Salaketa gogorra.Javier Vizcainok egin duena egunotan, Jaurlaritza eta zenbait komunikabide eta kazetari —horiek zehaztu gabe— jomugan hartuta. Onda Vasca Jaurlaritzaren boikota jasaten ari omen da, elkarrizketak ukatzen baitizkio. Unerik asaldagarrienetakoa heldu omen zen Lopezek Xabier Lapitzi Urtxuegia aferarekin gezurretan aritzea leporatu zionean, zenbait kazetarik aholkatuta. Vizcainori lotsagarria iruditzen zaio ez euskal kazetarien elkarteak ezta euskal kazetariek ere deus adierazi ez izana. PP eta PSE-EEren normaltasunaren pentzuko tertuliano eta kazetariak ditu gogoan batez ere, horietako asko EITBn kokatu direnak azkenaldian.
Ezaguna zaigu. Jarrera baztertzaile horiek ezagunak genituen aurreko legegintzaldietan ere. Hala ere, EITBn urteetan lan egin duen kazetari batek kontatu izanak badu balio erantsia. Nahiz eta pentsatu izen-abizenak aipa zitzakeela Vizcainok, behin bazterrak astintzen hasita.
Bi euskal hiztun. Vanessa Rodriguez esatariak gidatzen du Hoy por hoy San Sebastián (12:20-14:00). Esan beharrik ez edukietan donostiarzentrismoa duela nagusi, gaztelera mintzabide bakarra izanik. Saio txukuna da oro har: elkarrizketak, tertuliak, erreportajeak… Herenegun, Kilometroak izan zuen hizpide, Raquel Rodriguez kidearekin batera: Aitor Unanue Ikasberriko lehendakariarekin solasalditxoa, egitaraua… Xuxen joan zen erreportaje osoa, eta kito egiteko tenorea heldu zitzaienean euskarari ekin zioten Rodriguez abizeneko bi esatariek, pare bat esaldi luzatuz elkarri. Ser katean euskarak aspaldian gozatu duen tarterik zabalena izan zen une hura. Bi esatariak euskal hiztunak direla deskubritu genuen!
Euskarak hunkitzen. Azken unean Donostiako Udalak Aste Nagusiko egitarauan bi euskal musika talde sartzeak eragin zuen polemikatxoa tertuliara eraman zuen Rodriguezek, uda partean. Horretan, Joxean Larrañaga Urko-k euskarazko kantariek estatuan jasan ohi zuten boikota aipatu zuen. Rodriguezek, orduan, zera aitortu zigun entzuleoi, kontra argudio gisa: emozioz bete ohi dela Carles Francinok euskal abesti bat jarri ohi duenean Madrilgo saioan. Gipuzkoako entzule asko hunkitzeko, berriz, nahikoa genuke Rodriguezek berea ere baden euskara erabiliko balu irratsaioan tarteka...
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Boikotak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu