Ezarian. Zientzia

Bizitza jasa

Bakteria fosilak aurkitu ditu Richard Hoover astrobiologoak hiru meteoritoren barruetanLurretik kanpo bizitza dagoela, eta bizitza kanpotik datorrela ondoriozta daitekeela dio

Inigo Astiz
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Lur planetatik kanpo bada bizitzarik, eta Lur planetako bizitza ez da jatorriz Lur planetakoa. Ez dira hipotesi berriak, baina froga berriak aurkeztu dituzte haiek babesteko. Hamar urte daramatza meteorito eta bizitza arrastoen ehizan Richard Hoover NASAko astrobiologoak, eta azkenean izan du saririk. Bakteria fosilak aurkitu ditu hiru meteoritoren barruetan. Bizitzaren maparen iraultza ekar dezakeen aurkikuntza da, Hooveren azterketaren arabera zerutik eroria bailitzateke bizitza Lurrera. Meteoritoetan. Bizitza jasa moduko bat. The Journal of Cosmology aldizkariak kaleratu du haren ikerketa martxoko zenbakian, baina sinesgogor dira zenbait zientzialari oraindik.

Cyanobacteria moduko baten fosila da zehazki Hooverek meteoritoan aurkitu duena. Eta fosil horiek, Hooverek dioenez, ez dira Lur planetakoak. Ez eta kontaminazioz meteoritora sartutakoak ere. «Horrek erakusten du bizitza ez dagoela Lurrean bakarrik, baizik eta zabalduta dagoela, baita Eguzki sistematik at ere». Areago. «Benetan kitzikagarria eta ohiz kanpokoa dena zera da, ordea. Bakteria askok Lurreko beste espezie batzuenen antza badute ere, badira beste batzuk antzik batere ez dutenak. Ez nik ez eta haiek ikusi dituzten beste aditu batek ere ez du jakin izaki horiek zer izan daitezkeen asmatzen».

Aurkikuntza iraultzailea dela eta, neurri bereziak hartu nahi izan dituzte aldizkariko zuzendariek. Rudy Schid editoreak hitzaurre berezia egin dio Hooveren ikerketari publikazioaren azken alean. «100 aditu gonbidatu ditugu ikerketa lan hau aztertu eta beren analisi kritikoa egitera, eta deialdi irekia helarazi diegu 5.000 zientzialari baino gehiagori. Ez da izan zientziaren historian halako azterketa zorrotza izan duen beste argitalpenik». Argitaratu baino lehen egin dute lan hori. Eta hori da Hooveren ikerketari aurkezten dioten bermea.

Denak ez dira aldeko, ordea. Izan ere, Hoover ez da lehena bizitza Lurretik kanpo sortu zela esaten. 1996an ere berdina aldarrikatu zuten NASAko zientzialariek. Mikrobio fosilak aurkitu zituzten orduan ere 4.000 milioi urte zituen meteorito batean. Martetik heldutakoak omen ziren bizitza unitate ñimiño haiek. Hasiera batean, txalotu egin zuten aurkikuntza, eta Washingtongo NASAren bulego nagusietan jarri zuten ikusgai. Orduz geroztik, baina, ez da izan froga sendorik, hasierako aldarrikapen hari eusteko, eta adituen ustez antzekoa izan daiteke Hooveren ikerketaren patua ere.

Kritikoak ere baditu, izan ere. Etxe berekoak, tartean, David Morrison NASAko astrobiologoa, esaterako. «Zientzialari asko aritu da azken 50 urteetan meteoritoak aztertzen, milaka meteorito, eta ez dute bizitza fosilaren inolako aztarnarik aurkitu». Sinesgogor da horregatik. Froga gehiago eskatzen ditu, eta Carl Sagan astronomo eta dibulgatzaile ezagunaren aipu bat baliatzen du eskaria justifikatzeko: «Ohiz kanpoko aldarriek, ohiz kanpoko ebidentziak eskatzen dituzte».

Minimo batzuk aipatzen ditu: «The Journal of Cosmology ez bezalako prestigiozko aldizkari zientifiko serio batean publikatu behar luke artikulua. Txantxa itxura du, izan ere, kontuak: Cyanobacteriak airerik gabeko mundu txiki batean. Akaso, publikazioa behar baino lehenago atera da, eta egokiagoa litzateke apirilaren 1erako». AEBetan inuzente eguna ospatzen duten egunean, hain zuzen ere.

Hoover bezain urrun joan gabe, ordea, beste ikerketa batek ere meteoritoekin lotu du Lurreko bizitzaren jatorria berriki. Hori da Sandra Pizzarello zientzialariaren kasua. Ammonia eta amino azido kopuru handiak aurkitu ditu bere ikerketa taldeak meteorito batean, eta hain zuzen ere ammonia izeneko elementu hori da Lurrean bizitza sor zedin lagundu zuenetariko bat. Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaratu du ikerketa.

Nitrogenoa da giltza. Haren eta beste elementuen arteko nahasketa. Hasiera batean, Lurraren atmosferak Nitrogeno partikulak askatu egiten zituela uste zen, eta, hala, beste elementu batzuekin batzen zirela. Karbonoarekin eta hidrogenoarekin, esaterako. Nahasketa hori litzateke bizitzaren lehen urratsak sortzeko beharrezko oinarria.

Bizitzaren lehen urratsak

Azken ikerketen arabera, ordea, badirudi nitrogeno partikulek beste nitrogeno partikulekin batzeko joera dutela, eta lotura hori oso indartsua dela. Bizitza aurreko Lur hartan, ez zela nahasketarakoa nitrogenoaren berezko joera. Eta, beraz, zaila litzatekeela haiek askatu eta beste elementuekin batzea, bizitzaren oinarria sortzeko.

Bestelako teoriak behar, hortaz, eta haien bila abiatu ziren Pizzarello eta bere taldekoak. Meteoritoetara jo zuten. Haien hautsa hartu eta urarekin eta tenperatura beroekin konbinatuta zer eman zezakeen ikusi dute. Hydrocarbono kateak eta nitrogenoan aberats diren ammonia kopurua handiak aurkitu dituzte. Nitrogeno hori, baina, ez omen da Lurrekoaren berdin-berdina. Isotopo ezberdina omen dute. Zientzialari horien ustez, litekeena da bizitza sortzeko bidean lehen pausoa espaziotik eman izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.