Ez da lehenengo aldia; aurretik lortua zen azaleko zeluletatik abiatuta bihotzeko zelulak egitea, birprogramazioaren prozesuaren ondorioz, baina beti pertsona osasuntsuetan. Oraingoan, ordea, bihotzeko gaixoen azaleko zelulak baliatu dituzte kardiomizito osasuntsuak lortzeko. Zelula horiek, gainera, arratoietan transplantatzea lortu dute.
European Heart Journal aldizkarian prozesuaren berri eman duten Israelgo zientzialariek diotenez, bihotzeko gaixo baten gaitza sendatzeko bidea zabaldu da bere zelulak baliatuta. «Bihotzeko gaixotasun handiarekin dagoen adineko banako baten azaleko zelulak atera eta jaio berria zeneko zelula osasuntsuen parekoak egitea posible dela frogatu dugu», esan du Lior Gepsteinek, Sohnis Research Laboratoryko ikertzaileak.
51 eta 61 urteko bi gizonezkoen azaleko zelulak atera zituzten Haifako ikertzaileek, biak ere bihotzeko gaixotasunarekin; ondoren, kardiomiozitoak bihurtzeko birprogramatu zituzten, eta bihotzaren ehun kaltetuaren lagin batekin lotu zituzten 48 orduko epean. Gero, arratoi osasuntsuen bihotzean txertatu zuten lagina, erretxazorik gabe.
Terapia berrien bila
Gepsteinen ustez, ikerketa alor honetan gertatzen diren bi oztopo nagusiak gaindi ditzake teknika berriak: zelula birprogramatuak bihotzeko giharrean jarri ondoren tumoreak azaltzea eta pazientearen immunitate sistemaren erretxazoa. Pazientearenak izaki, haren immunitate sistemak ez lituzke zelulok arrotzat hartuko, eta ez lieke eraso egingo. Hala ere, oraingoz, bakarrik arratoietan egin dute transplantea; gizakietan ez da gauzatu proba.
Zelula birprogramatuen (IPS zelulak) atea irekitzen ari da, beraz, emeki-emeki, baina oraindik bide luzea dago egiteko. «Oztopo guztiak gaindituz gero ere, bost eta hamar urte arteko epea beharko da saio kliniko guztiak egiteko».
Ezarian. Zientzia
Bihotzeko zelula osasuntsuak lortu dituzte gaixoen azaletik
Bihotzeko gaixoen azaleko zelulak birprogramatu eta kardiomiozitoak lortu dituzte, Israelen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu