Zibergela

Blender: 3D software librean

3D diseinuak eta animazioak egiteko aplikazio librea oso garatua dago, eta edonoren esku dago erabilgarri; Blender deitzen da, eta plataforma anitzetan exekutatu daiteke.

Hiru dimentsioko diseinuak eta animazioak egin daitezke Blender aplikazioaren bidez. BERRIA.
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Bitarlan informatika eta web zerbitzuak

Diseinu grafikoaren arloan jorratu daitezkeen gaietan erakargarrienetariko bat, 3 dimentsioko diseinuena eta animazioena da. Berez, lan horietarako, ordenagailu jatorrak eta txartel grafiko sendoak gomendatzen dira. Gainera, arlo horretan lan egiteko aplikazio pribatuak ere nahiko astunak eta garesti samarrak izaten dira.

Hala ere, badaude aukera libreak eta doakoak, eta izugarri garatuak. Horien artean ezagunetariko bat Blender da. Blender, esan den bezala, software librea da, doakoa da, eta, gainera, plataforma anitzetan egikari daiteke, MS Windows, Mac Os X, GNU/Linux eta FreeBSD sistemetan exekutatzeko fitxategiak deskargatu daitezke webgunetik. Bertsio horiek guztiak deskargatzeko eta aplikazioari buruzko dokumentazioa eta eskuliburuak eskuratzeko, proiektuaren webgunera jo daiteke: http://www.blender.org. Horretaz gainera, bertsio eramangarri bat ere badago, memoria arkatz batean eroateko; hemendik deskargatu daiteke: http://portableapps.com/apps/graphics_pictures/blender_portable.

Hasieran, Blender ez zen software librea

Blender aplikazioaren historia Holandan hasi zen aurreko mendean. Aplikazioa 1998. urtean hasi zen banatzen, baina aurretik ere erabiltzen zuten, NeoGeo enpresan, Holandako 3D estudiorik handienean. Izan ere, NeoGeo enpresan hasi zen Blender aplikazioa izango zenaren garapena, haien animazioak sortzeko. Ondoren, esan bezala, 1998. urtean Not a Number (NaN) enpresa sortu zuten Blenderren sortzaileek,aplikazioa komertzializatzeko xedez. Beraz, ikusten denez, ibilbide luzeko aplikazioa da.

Hasieratik arrakastatsua izan zen, garai horretan jada plataforma anitzetan exekutatu ahal zelako, eta, gainera, dohainik banatzen zen aplikazioa. Hori bai, iturburu-kodea ez zegoen eskuragarri; horregatik ez zen software librea. Dena dela, plataforma aniztasuna eta doakotasuna kontzeptu iraultzaileak ziren garai horretan; batez ere, 3D modelatze aplikazioetan, aplikazio horiek izugarri garestiak zirelako.

NaN enpresaren negozio eredua Blenderren inguruan zerbitzuak eta produktuak eskaintzera bideratu zuten.

Hala ere, negozioak ez zuen hasieran irudi lezakeen arrakasta izan, eta inbertsoreek negozioari utziz joan ziren. Azkenik, enpresa proiektua bertan behera gelditu zen, baina Blenderren sortzaileek ez zuten zakarrontzira bota nahi haien eta laguntzaile askoren lana. Beraz, 2002an Blender Foundation sortu zuten, eta haien lehenengo helburua Blenderren garapenarekin eta sustapenarekin jarraitzea izan zen. Horretarako, software librea eta erabiltzaile komunitate sendo bat sortzea biderik egokiena zela ikusi zuten. Gezurra badirudi ere, zazpi astetan lortu zituzten aplikazioaren gaineko eskubideak eskuratzeko behar zituzten 100.000 euroak erabiltzaileen ekarpenekin. Hortik aurrera GPL lizentziarekin liberatu zen Blenderren iturburu-kodea.

Ekoizpena

Egia esanda, edonork bere ordenagailuan eduki dezakeen aplikazio doako bat animazio eta diseinu ezagunetan uste baino gehiago erabiltzen da. Adibidez, Plumíferos (http://www.plumiferos.com/) film luzea osorik software librearekin eginda dago, eta erabilitako baliabideen artean Blender dago nagusiki.

Blender ere beste filmetan erabilia izan da, Spider-Man 2-n, adibidez, edo Friday or Another Day eta Elephants Dream film laburrean, esate baterako .

Artista ospetsu batzuek ere Blender erabiltzen dute baliabide nagusi gisa. Euskal Herrianbadago Blenderrekin lan egiten duen artista bat, Willy Roa kimikari gipuzkoarra. Bere blogean ikus daitezke egin dituen lanak: http://bad3di.blogspot.com.es/.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.