Aste Santuko egunak uda aurreko oporraldi txikia izaten dira askorentzat. Atzerrira joan gabe ere, Euskal Herrian geratzen denak badu Aste Santua bizitzeko hamaika aukera. Inguruko hondartzak eta mendiak jendez betetzearekin batera, herrietako kaleek ere bisitariak jasoko dituzte. Prozesioek Aste Santua ekarriko dute hiri zein herrietara, eta hilabeteetan prestatutako lana jendaurrean erakusteko unea izango da. Gaur eta bihar milaka lagunek parte hartuko dute Euskal Herrian egingo diren antzezpenetan.
1. Amurrio
Bihar antzeztuko dute Amurrion (Araba) Jesusen nekaldia, barau eta bijilia egunean. 08:00etan isiltasunaren prozesioa egingo dute, San Anton ermitatik; 11:00etan, berriz, gurutze bidea ikusi ahalko da, San Jose parrokiatik abiatuta. Arratsaldean ekitaldiekin jarraituko dute, eta 17:00etan zein 18:00etan, Jaunaren nekaldia antzeztuko dute. Egunarekin amaitzeko, Santa Maria elizan bilduko dira Ostiral Santuko deia egin eta gurutzeko iltzeen hitzaldia emateko. 21:00 aldera, Hileta Santuaren prozesioa ikusteko aukera izango du herrira biltzen denak.
2. Guardia
Aste Santuko ospakizunak bihar helduko dira Guardiako kaleetara (Araba). Arratsaldean iltze ateratzea egingo dute. Kristoren Eskolako Anaiak kofradiako lagunek, tunika beltzez jantzita, Kristoren gorpua gurutzetik kendu eta hilobira sartuko dute. Jesu Kristoren pasio eta heriotzari buruzko bertsoak entzun ahal izango dira bihar Guardiako kaleetan.
3. Balmaseda
Euskal Herriko entzutetsuenetako bat da Balmasedako antzezpena (Bizkaia). Gaur, azken afaria antzeztuko dute, 21:30ean; dena den, bihar izango da egun nagusia. 09:30ean Pilatoren epaia egin ondoren, gurutze bidea hasiko dute herriko kaleetatik. Ibilbidearen amaieran, Jesusen gurutziltzatzea ikusi ahalko da pilotalekuan. Arratsaldean lur ematearen eta isiltasunaren prozesioa egingo dituzte, biak San Severino plazatik hasita.
4. Urduña
Kristoren Eskola Santuak XVII. mendetik mantendu duen ohiturari jarraituko diote aurten ere Urduñan (Bizkaia). Andra Mari parrokian zenbait ospakizun egingo dituzte bihar goizean; halere, arratsaldean izango dira ekitaldi garrantzitsuenak. 16:30ean, Pregien elizbira egingo dute, eta 19:00etan Hileta Santua eta Lignum Crucis ibilbidea ikusteko aukera izango da.
5. Hondarribia
Herriko hainbat txokok jasoko dituzte Ostiral Santuko ospakizunak Hondarribian (Gipuzkoa). 09:00etan gurutze bidea hasiko dute, Errandoneatik Guadaluperaino. Parrokiatik irtengo den gurutze bidea, berriz, 10:00etan izango da, euskaraz. 17:00etan, nekaldia antzeztuko dute, toki berean. Kaputxinoetan ere gurutze bidea eta nekaldia ikusi ahalko dira, goizean, baita Mikel Garikoitz-Betharranen ere. San Gabriel egoitzan Jesusen nekaldia egingo dute, 17:00etan.
6. Segura
350 bat herritarrek parte hartzen dute urtero Segurako Aste Santuko prozesioetan (Gipuzkoa). XVII. mendetik datorren ohitura da, eta, aurten ere, Ostegun eta Ostiral Santuan irtengo dira kalera. 18:15ean egingo dituzte prozesioak bi egunetan. Horretaz gain, bihar gurutze bidea egingo dute, 08:00etan, Santa Engrazitik Sorkundetar komentura. Arratsaldean, Jaunaren nekaldia eta gurutzetik jaistea antzeztuko dituzte.
7. Tutera
Nafarroan egiten diren prozesioen artean ezagunenetako bat da Tuterakoa. Larunbat Santuan Judasen urkamendua irudikatuko dute Foruen plazan, 10:00etan. Volantin izeneko panpinari petardo bat jarriko diote ahoan, eta, eztanda egin ondoren, festa hasiko da. Pazko Igandean aingeruaren jaitsiera egingo dute, Foruen plazan, 09:00etatik aurrera.
Bidegurutzerik gabeko bidea
Euskal Herriko zenbait herritan Aste Santuko prozesioak egingo dituzte gaur eta bihar, mendeetako ohiturari eutsizJesus hil aurreko nekaldiaren antzezpena gehien ikusi ahalko den ekitaldia da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu