Alondigan erakusgai egon zen Bilbokoa, nongoa bestela erakusketak arrakasta itzela izan zuen. Kendu zutenetik hilabete igaro da, baina oraindik ere zeresana ematen jarraitzen du. Abendu eta urtarrilaren artean egon zen zabalik erakusketa, eta tarte horretan 38.000 bisitari inguratu ziren 84 panelez osatutako erakusketa ikustera. Arrakasta hori aintzat hartuta, panel horiek Alondegiko erabiltzaileen artean zozkatzea erabaki zuten erakusketaren antolatzaileek. Era horretan, 6.300 tiketa banatu zituzten mediatekan liburua hartu zuten erabiltzaileei, zineman sarrera erosi zutenei, edo Alondegiako txartela erabili zuten guztien artean.
«Panel horiek doan ematea egin zitekeen bilbotarkeririk handiena da», Tomas Ondarra erakusketaren egileak gutun bidez adierazi zuenez. «Nire karreran egin dudan lanik eskertuena izan dela esango nuke». Ondarrak egindako panelen zozketa atzo egin zen, baina egileak ezin izan zuen bertan egon. Edozein modutan, bere erakusketak izan duen harrera ikusita, «begiak bustitzen» zaizkiola adierazi zuen.
Erakusketan, Bilboko hainbat pertsonaia, denda eta ezaugarri bereziekin osatutako panelak ikus zitezkeen, eta horietako bakoitza egitea «oso atsegingarria» izan da egilearentzat. Panel bakoitzeko protagonistekin harremanetan egon ondoren burutu zituen lanak, «euren aldetik ere oso eskertua izan zen nire lana».
Zozketa eta banaketa
84 panelak, ordea, ez ziren Alondegiko erabiltzaileen eskuetara iritsi. Horietatik hamar, paneletako protagonistek jaso dituzte. Hala nola, Ivañez turroi dendako jabea, Gorostiaga kapela dendakoa, El azulito autobusaren jabea, La Otxoa, Arrese gozotegiko ordezkaria, edo Bonik, eurei eskainitako panelak jaso dituzte. Erakusketaren antolatzaileak oso gustura agertu dira ekimenak izan duen erantzunarekin. 6.300 zenbaki banatu baitituzte. Atzoko zozketaren ekitaldian, zenbakiren bat zeukan jendea ere inguratu zen, zorte bila. Denak, ordea, esku hutsik itzuli ziren.
Panelei egokitutako zenbakiak jakin ahal izateko, Alondegiaren webgunean begiratu ahal izango da. Bestetik, panela lortu duen zortedunak, hamabost eguneko epea izango du saria jasotzeko.
Bilboko ikurrak herritarren artean banatu dituzte
'Bilbokoa, nongoa bestela' erakusketak izandako arrakasta ikusita, panelak zozkatu egin dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu