Euskal Herriko erdigunean dago Sakana, Arakil ibaia eta Urbasako mendilerroaren artean. Sakanako bihotzean dago Etxarri Aranatz (Nafarroa). Eskualdeko herririk handienetan bigarrena da —lehenengoa Altsasu da—, baina festetan lehena izango da, hangoek eta kanpotik joandakoek herriko kaleak beteko baitituzte. Gaur hasiko dira Etxarriko festak, eta sei egunez ez da aspertzeko betarik egongo. Dantzarako, parrandarako, bihurrikerietarako... denetarako aukera egongo da festetan.
13:00etan botako dute suziria, eta lehertu bezain pronto buruhandiak eta erraldoiak kalera aterako dira. Beraz, suziriak ohartarazi ez baditu, musikak emango die herritarrei jaien hasieraren berri. Gero ,parrandarena izango da herria. Gainera, bi egitarau izango dira, udalarena eta herri programa; beraz, herritar guztien gustuko eskaintza egongo da. Gaur, Herrira eguna da, eta, horregatik, manifestaldia egingo dute 20:00etan, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde. Eguna hurrengo goizean bukatzeko aukera egongo da; Tximeleta taldearekin gaupasa iragarri dute plazan.
Jai giroa ez dago soilik gautxorientzat erreserbatuta; hori dela eta, goizean herri kirol ikuskizuna antolatu dute, plazan. Eta kirola ikusi baino praktikatzea nahiago dutenentzat korrika egiteko aukera egongo da; zezensuzkoa aterako da egunero, 22:00etan. Dantza egin nahi dutenentzat, aldiz, gauerdian izango da aukera, orduan hasiko baita eguneroko dantzaldia. Kulturak ere badu bere tartea: igandean, Fermin Balentziak kantatuko du karpan, eta astelehenean Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Eneko Lazkoz bertsotan ariko dira, plazan.
Parekidetasunaren alde
Parekidetasunaren aldeko kartel propioa landu du Etxarri Aranazko Udalak aurtengo festetarako. Gizonen eta emakumeen arteko eskubide berdintasuna bermatzeko kanpaina egiten du Nafarroako Gobernuko Berdintasun sailak urtero, eta Etxarriko Udalak kartel hori erabili izan du jaietan. Aurten, baina, Emakumeen Batzordeak horma irudiaren edukia eta diseinua kritikatu ditu, eta kartel berri bat aurkeztu.
Berdintasun sailaren afixean gizon bat ageri da, eta buruaren tokian giltza bat dauka, ondoan neska bat ageri da, eta burua eduki beharrean sarraila dauka. «Ezetza beti da ezetz» leloa aipatzen da; beherago, «jaietan eginbeharrak, zaintza eta aisialdia konpartitzen ditugu», esaldia. Behealdean, gizona eta emakumea elkarrekin ageri dira, lisatzeko taula baten gainean elkar laztantzen, eta gizonak giltza sartuta dauka emakumearen sarrailan.
Etxarriko Emakumeen Batzordearen esanetan, kartelean aukeratutako irudiek rol sexistak areagotzen dituzte, eta jarrera estereotipatuak islatzen dituzte. Berdintasun sailari gustuko ez dutela adierazi diote, eta, horregatik, kartel berriak «eredu egokiagoa» islatzen duela adierazi dute. Sakanako gainontzeko herriei Etxarrin egindako horma irudia erabiltzeko gonbita egin diete, eta animatu dituzte Nafarroako Gobernuko Berdintasun sailak egindako kartelarekiko desadostasuna adieraztera.
Bestalde, udalak zenbait berrikuntza aurkeztu ditu aurten. Batetik, ingurumena zaintzeko egitasmo bat martxan jarri du: tabernek eta txosnek edalontzi berrerabilgarriak emango dituzte. Bestetik, barrakak merkeagoak izatea adostu du azokalariekin. Udalak lurra dohainik utziko die, barrakak jar ditzaten, eta, trukean, fitxak aurreko urtean baino merkeagoak izango dira.
Jaiak. Etxarri Aranatz
Bihurrikerietarako festak
Gaur hasiko dira Etxarri Aranazko jaiak Herrira egunarekin, eta ostegunera arte izango da zereginik herrian;
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu