Munduko kale antzerkiko talde handienen artean sartuko da gaur Deabru Beltzak talde bilbotarra. Izan ere, 500. aldiz antzeztuko dute Les tambours de feu (Suaren danborrak) ikuskizuna. Marka hori lortzeko, buru-belarri aritu dira lanean hainbat urtetan. Ikuskizun on bat lortzea, eta hura hainbat tokitan erakustea lortu dute, eta hori «garrantzitsua da», Oscar Castaño Garbitxu taldeko zuzendariaren ustez. Eta ez da gutxiagorako: munduan hamar konpainiak soilik lortu dute marka hori. Horietako bat izatea «izugarria» dela dio.
Gaur iluntzean eegingo dute emanaldi berezi hori, Guggenheim museoaren atzeko aldean, ibaiari begira. Ekitaldia 22:15ean hasiko da, eta ordu erdi iraungo du. Halaber, emankizun berezi horri amaiera berezi bat emango diote, su artifizialen hasierarekin batera amaituko baitute euren lana.
Konpainiako kideak oso pozik daude ikuskizunaren 500. emanaldia Bilbon izango dutelako. «Hauxe da gure hiria, eta Guggenheimeko inguru horretan antzezteko ametsa genuen», azaldu du zuzendariak. Hori dela eta, euren sorterriaren jaiak aprobetxatuz, behar ziren baimenak eskuratu zituzten, eta dena prest duteikusleak liluratzeko. «Guretzat oroitzapen izugarria izango da».
Obraren ideia Zugarramurdiko akelarretik datorrela azaldu du Garbitxuk. «Hainbat urtetan ospatzen genuen festa batetik zatitxo bat hartu genuen,eta hura moldatuta, suaren danborrak espektakulua sortu genuen». Les tambours defeu antzezlanak danborren doinuak eta piroteknia elkartzen ditu.
Urteekin, ikuskizunaren hainbat ezaugarri eraldatu egin dituzte, hala nola musika eta efektuak. Izan ere, «denborak efektu berriagoak lortzeko aukera eman dizkigu». Antzezpen berrirako zerbait berezia prestatu dutela esan du Garbitxuk, baina ez du aurreratu zer izango den: «Nahiago dugu jendea etortzea eta zuzeneko obrarekin gozatzea».
Euskal Herriaren enbaxadore
Mundu osoko 30 bat herrialdetan aritutakoak dira Deabru Beltzak konpainiako aktoreak. Horidela eta, kale antzerkiari dagokionez,munduan zehar Euskal Herriaren enbaxadoreak direla adierazi dute. «Gure inguruangu bakarrik aritzen gara herri- aldez herrialde obrak eskaintzen».
Herrialdeen arabera, harrera bat edo beste izaten dute ikusleen aldetik. Etxean, berriz, Euskal Herrian, jendea oraindik ere harrituta gelditzen dela azaldu du Garbitxuk; «oraindik ez gara oso adituak kale antzerkian».
Frantzian, ordea, gauzak bestela dira. Izugarrizko arrakasta lortu dute han. Hala, haien errepertorioko hainbat obrak frantsesez dute izenburua. Baina Frantzian bakarrik ez, herrialde gehiagotan ere jardun dute. Aurten, esaterako, Kroazian eta Polonian izan dira, besteak beste. Oso esperientzia polita izan dute hor, jendearen berotasuna jaso dutelako «etengabe». Izan ere, zuzendariak esan duenez, «hori behar da ikuskizun batean». Ikuskizuna ikusten dagoen jendea «beroa izatea» ongi dago, «zurekin egoteko». «Aldamenean sortzen digun energia polita da», dio.
Bilboko Aste Nagusia
Bilbo, suaren eta danborren agertokia
'Les tambours de feu' obraren 500. antzezpena egingo du gaur gauean Deabru Beltzak kale antzerkiko konpainiak. Saio berezia izango da, piroteknia eta zuzeneko musikarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu