Bolatxoek erabaki dute

San Tomas azokarako postuen zozketa egin dute, eta bildutako ikastetxe guztiek lortu dute postu bana. Ikasbidaia ordaintzeko laguntza aukera bikaina da azoka.

Donostiako udaletxeko biltzar aretoan bildu diren ikastetxe guztiek eskuratu dute San Tomaserako postua. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ez dago Gabonetako loteria jokoan, ezta babes ofizialeko etxebizitza bat erosteko eskubidea ere. Baina zirrara sortu du Donostiako udaletxeko bilera aretoan eginiko zozketak. Izan ere, abenduaren 21ean Donostiako San Tomas azokan txistorra eta sagardoa salduko dituzten postuak nori egokitu erabaki dute bolatxoek.

Hautagaiak, Donostiako 32 ikastetxeeta beste 54 elkarte. Postuak, 50 besterik ez.

Zozketa hasi aurretik bilduak dira ikastetxeetako ordezkariak udaletxe parean. Gehientsuenentzat eskola ordua da, baina orain honetan zilegi da piper egitea. Ikasturte nekezaren ondoren jaso ohi den ordaina dago jokoan: ikasturte bukaerako bidaia.

Udaletxe pareko bankuetan eta lurrean eserita dauden gazteek ez dute zozketaren funtzionamenduaren berri. Ikastetxe askok postu bat baino gehiago eskatu dituzte, gela bat baino gehiago joango baitira ikasbidaian.

Deustuko humanitate ikasketen ikasleen kasua da hori. Gaztelania eta euskarazko ereduetarako postu bana eskatu dute. Diru gehiago biltze aldera egin dituzte bi eskaerok; postu bana egokituz gero, bi gelen artean banatuko baitute dirua.

Biltzar aretoko ateak ireki eta azkar bete da aretoa. Askok, aulkirik gabe geratu, eta zutik ikusi dute zozketa.

Udaleko arduradunak hitza hartu bezain pronto isildu dira marmarrak. San Tomas egunean jendez lepo egon ohi da Parte Zaharra, esku batean txistor pintxoa eta bestean sagardo edalontzia dutela. Dirua biltzeko aukera bikaina ematen du azokak, ikasbidaiaren zati handi bat ordaintzeko bidea.

Lasaitu handia hartu dute ikasleek zozketaren arduradunaren lehen hitzak entzutean: 50 postuetatik %80 ikastetxeentzat izango dira, hots, 40. Ikastetxe bakoitzak postu bana izango du, beraz. Eskaera bat baino gehiago duten ikastetxeen gelen artean zozketa egin dute.

Betebehar bakarra dute eskaria eginduten ikastetxeek postua eskuratzeko: ordezkariren bat present egotea zozketan. Ez da hala gertatu lau ikastetxerekin: arkitektura eskolako ordezkaria berandu sartu, eta posturik gabe itzuli behar izan du etxera.

Gainontzeko postuak Donostiako elkarteen artean banatu dituzte, 22 orotara. Lehia estuagoa izan da hemen, 54 baitziren elkarteak. Eutsi ezinezko poz oihuak entzun dira elkarteen izena entzutean.

Behin erabakita zein ikastetxe eta elkarteei egokitu zaien postua, tokia erabakitzeari ekin diote. Garrantzitsua oso, eguraldi txarrak asko baldintza baititzake salmentak. «Ea Konstituzio plaza egokitzen zaigun», horra gehien entzuten den iruzkina. San Tomas egunean jende gehien ibiltzen den gunea da, eta, gainera, aterpean egoteak bezeroak izatea segurtatzen du, eguraldia edozein dela ere.

Zozketa bukatu, eta hornitzaileen txanda iritsi da. Bisita txartelak eskuan, txistorra eta edariakeskaini dizkiete ikasleei, prezio «paregabean».

Zurriola ikastolako ikasleek Europan zehar bidaiatzeko asmoa dute. Pozik daude gelako ordezkariak, Sarriegi plazan egokitu baitzaie postua. «Ez dugu hornitzaileen beharrik, gelakide baten bitartez eskuratuko baitugu txistorra», azaldu du Oihane Amundarainek.

Hilabete eskas falta da San Tomas egunerako, baina antolakuntza lan handia dute aurretik ikasleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.