Ehun urteko historia dauka, baina gaztetxo baten indarra erakusten du Confecciones Pinedo jantzi dendak azken asteotan. Blusaz edo neskaz jantzi nahi dutenentzat erreferentziazko saltokia da, eta Andre Mari Zuriaren jaien atarian agerikoa izan da hori. Haizea Ruiz de Pinedok, dendan lan egiten duen laugarren belaunaldiko ordezkariak, tarte bat hartu du galderei erantzuteko.
Zer moduz bizi dituzue jaien aurreko egunak?
Pazientzia handiarekin, jende guztia azken orduan etortzen baita, eta pazientzia nahitaezkoa da.
Jaien aurreko gorakada hori noiztik sumatzen duzue?
Ekainetik aurrera nabaritzen da batez ere, herrietako jaiak hasten direlako. Sanferminak bukatzean heltzen da gogorrena, orduan ikusten dutelako askok Santiago eguna gerturatzen ari dela, eta orduan hasten dute prestaketa.
Egunik gogorrena zein izaten da?
Abuztuaren 4ko goiza erotzekoa da; 6a beldurtzekoa da, eta baita 7a ere. Azken bi horietan Santiago egunean jantzi ez zirenak etortzen dira, zerbait falta zaielako.
Zenbat pertsona jantz ditzakezue hilabete hauetan?
Zaila da kalkulatzea... asko dira! Hori bai, kalera ateratzen garenean ez ditugu ikusten horrenbeste jantzi. Hemen asko saldu ditugu, baina gero kalean uste duguna baino gutxiago daude.
Hainbeste jantzi saldu ostean, ez al da gogorra blusek izaten duten bilakaera ikustea? Lehen egunean txukun eta garbi atera ondoren...
Gerrikoa korapilo bat emanda, abarkak erdi solte, arrantzale jantzia duten neskak zapatilekin... Blusa eta neska batzuengana gerturatzeko eta segundo batean behar bezala janzteko gogoa izaten dugu.
Jendeak ba al daki janzten? Abarkak etortzen zaizkit burura...
Ez, askok ez dakite janzten, eta abarken kasua bereziki larria da. Gorputza ondo izateko oinak ondo izan behar dituzte nahitaez. Abarkek soka luzea badute, oinari ondo lotzeko da, ez hankara lotzeko!
Ez al duzue inoiz pentsatu blusaz eta neskaz janzteko ikastaroak ematea?
Dendan saiatzen gara hori egiten, baina azken orduan etortzen dira, eta guztiei erakusteko aukerarik ez dago. Batzuei irakasten diegu, eta lagunei nola jantzi behar duten irakats diezaietela eskatzen diegu, baina...
Behar bezala janzteko ohitura galdu al da?
Jendeak ez die antzinako jantziei zentzurik ikusten, baina izugarri logikoak ziren. Askok ez dakite mantala gerruntzearen gainetik edo azpitik jarri behar duten. Arrautza bat frijitzerakoan non jarriko zenuke amantala, kamisetaren gainetik, edo azpitik? Mendira joatean praken gainetik jartzen zituzten galtzerdiak, prakak ez zikintzeko, baina herrira jaistean praka galtzerdien gainetik jarri eta zikinkeria ez zen ikusten. Logikoa!
Blusa eta neska jantziek urte asko dituzte, baina moda berririk sumatzen al duzue? Jendeak zerbait berezia eskatzen du?
Arrantzale jantzia modan dago gaur egun 14 eta 18 urte arteko nesken artean. Baina adin kontua dela esango nuke, adin hori gaindituta neska jantzira itzultzen direlako.
Nola janzten zara zu jaietan?
Egunero trajea janzten dut, egunero ezberdin bat. Jaiegunak baino traje gehiago ditut, eta kristoren zalantzak ditut aukeratzeko. Normalean harrapatzen dudan lehena janzten dut, baina jaietan...
Artxiboetan ikertzen al duzue Arabako garai bateko jantziak berreskuratzeko?
Gure hornitzaileek egiten dute lan hori; antzinako ehunak irudikatzen dituzten telak egiten dituzte. Badaude eskatutakoaren arabera egiten dituzten ehunak. Dena den, ehunak lortzea geroz eta zailagoa da. Lehen baziren fabrika asko inguruan, baina gaur egun kanpotik ekarri behar dira.
Jaien garaian atseden hartzeko tarte gutxi duzue, baina urtean osoan...
Boladaka doa. Ikasturte hasieran mantala asko saltzen ditugu, eta Santa Ageda edo Olentzero egunetan neska eta blusa jantziak. Bolada horietatik kanpo, denetarik. Emakumeentzat ez ezik, langileentzako jantziak ere baditugu: irakasleen mantalak, sukaldari jantziak, lanerako jantziak...
Pinedo duela ehun urte sortu zenean, horrelakoa al zen?
Hasieran denetarik egiten zen hemen: ezkontzak, jaunartzeak, ehunak ere saldu zituzten noizbait, botoiak forratu... Gaur egun jantziak eginda heltzen zaizkigu, baina garai batean hemen bertan egiten zituzten, neurrira. «Mantala bat nahi dut bi poltsikorekin», esaten zioten amonari; horrek bezeroa neurtu ondoren patroia egiten zuen, tailerrera joan, josi... Oso ezberdina zen.
Belaunaldiz belaunaldi pasatako ogibidea da. Historia ere igaro al da?
Birraitonaren eta birramonaren historia ezagutzerik izan ez dudan arren, bizipen asko jaso izan ditut amonarengandik. Aitona-amonak gauak eman zituzten hemen josten, patroiak egiten edo arropa antolatzen! Pinedo ezaguna omen zen bildu gabeko arropa pilak zirela eta. Ez zegoen denborarik, aitona-amonak zirelako denda aurrera eramaten zutenak.
Ospatuko al duzue mendeurrena?
Familia osoa afaltzera joan ginen, baina beste zerbait egin nahi dugu. Ez dakigu zer, eta, jaietan sartuta, zaila da horretan pentsatzea, baina...
Belaunaldiz belaunaldi igaro diren zenbait denda itxi dira azken urteetan Gasteizen...
Niri denda gustatzen zait, eta jantzigintza ari naiz ikasten. Agian garai bateko izaerara itzultzea gustatuko litzaidake, eta jantziak neurrira egiteko modua eskaini bezeroari. Hori dena lasaitasunez hartuko dut oraingoz. Gauza batzuk egiten ari naiz, baina dendatik kanpo.
Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Haizea Ruiz de Pinedo. Confecciones Pinedoko langilea
«Blusa eta neska askok ez dakite janzten; abarkena bereziki larria da»
Mende bat bete du jantzi dendak, baina ospakizunetarako tarte gutxi du, blusen eta nesken azken orduko eskakizunak direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu