Javier Arcenillas. Argazkilaria

«Bitxia bada ere, kalean lo egiten dutenen barneko bakea agertzen da irudietan»

Indiako hirietako auzo batzuetan, gauez ezin da ibili espaloietan, milaka pertsonak ohe gisa erabiltzen dituztelako, etxerik ez dutelako. Arcenillasek erretratatu ditu, dramatismo merkerik gabe.

Javier Arcenillas argazkilariak Calcuttan harturiko irudiak Elgoibarko kultur etxean daude ikusgai. JAVIER ARCENILLAS.
Edu Lartzanguren.
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Javier Arcenillas (Bilbo, 1973) argazkilaria da, eta Sleepers erakusketa zabalduko du bihar, Elgoibarko kultur etxean. Ekainaren 16a arte egongo da ikusgai, astelehetik larunbatera, 18:30etik 20:30era.

Psikologia ikasi zenuen. Nolatan hasi zinen argazkilari?

Gustuko nuen psikologia, baina banekien ez nintzela horretan arituko. Nik zinema dokumentala maite nuen, baina horrek jende askorekin eta diru askorekin lan egitera behartzen zaitu. Erantzukizun handiegia jende gehiegirekin. Irudia ikasteko prozesuan sortu zitzaidan argazkigintzarako pasioa. Eta hogei urte egin ditut dagoeneko horretan.

Eta beti izan duzu argi gizarte gaiak landuko zenituela?

Munduan bidaiatu ahala ikusi nuen zein gaizki egina eta banatua dagoen. Orduan erabaki nuen pertsonak, elkartasuna eta salaketa izango zirela nire argazkigintzaren muina. Beti izan dut gogoko naturaren argazkiak egitea, baina oso txarra naiz horretan.

Indian kalean lo egiten duen jendearen argazkiak bildu dituzu Sleepers lanean. Nola izan zenuen horien berri?

Hainbatetan izan naiz Indian, eta hasieratik harritu ninduen zenbat pertsonak egiten zuten lo kalean. Jende itsaso batek betetzen ditu gauero Calcuttako kaleetako espaloiak eta errepideak, lotan. Ez da beroarengatik; non lo egin ez dutelako egiten dute lo kalean. Txirotasuna baina loarekin lotuta erretratatu nahi izan nuen.

Ez duzu dramatismo merkea bilatu nahi izan.

Ez dira irudi atsegingarriak. Baina, bitxia bada ere, kalean lo egiten dutenen barne bakea erakusten dute. Salaketaz gain, argazki ariketa interesgarria egiten duzu haiek erretatatzean. Natural agertzen dira, besteak beste gehienetan ez dakitelako argazkia ateratzen ari zarela. Bete egiten nau beraiek ez nautela ikusten jakiteak eta lotan benetan zoriontsu direla sentitzeak.

Horrek ez al dio indarra kentzen txirotasunaren salaketari?

Ez, istorioaren ardatza argia delako: milaka pertsonak kalean egiten du lo, eta hori onartezina da. Landa eremuetatik etorritako pertsonak dira horietako asko. Denda txikiak dituzte batzuek, metro koadro batekoak edo, baina etxerik ez. Gauean, denda itxi eta familia osoak parean egiten du lo: aita-amak, aitona-amonak eta bost seme-alaba, espaloiaren bi metroan. Gauean ezin da ibili espaloietan, beteta daudelako.

Eta normaltzat daukate bizimodu hori?

Badakite bestelako bizimoduak badirela. Gustura hartuko lukete jauregi bat. Baina normal-normal bizi dira. «Penagarria da», esaten diezu, eta «zer egin dezaket?» erantzuten dizute. Ni inozoa naiz. Oraindik sinesten dut gizakiek ahalmena dutela hobetzeko. Saiatzen naiz bidegabekeriaz beteriko errealitateaz bustitzen, ez soilik besteei erakusteko, baizik eta neu ere eraldatzeko. Gizartean kontzientzia piztea oso garrantzitsua litzateke, baina gaur pairatzen ari garen egoerarekin askoz gutxiago axola zaio jendeari bera baino askoz okerrago bizi den jendea badagoela jakitea. Hemen dozenaka pertsonak egiten dute lo kalean, baina beste leku batzuetan milaka dira. Irudiek indarra galdu dute, saturatuta gaudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.