Atzo, goizeko zortzietarako minutu bat falta zela sartu nintzen tabernara. Kafea eskatu eta telebistara luzatu nuen begirada. Egunkariak gora eta behera, kantuan ari ziren: «Aita San Fermingana gatoz eskatzera...». Hirugarrenez ari omen ziren kantuan. Segituan, suziria, hesiaren irekiera, korrikaldiak, zintzarri soinua, erorketak eta beste, eta, ohartzerako, hiru minutu eta hamar segundoan, kafea tragoan edan eta kalera.
Azkarra, bizia, arriskutsua edo dena delakoa izan omen zen, baina nire ingurukoei funtsik gabea iruditu zitzaien atzokoa ere. Behin hain goiz esnatuta, saltsa pixkat bat gehiago eskertuko lukete. Argi eta garbi esanda, ikuskizun gehiago. Adarkada batzuk, beti ere, kameralariek ongi enfokatuak, lehen planoan, esaterako. Odol apur bat. Behin eta berriz errepikatzeko moduko irudiak. Hau da, esnatu izana justifikatuko duen bizpahiru minutuko ikuskizuna. Hori bai, ikuskizunetik dramarako muga estu hori gaindituko ez duen zerbait behar du izan. Izan ere, ikuskizunak korrikalariren bat hilez gero, dolua eta tristura nagusituko baitira, mundua injustua izateraino.
Ni ez naiz zezenketa zalea. Ezta entzierro zalea ere. Sanferminek sortzen duten giro berezi eta bakar horretan ere ez ditut ulertzen. Badakit haiek kentzea sakrilegiotzat hartuko lukeela jende gehienak. Sakratuak direla. Ezin dela zezenik gabeko sanferminik irudikatu. Eta, hala ere, ez ditut ulertzen. Eta ikuskizuna maite duten telebistako entzierro gatzdun zaleak ere ez. Noski, behin esnatu beharrak dramarik gabeko morboa eskatzera daramatzan horiena kontraesana baita. Besteak beste, telebistaren aurrean egunak eta egunak igaro ondotik erne zaigun kontraesan hipokrita samarra. Muga hautsi gabe, muga laztantzea eskatzen dute. Lasai, beti ere, urratu beharrik gabe.
Ziur bainago, gutako edozein Estafeta kaleko lehen pisu bateko balkoira gonbidatuko bagintuzte, ikuskizuna perspektiba desberdinetik neurtuko genukeela. Emozioek, era askotako emozioek, ikuskizun bilakatuko lukete odolik gabeko entzierroa ere. Telebistak, ordea, urrundu egiten gaitu ikuskizunaren sentipenetatik, eta zerbait gehiago eskaini beharra du gugan zerbait sortzekotan. Eta bihar, akaso, ikuskizuna egongo denez, ez dugu galdu nahi izango. Eta esnatu egingo gara entzierroa telebistaz ikusteko.
Komunikazioa. Ekografiak
Bihar berriz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu