Bideokopla lehiaketa martxan, mintzalagun taldeentzat

Koplak bideoan aurkeztu beharko dira, eta euskaraz bizitzeko nahiari buruz izan beharko dute

Iazko parte hartzaile eta sarituak, sagardotegi batean egindako bertso afarian. AEK.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Euskalduntzeko metodo gisa. Horrela ulertu dute AEK eta Bertsozale elkarteko ordezkariek bertsogintza. Eta, horregatik, Bideokopla lehiaketa antolatu dute. «Euskara ikasten ari direnak bertsogintzara inguratzea da asmoa, eta horrek mintzapraktikan lagunduko diela uste dugu», esan du Beñat Vidal AEK-ko mintzapraktika egitasmoko koordinatzaileak.

Ikasten ari direnentzat ez ezik, euskaldun zaharrentzat ere tresna aparta izan daiteke bertsoa, bertan hizkuntzarekin jolasten baita. Era horretan, euskaldun zahar eta berriek daukate bertsoarekin zer ikasia. Bideokopla lehiaketan parte hartzeko, ordea, ezinbestekoa da euskaldun zahar eta berriak elkartzen dituzten egitasmoetako taldeetan izatea. Hau da, mintzapraktika egitasmoetan dabiltzan taldeetan ibiltzea.

Vidalek uste du era honetan bertsolaritzarekin harremanetan jartzeko aukera izango dutela euskalduntzen ari diren ikasleak. Eta ez hori bakarrik, kopla bat nola egin eta kantatzen den jakin ahal izango baitute egitasmo honen bidez. Baina alderantzizkoa ere lortu nahi dute. Hau da, euskaraz ikasten ari direnak bertsogintzara hurbiltzeaz gain, bertso mundua ere haiengana inguratzea.

Horretarako, herriz herriko bertso eskoletan laguntza eskatu ahal izango du mintzapraktiketako talde bakoitzak koplak idazteko garaian. Bertso eskola horietan, talde bakoitzak bertsolariren bat izango du laguntzeko zain. «Bertso eskolek herri giroan lan handia egiten dute, eta aukera honekin, beste urrats bat egingo lukete ildo horretan». Egitasmo honen helburuak, beraz, bi direla uste du Vidalek. Bi, eta orokorrak, bertsogintza euskaldun berriei hurbiltzen zaielako eta bertsolariak esparru horretan lan egingo dutelako.

Egitasmoa, ordea, ez da berria, joan den urtean pentsatu baitzuten Bertsozale elkarteak eta AEK-k lehiaketa abiatzea, Korrikaren aitzakian. «Baina denboraz justuago ibili ginen, eta egitasmoa ez genuen nahi adina zabaldu». Aurten, Korrikarik gabe, mintzapraktiketako ikasleek koplaka aritzeko proiektua berreskuratu dute, eta gehiago hedatzen ari dira, gainera. Baina lehiaketak aldaketa bat dauka: bideoa.

«Iazko lehiaketan talderen batek, berak hala erabakita, koplak bideoan grabatuta bidali zizkigun», gogoratu du Vidalek. Lehen lehiaketan ez zegoen baldintza hori, ordea. Baina aukera polita ikusi dute, eta ildo hori jorratzea pentsatu dute. «Gaur egun bideo bat grabatzeko nahi adina baliabide daude. Beraz, aurrera egitea pentsatu genuen».

Bideoan agertu behar dena librea da. Koplak agertzea nahikoa da. «Sketx moduko zerbait, argazki bidezko aurkezpena edo dena delakoa», baina koplek bertan egon beharko dute. Baina zein gairi buruz izan behar dute bertsoek? Euskaraz bizi nahi dut, dugu, duzu, zaitut... jarri dute gaitzat. Alegia, bertsoek euskaraz bizitzeko nahiari erantzun beharko diote. Gutxienez sei kopla idatzi beharko dituzte, eta gehienera hamabi. Bideoak aurkezteko epea martxoaren 25ean amaituko da.

Bertsoak sari gisa

Kopla lehiaketako garaileak saritzeko beste modurik ezin, eta saria bertso afari edo bazkari bat izango da. Baina, bertara joateko, ez da saritua izan beharko, ordea. «Deialdia zabalik egongo da, eta gonbita parte hartzaile eta euskaltzale guztiei zabalduko zaie», Vidalen esanetan.

Lehiaketarekin mintzapraktiketako ikasleak eta bertso eskolak elkartu nahi dituzte. Baina bien arteko harremana ez da amaituko bertsoak idaztean. «Horregatik, lehiaketak irauten duen bitartean, aparteko ekintzak antolatzera gonbidatuko ditugu parte hartzaileak». Besteak beste, bertso eskolekin harremanetan jarriz herriz herriko taberna edo elkarteetan bertso saioak antolatzea da asmoa. «Bertan, gainera, talde bakoitzak bere kopla propioak abesteko aukera ere izango du».

Bigarren urtez antolatu dute kopla lehiaketa, Bertsozale elkarteak eta AEK-k elkarlanean. Baina bien arteko harremana luzerakoa izango dela espero du Vidalek. Oraingoz, bideorik ez dute jaso, epea zabaldu berri delako, baina hainbat informazio eskaera egin dizkiete. «Beraz, parte hartze ona espero dugu aurtengo lehiaketan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.