Bizipozaren isla magikoa

Cirque du Soleilen 'Alegría' ikuskizuna Bilbon izango da igandera arte. Bilbo Arenan antzeztuko da gaztetasunari, dotoretasunari eta bizitasunari eskainitako oda.

Cirque du Soleil-eko artistak, bart Bilbo Arenan egindako antzezpenean. JON HERNAEZ / ARP.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Hamazazpi herrialdetako 55 artistak zein musikarik giro barrokoa sortu dute Bilbo Arenan, argi ahulez baliatuta. Akrobatak hamabi metroko garaieran kokatutako barretan zorabiatzen duten ariketak egiten dabiltza. Zoruan, berriz, biraka dabilen plataforma baten gainean, oreka galdu gabe egin ezin daitezkeen ariketak egiten dituzte bihurrikariek, euren gorputza era ikusgarrian tolestuz. Bi pertsonak eskuekin heltzen dituzte gehienez hamabost zentimetroko zabalera duten barra malguak, eta haien gainean jauzi sinkronizatuak egiten dituzte. Suzko labanen dantzak eta trapezistak ere ez dira falta.

Cirque du Soleilen Alegría Bilbon da estreinakoz. Igandera arte, Miribillako kiroldegira bilduko direnek gaztetasunaren indarrari, dotoretasunari eta bizitasunari eskainitako saioaz gozatzeko aukera izango dute. Mundu osoan arrakasta lortu du dagoeneko Alegría ikuskizunak: hamar milioi lagunek ikusi dute.

Ordu pare baterako baino ez bada ere, zirkuak helduak haurren mundura eramaten dituela esan ohi da. Alegría ikuskizunaren eszenografiak etxeko txikienak liluratuko ditu, baina saioak jorratzen dituen gaiak adinez nagusikoek ikuskizuna arreta handiz jarraitzeko modukoak dira. Boterea da ekoizpenaren inspirazio iturria, baita horrek historian zehar izandako transmisioa ere. Antzinako monarkien eta demokrazia modernoen arteko bilakaera aztertzen du Alegría-k, eta gizakien zahartzaroarekin zein gaztetasunarekin paralelismoa egiten du.

Pertsonaien sinbolismoa

Testuinguru horretan, ergelen erregea, trobadoreak, eskaleak, aristokrata zaharrak, umeak eta pailazoak dira historiaren garapenak dakartzan gizarte eraldaketen gainetik bizirik irauten duten pertsonaia bakarrak.

Fleur da ikusleak Alegría-ren munduan murgilduko dituen gidaria. Maltzurra eta jeloskorra da; haren jarrera ezin da aurreikusi. Argi makila eramaten du alde batetik bestera, arranditsu. Zahar nostalgikoak Fleurren inguruan dabiltza beti. Aristokrazia zaharra irudikatzen dute: kristalik gabeko ispiluetan begiratzen diote euren buruari; gazteak zireneko botereari eta edertasunari eusten diotela uste duten arren, aspaldi galdu zuten xarma.

Pailazoek, berriz, Alegría-ko gizartearen esatari rola betetzen dute; ikuskizunaren mundu berezian mendeen igarotzearen lekukoak dira. Gizadiaren betikotasun espiritua islatzen dute, batik bat. Ninfak dira gaztetasuna, sentsualitatea eta edertasuna irudikatzen duten izaki alaiak.

Horiek eta beste pertsonaia askok ekarri dute zirkuaren bizipoza Bizkaiko hiriburura. Gaur saio bakarra antzeztuko dute Cirque du Soleileko artistek, 21:30ean. Bihartik igandera, ostera, bi ekitaldi egingo dituzte: 17:30ean eta 21:30ean. Magiaren eta fantasiaren mundua ikusgai da Bilbo Arenan, salto, oreka eta dantza sinesgaitzez beterik, umeen eta helduen gozamenerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.