Gorka Gereño. Donostiako elkarte makrobiotikoko sukaldaria

«Bizitza luzea edukitzeko giltza da makrobiotika»

Badaki zaila dela makrobiotika Euskal Herrian sustatzea, baina Donostiako Intxaurrondo auzoan duen jatetxera gero eta jende gehiago etortzen dela dio.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Makrobiotika ezezaguna da oraindik Euskal Herrian. Gizarteak jatea maite du, eta ez zaio behar adina garrantzia ematen jaten dena orekatua dagoen edo barneratutako kopurua gehizkoa ote den. Gorka Gereñok jakin badaki barneratutako kultura hori aldatzea zaila dela, baina etsi beharrean elikadura makrobiotikoaren onurak lau haizetara goraipatzen saiatzen da. Gereñok dioenez, elikadurak orekatua izan behar du, beharrezkoa delako hori bizitza osasuntsua lortzeko. Dietaren oreka Donostiako Intxaurrondo kaleko Makrobiotika elkartearen sukaldean sustatzen du egunero. Jatetxe gisa funtzionatzen duen Euskal Herriko elkarte bakarra da.

Zer da, zehazki, makrobiotika?

Hitzak berak esaten digu zer den; makro handia da, eta bio bizitza. Bizitza luze bat izateko giltza da azken batean makrobiotika.

Bizitzeko modu bat, beraz?

Hori da; makrobiotikaren barruan, ardatz garrantzitsu bat da sukaldaritza. Bizitza osasuntsu bat edukitzeko, ezinbestekoa da elikadura segurua eta orekatua izatea.

Zein jaki erabiltzen dituzue?

Baliatzen ditugun jangaiek ekologikoak izan behar dute, eta garaian garaikoak.

Begetarianoak eta barazkijaleak al zarete?

Egia da gure elikadura mota gehienbat begetarianoa dela, antzekotasun hori badu; baina guk haragia ere jan dezakegu, adibidez. Azkenean, oreka bilatzea da makrobiotika; jaten dugunaren energia kontuanhartzea, eta gero, energia horren arabera, gauza bat edo beste jatea.

Nola lortzen da oreka hori?

Jakin behar da janari bakoitzak nolako energia emango digun. Neguan zerbait beroa gogoko dugun bezala, udaran freskatuko gaituen zerbaiten bila ibiltzen gara. Hori urte guztira eramatea da makrobiotika, urte guztian orekatzea. Jaten den guztiak du energia, eta hori kontuan hartuta osatu behar dugu menua.

Euskal gastronomiak duen ospea kontuan harturik, zaila al da makrobiotika Euskal Herrian sustatzea?

Bai, horrek asko zailtzen du. Uste dugu Euskal Herria sukaldaritzaren meka dela, eta Euskal Herriko sukaldaritzan sartzea oso zaila da. Argi utzi behar dugu hemen ondo jaten dugula, baina, nolabait, goxo aldetik begiratuta. Begiratu beharko genuke ea osasun aldetik ere orekatua eta ona den jaten dugun hori.

Menu makrobiotiko batekin ez genuke bazkalosteko astuntasun sentsazio hori izango?

Hori da. Gure janariek ez dute horrelako betekadarik emango, ez direlako hain jaki muturrekoak.

Makrobiotikaz interesik bal al dago? Nolabaiteko bilakaerarik gertatu da?

Bai, azkenaldi honetan gero eta gehiago gara jateko makrobiotikoaz bizi garenak. Nik uste dut gaur egungo bizimoduak eramaten gaituela elikadura on bat izatera; osasuntsu egon nahi badugu, behinik behin. Naturatik gehiegi aldendu gara, eta makrobiotika saiatzen da gure lehengo ohiturak berreskuratzen.

Nolako jendea joaten da zure jatetxera?

Denetarik etortzen da. Jende asko probatzera etortzen da; mediatikoki ere, telebistan azaltzen naiz egun, eta, horrela, gero eta jende gehiago ari da beldurra galtzen makrobiotikaren inguruan, edo gutxienez hau zer den ikasten ari da pixkanaka. Desberdina da gero egunerokoan zein murgiltzen den. Horretarako konpromiso bat behar duzu zeure osasunarekin, eta asko ez daude prest konpromiso hori hartzeko.

Gizartean ezjakintasuna handia al dago makrobiotikaren inguruan?

Jendeak ez du ezagutzen, eta ezagutzen dutenek gaixoekin lotzen dute. Eta ez dauka zerikusirik gaixo batentzako menu makrobiotiko batek edo osasuntsu dagoen batentzako menu batek. Jendeak ez daki zer den makrobiotika, eta, arraina jan daitekeela eta astean behin arrautzak edo haragia jan daitekeela esaten diogunean, harritu egiten da. Oreka bilatzea, eta norbera ondo antolatzea bilatzen dugu.

Beste elkarte makrobiotikorik ba al dago Euskal Herrian?

Badaude eskolak, baina jatetxe modura funtzionatzen duen elkarte bakarra da gurea.

Gabonak ez dira makrobiotikaz jarduteko egunik egokienak, ezta?

Gizarte baten barruan bizi gara, eta zaila da Eguberrietan makrobiotikaz hitz egitea. Egun hauek igarotakoan, errazagoa da. Azken batean, gorputzak eta buruak bat egin behar dute, eta egunotan oso zaila da menu makrobiotiko bat egitea. Festetan jaten ditugunak kentzen baditugu, badirudi ospakizuna txikiagoa dela. Urte osoan makrobiotiko jaten duenak, berriz, badauka dieta hori handitzerik, eta horrekin festa bat egiten ari dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.