Iban Gonzalez. Mendizalea eta 'Esquí libre. De Gavarnie a Benasque' liburuaren egilea

«Bide klasiko eta ezagunetatik kanpoko proposamenak bildu ditut»

ALBERTO URTASUN.
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Aitak hasitako bideari jarraitu, eta hogeitik gora urte daramatza eskiak jantzi eta mendira joaten Iban Gonzalezek (Iruñea, 1975). Urte horietan guztietan ezagutu, igo eta jaitsi dituen Pirinioetako mendi eta malda ezezagunak bildu ditu Esquí libre de Belagoa a Gavarnie eta Esquí libre de Gavarnie a Benasque liburuetan.

Zer bildu duzu liburuetan?

Belagoa eta Benasque artean mendira eskiak jantzita joateko aukeren arteko selekzio bat egin dut, eta nire iritzian interesgarrienak diren irteerak bildu ditut. Haranetako eremu guztiak arakatzea izan da kontua, eta ibilbide klasiko eta ezagunenetako asko kanpoan utzi ditut hain ezagunak ez direnak sartzeko.

Zuk zeuk sortutako irteerak al dira?

Sormena izatea oso zaila da gaur egun. Erreferentzia gehienak lagunen batek esandakotik edo beste nonbait ikusi eta irakurritakoetatik bildu ditut. Pirinioak eremu txikia dira, eta zaila da ezer berririk proposatzea, baina badira irteera bitxiak; liburua prestatzen ari nintzela ezagutu ditudan mendiak badaude. Inguruko beste mendi bat igotzera joan eta eskiekin joateko malda aproposak dituzten beste mendigune batzuk ezagutu ditut. Haien berri ematen saiatu naiz.

Internet aipatu duzula, egun informazio iturri amaiezina da sarea. Mendi eskiko liburu baten hutsunea ikusten al zenuen?

Mendi eskiari buruzko gidak badaude, baina ikuspuntu klasikoa dutela iruditzen zait. Ezagunak diren mendietako proposamenak dira gehienak, eta mendiko eskia aldatzen ari da. Tendentzia berriak sortzen ari dira, eta geroz eta jende gehiago joaten da mendira eskiekin; akaso bazen jaitsiera ezezagunagoak eta bihurriagoak eta zeharkaldiak ezagutarazteko hutsune bat. Hori betetzeko ahalegina dira liburuak.

Zer irizpide erabili duzu ibilbideak aukeratzeko?

Irizpideetako bat proposamen ezezagunak ezagutaraztea izan da, eta beste bat niri gustatzen zaizkidan mendiak aukeratzea; mendi altuak nahiz baxuak baina jaitsiera politak dituztenak dira, bihurriak eta gozatzeko modukoak. Jende gutxi joaten den lekuak dira aukeratutako gehienak.

Pirinioetako zer inguru iruditzen zaizu mendi eskirako aproposena?

Saint Lary ingurua asko gustatzen zait. Mendi asko daude eskiatzeko, eta askotan joaten gara hara. Portalet ingurua eta Benasque aldea ere aproposak dira.

Edozeinentzako moduko proposamenak dira, edo zailtasun handikoak?

Denetariko proposamenak daude, zailak eta errazak. Elur denboraldia luzea izaten denez, mendi eta inguru bakoitzak izaten du bere momentua, elur-jausi arriskuagatik, adibidez, eta aintzat hartu ditut halako elementuak.

Azken urteetan indarra hartzen ari da mendiko eskia. Zergatik dela uste duzu?

Neguan egin daitekeen aukeraketarik onena da, eskiatzen jakinez gero behintzat. Ez da alpinismoa bezain latza eta gogorra, ludikoagoa da. Mendira igotzeko erarik erosoena ere bada, elurretan ez zarelako sartzen eta husten.

Zer aholkatuko zenioke hasi nahi duenari?

Gauzak lasai har ditzala, eta pixkanaka joan dadila urratsez urrats ikasten. Mendi bakoitzak bere garaia eta momentua ditu. Hasieratik sekulako jaitsierak egin nahi izaten ditugu, kontuan hartu gabe elurra zer baldintzatan egon daitekeen. Hori aintzat hartzea ezinbestekoa da. Elurrak zer bilakaera izaten duen jakin behar da; garrantzitsua delako nola mugitu jakiteko eta arriskuak saihesteko. Ez da erraza, eta eskarmentu handia dutenek ere izaten dituzte ezustekoak eta istripuak. Mendira joaten hasi aurretik pistan eskiatzen gutxieneko trebezia eta esperientzia izatea ere behar da, eta ikastaroren batean izena ematea erabaki zentzuduna da, baita esperientzia duen jendearekin joaten hastea ere.

Gertuko mendiak izanagatik, ezezagunak al ditugu Pirinioak?

Neurri batean bai. Hirumilako mendi ezagunenak ezagutzen ditugu, eta 25 edo 30 mendi mendizalez gainezka izaten dira. Baina haietatik kanpo jende gutxi dabil. Dena dela, gauzak aldatzen ari direla iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.