Bidasoako paisajista

Lesakako Irisarri etxeko ganbaran jarri du erakusketa Juan Karlos Pikabea margolariak. Egiten duen lanaz mintzatzea gogoko du, eta bisitariei lanaren prozesua azaldu ohi die. 11 urte daramatza erakusketak egiten.

Juan Karlos Pikabea, Lesakako Irisarri etxean duen lantokian. J. MANTEROLA / ARP.
Lesaska
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Lesakako Otsango auzoan (Nafarroa) duen Irisarri etxean du lantokia Juan Karlos Pikabeak. Hark erakusten dio bisitariari etxeko ganbaran jarri duen erakusketa, eta begien aurrean duen lanaren prozesua ere azalduko dio, behar den xehetasunekin. Hiztuna da Juan Karlos Pikabea (1964, Lesaka), eta egiten duen lanaz mintzatzea gustuko du. 11 urte daramatza, udaro, egindako lana erakusten. Aurten 40 margo jarri ditu, gehienak oihal gaineko olioak. Pintore autodidakta da. Hainbat gai landu ditu, baina, beti ere, hain begikoak eta ezagunak dituen Bidasoko paisaiak ahaztu gabe. Kolorearen erabilera eta argiaren irudikapena dira bere lanaren oinarri. Kolore beroagoak udazkenean, hotzagoak neguan eta udaberrian. Paisaia bera urtaro ezberdinetan harrapatzeko Pikabeak duen abilezia ikusten da erakusketan. Paisaia barnetik ateratzen da begiratzera, eta gogoeta egitera bultzatzen du ikuslea. Nafarroaren erdialdeko paisaiekin egin du oraingoan lan hori. Ageri dira bere oihaletan inguruko herrietako inauterietako pertsonaiak ere: Lantzeko Miel Otxin eta Ituren eta Zubietako joaldunak. Belardietan jada ikusten ez diren metei ere eskaini die tarte bat artistak, eta Parisera ere egin du jauzi, Frantziako hiriburuko hainbat toki margotuz.

Erakusketa abuztuaren 28ra arte izanen da zabalik, 17:00etatik 21:00etara.

Irisarri etxean duen erakusketa bere lanak izan duen garapenaren erakusle dela dio Pikabeak. «Lanaren teknika menperatzen duzularik gauza berriak eta hobeak egiteko askatasuna lortzen duzu». Askatasun horrek gai berriak eta ezberdinak lantzera eraman du, koadroan edozein paisaia harrapatzera. «Hastapenetan Bidasoa aldeko paisaiak lantzen nituen, baina momentu honetan Nafarroa osoa lantzen dut, Euskal Herriko kostaldea, Donostia, Paris... Edozein gaitan sartzeko trebezia menperatzen joan naiz. Beldurra galdu diet zenbait gairi». Paisajista sentitzen da lesakarra, eta horren lekuko da bere lanaren garapena.

Pikabeak ez du bere lana salduko dion ordezkaririk; horregatik, udako erakusketa artezaleak ezagutzeko eta erosleak izateko beste modu bat ere dela uste du. «Sortzen duzuna saltzeko beste modu eta aukera bat da etxean erakusketa izatea. Bezeroak lortzen joaten zara, eta harremanak egiten. Harreman bat sortzen da, eta maiz, bezeroa lagun izatera iritsi daiteke». Lanaren prozesu guztia kontrolatzea gustatzen zaio artista lesakarrari. Bere lana nork erosten duen jakitea oso garrantzitsua da Pikabearentzat. «Bertze motako lanbidea bihurtzen da. Harreman oso sakonak eta bereziak sortu zaizkit lanbidearengatik. Bezeroak aunitzetan lagunak bihurtu dira. Munduari irekia zaude lan honetan, pertsona oso ezberdinak eta interesgarriak ezagutzen dituzu. Zure proeiktua gauzatzen laguntzen dizuten lagunak batzuetan».

Egunero bederatzi bat ordu aritzen da lanean, eta, igandeetan ere, beharra badu, margotzen du. Gustuko lanean aldaparik ez, eta Pikabeak baditu eskuartean hainbat proiektu. Heldu den azaroan Parisko Salon des Independencesen bost lan jarriko ditu. Hurrengo urtean, berriz, Gasteizko Vital Kutxaren aretoan erakutsiko du bere lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.