Donostiako Aste Nagusia

Bizikletaren hiribidea

Ezohiko itxurarekin esnatu zen atzo Donostiako Bulebarra: bidea zirkulazioari itxita eta hamaika autobusek eta autok hartuta. Donostiako Klasikoak, giro polita sortzeaz gain, zirrara sortu du txirrindularitza zaleengan.

Bizikletaren hiribidea.
Adrian Garcia.
Donostia
2012ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Urrunetik entzun zitekeen esatariaren hitz-jarioa goizean Donostiako Bulebarra girotzen. Harrituta begiratzen zuten hondartzara bidean zihoazen turistek, ezer ulertu gabe. Berotze ariketak egiten zebiltzan txirrindularien joan-etorriei begira, eguzkia hartzera joan aurretik Bulebarretik zetorren zalapartaren jatorria ikustera joateko zalantza nabari zitzaien aurpegian.

Ezohiko itxura baitzuen, izan ere, atzo goizean Bulebarreko errepideak, hesiturik eta zirkulazioari itxita. Autobus ilara amaigabe batek eta txirrindularitza lasterketako autoek hartu zuten udaletxerantz doan errepidea. Hesiaren beste aldean, zale mordoa ikuskizunari so. Haietako asko, nola ez, laranjaz jantzirik. Askok argazki kamera zeramaten eskuetan, beren txirrindulari kutuna noiz igaroko zain.

Donostiako Klasikoa txirrindularitza probak hartuta esnatu zen atzo Bulebarra. Aste Nagusiaren egitarauko ekitaldiekin nahikoa ez balitz bezala, beste festa mota bat izan zuen atzo Donostiak: txirrindularitzaren festa.

Bezperako parrandako hondarrak garbitu berriak, inguruko terrazek tokia egin behar izan zieten lasterketarako beharrezkoak ziren kamioiei, telebistakoak tartean zirela. Parte Zaharreko tabernak hornitu behar zituzten banatzaileek ere jasan zituzten lasterketaren eragozpenak. Ez ziren bakarrak izan, halere. Bozgorailuetatik ateratako esatariaren animoek kaleko saltzaile eta hiribidean egon ohi diren musikari eta artistak aztoratu baitzituen.

Batzuentzat eragozpena zena, ordea, beste askorentzat festa egun handia zen, pelotoiko punta-puntako txirrindulariak bertatik bertara ikusteko aukera. Hesiaren aurka bermaturik txirrindularitza taldeen prestakizunak horren gertutik ikusteko aukera gutxitan izaten baita. Baten batzuek aldean zituzten orri zuria eta bolaluma, autograforen bat eskatzeko aukeraren zain.

Autograforik lortu ezean, bazen gutxienez lasterketako oroigarri bat etxera eramateko aukera, pelotoiko taldeen maillotak eros baitzitezkeen udaletxe parean jarritako postuan. Bulebarraren amaieran jarritako agertokian esatariak lasterketan parte hartu behar zuten txirrindulariak sutsuki aurkeztu ostean, irteerarako bidea hartu zuten.

Egun-pasa egiteko aitzakia

Maillota soinean eta errepideko bizikleta aldean. Horrela azaldu ziren abiapuntura zale ugari, aitzakia aproposa baitira horrelako kirol probak egun-pasa joateko, batez ere abuztuko opor egunetan.

«Irteera ikusi eta Jaizkibelera joango gara, egun-pasa, txirrindulariak hango igoeran ikusteko». Patxi Eskitxabel Donosti-Berri txirrindularitza eskolako begiralea da, eta harekin batera abiatu ziren txirrindulari gazteak Jaizkibelera. «Ogitarteko batzuk jan eta egun-pasa polita egingo dugu».

Txirrindularitzak Euskal Herrian sortzen duen zirrararen erakusgarri da atzoko ikuskizunean murgildurik zebilen jende mordoa. Zirrara horrekin berarekin agurtu zituzten zaleek txirrindulariak irteeran, txalo zaparrada eta animoen artean. Helmugaratzeko giroa ere ez zen atzean geratu, eta, garailea ez ezik, helmugaratutako txirrindulari oro animatu zituzten zaleek.

Lasterketa amaitutakoan, Aste Nagusian ohikoagoa den itxura hartu zuen Bulebarrak. Terrazak berriro jarri bezain pronto hasi zen jendea aulkietan esertzen. Esatariak uxatutako kaleko saltzaile eta artistek ere berriro hartu zuten euren lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.