Blokeatzeak

Lucien Etxezaharreta.
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Bestearen arrazoiei kasurik ez ematea, norbera bere hartan tinko egotea, gatazka batean aterabide guztien hestea da. Hori ikusten ari gara Frantzian, sindikatuen eta Sarkozyren mutilen artean. Hori ikusten ari gara Euskal Herrian, Espainiak euskaldunen independentzi goseari buruz dituen erantzun moduetan. Ez da inoiz inorentzat egoera hoberena, eta apustu arriskugarria da. Geologia mailan, tektonikan, bi lurpeko plaka nagusi elkarretarik hurbiltzen ari direlarik halako presio erraldoiak sortzen dira, non, ezinbestean, lur ikara nagusiak gertatzen diren. Nor da irabazle orduan? Geografia berria litzateke, nahiz eta gure sapiens denbora motzean ez dugun deus gutxi baizik neurtzen ahal, baina mendeen eraginez mundu berriak datoz.

Ikusi dira horrelako txoke frontalak Europa eta Asiako zibilizazioen ibilbideetan, Gengis Khan baten zaldunen laurazkekin edo Kurutzedunen Jerusalemerako bideetan. Atera dira menderen mendeetako gorrotoak... gure Pastoraletako türkak ere, eta ezin konponduzko arazoak. Legitimitate ezberdinen arteko txokeak dira, oro har. Batek bestea menperatu behar biziaren legez. Ongarri metaren gainean oilar bat baizik ezin dela egon, zion ene auzo batek...

Bere kartzela zulotik Otegi mintzo delarik, Madrileko bulegoetan entzumen nahasia dute beren betirako diruditen sinismenarekin. Bere Elysee-ko bulego doratuan Neuillyko presidentak, haur tematu baten gisara, ez ditu aurkakoak entzun nahi. Baina denetan hor daude indar tektonikoak, dena erroz gora eman lezaketenak. Biziaren legez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.