Elikadura. Hazkurri kontuak

Bolivia lehenik, Euskal Herria ondoren

2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Josu Landa itzaltsuari entzun berri diogu kultura, bere iritziz, adiera estuan hartzea nahiago zaiola. «Gastronomia eta rollo horiek», noski, ez dira kultura. Elikadura edo elikabideak kulturaren adartzat hartzen dituen, ez dakigu.

Biodibertsitate biziki desberdinez osaturiko herrialdea da Bolivia: Goi-lautada, Andeen Mendilerroa, Amazonia, Pantanoak eta Chaco eskualdea, alegia, denak biziki diferente alderdi askotatik: ekonomia, biztanleriaren antolamendu, historia, jatorri etniko, erlijio, flora eta fauna, besteak beste. Mosaiko horretako piza bakoitzeko herritarrek, oro har, oso maitea dute tokiko elikabide tradizionala, nortasunaren adierazle nagusietako bat baitute, hizkuntzarekin batera. Horren argibide, esan dezagun herrialde horretan hogeita hamazazpi hizkuntza ofizial mintzatu eta lau mila patata mota baino gehiago ekoizten direla Bolivian.

McDonald's konpainia estatuanitzak dagoeneko estatu asko-askotan ezarri ditu bere zabor-jakitegiak eta mundu zabalean hedatuz doa etengabe; egunean hirurogei saltoki irekitzen ditu gaur egun. Dena, ordea, ez da arrakasta: Bolivian oztopo latza aurkitu duenez, bertako sukurtsaletako pertsiana itxi, buelta eman eta kanpora irten behar izan du, bertako biztanleek dituzten elikadura-ohitura edo tradizioekin lehian segitzerik ez duelako izan. Horrek ez du adierazten etorkizunean indarberriturik itzuliko ez dela, bere zabor ustez jangarriekin herrialdea inbaditzera.

Arrazoi bat, azaldu dugun legez, jan estandar edo uniformatua, Beste alde batetik, McDonald's konpainiak bere jakiei ezarritako prezioak izugarri handiak gertatu zitzaizkien boliviarrei, hara: multinazionalaren porrota hasi zen urtean (2002) jaki-mordo macdonaldarra 25 peso kostatzen zen eta herrialdeko produktuez jatetxean bertan prestaturiko otordua, zazpi peso, hots, zabor janaren herena.

Bi arrazoien baturak esplikatu zuen fenomenoa, gure iritziz: bertako janak betidanikoak, goxoak eta merkeak dira, herritarrak lurrarekiko atxikimendua eta gertutasuna biziki sentitzen duelako, eta halaxe gauzatzen delako, harrotasunaren eta ekonomiaren mesedetan. Kanpoko janak hizkuntza arrotz batean saltzen dira, garesti, gustu ezezagunen arabera globalizatu edo uniformatuak, etc.

Ikasbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.