Ezkondrai gainak oparitzen digun bista miresgarria gozatzeko denbora hartu ondoren -Nafarroa eta Gipuzkoa arteko lurraldeetatik Landetako kostaldera eta Zuberoa zein Biarnoko mendi goretara zabaltzen da-, erabat hegoalderat jarraituz Amezketako leporaino (526 m) apurtxo bat jaitsiko gara. Hemen berriro ere topo egingo dugu ibilbide seinalatuarekin, eta, bitan zatitzen delarik, ezkerraldekoa, hots, Mondarraingo iparreko malda nahiko aldapatsuan gora eramango gaituena aukeratuko dugu.
Bagasti txiki bat igaro ondoren, Mondarraingo gailurraren harkaitz harresia ipar-ekialdetik igaroko dugu, xenda seinalatuak bertara garamatzan ozka batetik. Ibiltzaile askok eta askok dakite Mondarrain gainak (749 m) eskaintzen duen ikusmen zabal eta liluragarriaren berri. Erromatarren garaiko gotorleku baten aztarnak badira ere hemen, zalantza izpirik ere ez dago gailur hau gure arbasoen zelatagune eta babesgune bat izan zela. Mondarrain ezagutua da, halaber, eskaladan trebatzeko leku gisa. Gorenean berrogei metro egiten dute harkaitzek, eta horretarako egokituak izan baitira.
BIZKAILUZETIK GOROSPILERA. Mondarrainetik hegoaldeko maldatik jaitsiko gara, seinale horiei jarraituz. Bisan-bisean dugun gailurra Urrezti gaina da (693 m), eta agur egitera joango gatzaizkio. Arrailduraz josita dagoen hegiaren hariari jarraituz edo malda saihetsetik dabilen xenda seinalatutik, Zuharreteako lepora (586 m) joango gara. Hemen bai, ibilbide seinalatuari utziko diogu, eta hegiaren haria hartuko. Hortxe hartuko dugun bizkar luze horrek izena du... Bizkailuze, hain zuzen ere. Zuharreteako lepoan eskuinalderat hartzen duen ibilbide seinalatuak, berriz, Atxulegi eta Erebi gailurrek osatzen duten mendixka lerrora eramango gaitu. Horrek beste behingo txango batentzako aukera emango digu.
Bizkailuzeko hegi ordoki goxoari jarraituz, inguruan hurbilago edo urrunago, begi bazka izango ditugu Alkuruntz, Artzamendi, Atxulegi, Atxuria, Baigura, Erebi, Garralda, Goramakil, Goramendi,Irubelakaskoa, Larrun eta beste hainbat eta hainbat gailur. Azken batean, Lapurdi eta Nafarroa arteko mugaren zaindari Gorospil gailurra (691 m) zapatuko dugu. Hemendik, Gorospilko lepora (662 m) jaitsita eta mugaren haritik ekialderat jota, Estebenborda bentaren ingurura helduko gara. Hortxe harrapatuko ditugu GR10 ezagunaren seinale zuri eta gorriak, eta, bueltari emanda, iparralderat jota jarraituko ditugu. Azken batean, orain arte jarraitu dugun Bizkailuzeko hegiaren ekialdeko maldan ibiliko gara, lehenago igaro garen Zuharreteako leporaino iritsi arte.
Hementxe, aldiz, GR 10 ibilbidea utzita, Urrezti eta Mondarrain gainak ekialdetik saihetsaraziko dizkigun xenda bat hartu beharko dugu, eskuinaldetik apur bat behera eginda. Xenda honen abiagunea ikustea ez dela oso erraza gogoan eduki behar dugu, baina behin topatu ondoren, goxo-goxo eta bazter ezin ederragoak gozatuz, Amezketako lepora eramango gaitu. Aldi honetan bai, lehen agurtu dugun Ezkondrai gaina saihesten duen eta tinda horiz seinalatua den lurbideari jarraituko diogu, abiagunea izan dugun Legarreko leporaino iritsi arte.
«Herrian bizi;herrian lan egin»
Mezu horrek adierazten duen nahikundea gauzatu dute Itsasuko pilota plazaren eta Sanoki gelaren alboan dagoen Krakada izeneko tokiaren kudeatzaile Mirentxu Elizaldek eta Emile Harizpuruk. Bi itsasuiar gazte hauek aldi berean okindegi, gozotegi eta taberna den leku bat biziarazten dute. Lehenago Artzamendihotela zen egoitza hau Itsasuko Udalak erosi zuen garaian, herrian bertan euren lanbidea sortzeko asmoa zuten gazteen esku ezartzeko xedearekin. Halaxe gertatu da Krakada irekitzearekin. Azpimarratzeko da salgune arruntbat baino gehiago dela leku hau, zeren eta erakusketei harrera egiten baitiete eta Itsasuko gazteriaren bilgune bilakatu baita.