Idoia Ezkurdia. Nekatur-eko arduradun teknikoa

«Bisitari kopurua hazten ari da, baina gau gutxiago pasatzen dute»

Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
90eko hamarkadan lehen landetxea zabaldu zenetik, nekazaritza turismoak goranzko joera sumatu du. Bezeroak hazten ari dira, eta gero eta baserri gehiago bideratzen dituzte ostalaritzara. Nekazaritza turismoak Euskal Herrian onarpen handia izan duen seinale. Baina egoera ez da horren erraza krisi garaiotan, Idoia Ezkurdia Nekaturreko arduradun teknikoaren esanetan.

Nekazaritza turismoak onarpen handia izan du Euskal Herrian. Ohiko gisa ikusten dugu, baina 20 urteko ibilbide laburra dauka...

Bai, turismoari dagokionez, esan genezake oraindik produktu berri bat garela. Baina 20 urte horietan pauso handiak eman dira, arlo askotan: gure baserriko instalazioetan, profesionalizazioan, teknologia berrietan. Baina Euskal Herrian ez ezik, hemendik kanpo ere ezagunak dira euskal nekazaritza turismoa eta landetxeak.

Duela 20 urte zergatik sortu zineten?

1990ean, EAEko baserri asko baserritar gabe geratzen ari zirela ohartu ginen, errentagarritasun txikia zuten. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako nekazaritza sailean esperientzia honen berri izan zuten, eta era horretan sortu ziren lehenbizikoz nekazaritza turismoa. Apurka, hedatuz joan zen nekazaritza turismoko eskaintza, eta, behin kopuru batera iritsita, Nekatur elkartea sortzea erabaki zen, 1992an, jabeen interesak defendatzeko asmoz. Apurka haziz joan ginen, eta 1998an bigarren modalitatea sortu zen: landetxeena.

Esan daiteke, beraz, baserriari beste erabilera bat emateko eta inguruneari ere beste probetxu bat ateratzeko sortu zirela?

Bai, noski. Horretaz gain, baserri asko ondare dira, eta horiek berritzeko eta bere hartan eusteko ere balio izan du. Baina ez hori bakarrik; negozio honen bidez, emakumeak baserriko lanean duen jarduna zein garrantzitsua den erakusten du. Azken finean, baserriko jardueretan gizona agertzen zen beti, eta emakumeak beti ezkutuko lana egiten zuen. Proiektu honekin ikusten da zein den emakumearen lana, eta bezeroek hori eskertzen dute, errealitate baten berri jakiten baitute.

Oraintxe, zein egoeratan dago sektorea?

Egia esateko, nekazaritza turismoko lehen etxea zabaldu zenetik gaur arte datu positibo batekin jarraitzen dugu, krisiak eragin ez diona: bisitari kopuruak urterik urte hazten ari gara. Baina beste sektoreei bezala, gureari ere eragiten dio krisiak. Gure kasuan, bezero gehiago etorri arren, gau gutxiago egiten dituzte. Horri gehitu behar zaio, duela hogei urte baino oparoagoa dela nekazaritza turismoa, eta okupazio datuek behera egin dute. Ikusten ari gara lehen asteburu osoko egonaldiak egiten zirela, eta orain egun batekoa. Horri aurre egiteko, jabeek prezioak jaitsi egin behar izan dituzte deskontuen bidez, bezeroa erakartzeko. Ondorioz, negozioari eusteko nahiarekin, errentabilitate txikiagoa lortzen ari dira.

Bezero kopurua igotzen ari dela aipatu duzu. Batez ere, nongoak dira inguratzen diren bisitariak?

Atzerritar bezeroen kopurua jaisten ari da, baina euskalduna irabazi dugu. Sumatu dugu, lehen urrutira joaten zen pertsona etxetik gertuago geratzen dela orain, eta horrek lagundu egin digu. Atzerritik datozen bezeroen artean, Katalunia, Madril, edo Frantziatik datozenak dira ugarienak.

Etorkizunera begira, zein asmo duzue?

Lau ildo lantzen ari gara bezero gehiago lortze aldera. Batetik, enpresen arloa dago, nekazaritza turismoa bilerak egiteko, edo euren bidaietako egonaldietarako erabil dezaten sustatu nahi dugu. Bestetik, atzerritarren ildoa daukagu. Espainiatik etortzen diren bezeroekin alderatuz, egun gehiagoz etortzen dira beste herrialdetako bisitariak, eta beste data batzuetan, gainera. Beraz, bide hori sendotu nahian ari gara lanean; batez ere, Alemania, Italia eta Frantziako bezeroen bila. Gizarte arloan ere, adineko pertsonekin indartu nahi dugu gure eskaintza: kanpora egiten dituzten bidaiak, gurean ere egin ditzaten sustatu nahian ari gara. Eta azkenik, Euskal Etxeekin ere lanean ari gara. Bere garaian kanpora lanera joandakoen senideei ere zabaldu nahi diegu gure proiektua. Ildo horiek landuz, bezero gehiago lortu nahi ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.