterrek cadurciens esaten zietenei.
Horri beste kontu bat erantsi behar zaio, herriko semeetako batek San Petriren tronua hartu baitzuen, aita Joan XXII.ak. Horrek, halaber, azpiegitura inbertsio handiak ekarri zituen: hala nola urateak, zubiak eta ur errotak. Bizi-iturri da ibaia, eta merkataritza iturburu -errepideak baino komunikazio bide seguruagoa eta, gaur egun ere, ontzi txikiz igaro daitekeena-; babes arma gisa ere balio du, iparraldeko gotorlekuarekin batean, Cahors eta lehorra lotzen dituen bitartekoa baita.
Katedral ikaragarri bat eraikiarazi zuten, eta sei mendean iraun zuten haren lanek; aldi berean, etxebizitzak eraikitzen hasi ziren.
Hurrengo mendeetan, Cahorsen hazkunde bizia mantsotuz joan zen. Frantziako Erresumako hegoaldeko gainerako hirietan, adibidez, Pizkundeko (XV-XVI. mendeetako) joera berrietan oinarrituriko obrak egiten ari ziren; Cahorsen, aldiz, esan liteke ez zela estilo haren arrastorik ere sumatu.
Nolanahi ere, bada mugimendu harekin zerikusirik izan dezakeen xehetasun pare bat. Batetik, roses et batôns écotés (arrosa eta makila apurtuak) esaten dioten estilokoak izatea fatxadetako apaingarriak, ateetako tailuak, eta are tximinietakoak; adar moztuak, arrosa irekiak eta eguzki distiratsuak ageri dituzten moldurak dira -katedraleko kaperan aurkitu zituzten lehenbizikoz-. Eta, bestetik, etxebizitzetako leihateak; Pizkunde garaiko Italian baliatu ohi zuten estilo batetik eratorritakoak.
XIX. mendean, erromatarren garaiko eremu jatorrizkora itzuli zen hiria, ordu hartan meandro osoa hartzen baitzuen. Harresiaren garai bateko babes erretena erabili zuten etorbide nagusi gisa, eta hantxe ezarri zituzten eraikinik garrantzitsuenak: antzokia, udaletxea, justizia jauregia edota liburutegia. Hala, bada, hiri modernoa dago Gambetta bulebarraren mendebaldera, eta Erdi Aroko hiria bulebarraren ekialdera.
VALENTRE ZUBIA ETA DEABRUA. Ezbairik gabe, Valentre zubia da Cahorsko obrarik adierazgarriena, eta turismo aldetik erakargarritasun apur bat eransten diona. Site Majeur ohorezko domina emana diote, eta Unescoren Gizateriaren Ondarearen zerrendan sartua dute. Ez da gutxiagorako, munduan ez baita beste zubi gotorturik, hiru dorretzardituenik. Erdi Aroko babes arkitekturaren lagin itzelezko horrek sei arku ditu, batetik bestera bost horma-bular zorrotz ageri dituztenak; zubipetik doa Lot ibaia, eta haren alde bietara dorretzar bana du, eta beste dorre bat zubiaren erdian. Zubia eraikitzeko lanak nahiko korapilatsuak izan ziren, 70 urte behar izan zituzten -XIV. mendean amaitu zuten-; garai hartan sendotu zituzten harresiak, eta haiekin batera egin zuten.
Zubiaren eraikitze lanek eta, batik bat, haiek urteetan luzatu izanak Valentreko deabruaren elezaharrari bide eman zioten. Elezahar horrek dioenez, azpiegituraz arduraturiko arkitektoa bere onetik aterata zebilen, zubia eraikitzeko lanak atzeratzen zituzten arrazoi bata bestearen atzetikoak zirela bitarteko. Beraz, deabruari saldu omen zion arima, lanak txukun-txukun eta hutsik egin gabe burutzearen truke. Baina behin lanak amaitzear zituztelarik, eta zetorkionaz jabeturik, deabruari ziria sartzea erabaki zuen.
Hala, bada, deabrua barregarri utzi nahi izan zuen, handik uxatzeko asmoz; horretarako, beharginentzako ur garraioan jarri zuen, eta bahe bat eman zion -ura isuri egiten zitzaion, noski-. Deabrua laster batean haserretu zen, eta gauero-gauero harri bat kentzen zuen dorretzar nagusiaren gorenetik; igeltseroek goizean konpondutako huraxe, hain zuzen ere. Beraz, obra ez zuten sekula burutzen.
Elezaharrak ez digu argitzen zer gertatu zitzaion arkitektoari, baina uste izatekoa da bete egin behar izango zuela emandako hitza. Idatzita geratu zen, zubia konpontzeko lanetan jardun ziren bitartean -1879an-, Paul Gout izeneko beste arkitekto batek deabru bat zizelkatzeko agindu zuela agertu-desagertu zebilen harriaren ondoan. Ez dakigu ziur zergatik, elezaharraren omenez edo deabrua kontent uzteko asmoz. Kontua da, nolanahi ere, eskultura horrek eta Golum ospetsuak - «nire altxorra» dioenak- izugarrizko antza dutela.
HIRI BIAK. Cahorsen barrena ibilbide bat egin nahi izanez gero, bi alde bereizi behar ditugu: hiri modernoa, batetik, eta Erdi Aroko hiria, bestetik. Hiri modernoak ere toki erakargarri franko du, baina ez besteak bezainbat. Hala, hiriaren iparraldean daude antzinako harresien geldikinak: Pal, Saint Mary eta Morals dorreak eta Saint Michel atea.
Harresietatik erdiguneranzko bidean, Dianaren arku erromatarra aurkituko dugu eta erresistentziaren museoa -nazien aurka egin zuten lan handiari buruzkoa-. Hirigunean bertan, Henri Martin museoa dago, gotzainen jauregi izandakoa; artista haren lanak dituzte ikusgai, eta hiriko nahiz Querci eskualdeko bilduma historiko eta arkeologikoak. Haren alboan, justizia jauregia dago (XIX), eta, hegoalderago, Gambetta ikastetxeko dorrea eta Leon Gambettaren omenezko eskultura daude; haren izen berekoa da etorbide nagusia ere, eta terraza, janari denda eta jatetxez josita dago. Cahorsen sortu zen Gambetta, baina ez zuen denbora handirik eman han; nazioartean, politikari entzutetsua izan zen, XIX. mendearen hein handi batean. Haren erradikaltasuna eta antiklerikalismoa nahikoa bat datoz hiriaren ezaugarriekin, ezkerrekoen gune tradizionala izaki betidanik.
Gambetta bulebarraren bestaldean dago Erdi Aroko hiria; behin han, nora ezean ibiltzea da onena; ordubetean baino gutxiagoan, lasai askorik ibili ahal izango gara geure kasa hango kale estuetan gora eta behera. Zurezko egituradun fatxada artean ibiliko gara. Besteak beste, Daurade izenekoaren aurretik igaroko gara -Cahorsko bizilagunek merkataritza aberaspide zuten garaikoa baita-, eta taberna usaintsuen aurretik -tokiko ardoaren usain sarkorra baitarie-.
Luze gabe topo egingo dugu Dueze jauregiarekin, deitura huraxe zuen eta hangoxea zen Joan XXII.a aita santuarenarekin. Aurrez aurre aurkituko ditugu, halaber, Four Sainte Catherine kaleko dorretxeak eta Pelegy ikastetxeko dorrea-eskailera almenadun eta guztizkoa-. «Zakurren iturria» esaten diotena ere aurki agertuko zaigu, St. James plazan; lau zakurren bustoak dira, ahotik ura zorrotenka darienak. Haren ondoan dago Enrike IV.aren jauregi ederra ere, «arrosa eta makila apurtuak» izeneko estiloaren adierazgarri baita.
Erdi Aroko hiriguneko kale multzo guztiak dira banan-banan zapaltzekoak. Kalezulo horietatik iragazitako argi zirrintak nabarmenduko ditu bateko eta besteko fatxadak eta leihateak, eta zur lodiz egindako eta tailu fin bezain bitxiz apainduriko atetzarrak zeharkatuko. Hala eta guztiz ere, St. Etienne katedralak geldiune berezia eskatzen du.
Katedrala XI. eta XVII. mendeetan eraiki zuten; horregatik, hainbat estilo uztartzen ditu aldi berean, eta eraikinari estetika bereizgarria ematen diote. Gaztelu batena bezalakoa du fatxada nagusia.
Barrualdean, St. Gausbert-en kapera eta hango margolan bikainak dira nabarmentzekoak -XV. mendekoak-; eta baita klaustroa ere, arte gotiko flamigeroko obra handia izaki.
Klaustroa da, sortu zen-zenean, hiriko tokirik lasaiena. Hango patxada lasaian, geldi-geldi, erromesaren bustoa dago, iparraldeko galeriaren ganga batean zizelkatua. Erromesak Cahorstik iragaten ziren garaiaren oroigarri, Orreagatik barrena ibiltzen baitziren Done Jakue bidean.
JAKINGARRIAK
Nola iritsi: Tolosatik (Frantzia) 120 km daude Cahorseraino, bai D-820 errepide nazionaletik, bai eta A-20 autobidetik.Cahorsko turismo bulegoa: Place Francois-Miterrand. Tel.: 0034 (0) 565-53 20 65 eta www.mairie-cahors.fr
Loteko turismo bulegoa: Quai Cavaignac 107 (Cahors). Tel. 0034 (0) 565-35 07 09 eta www.turismo-lot.com.