Asko eta asko dira ezeren truke lan egitera animatzen diren lagunak. Behar dutenei laguntza eskaintzea eta jendeari zoriontasun apur bat ematea dira boluntarioen helburu nagusiak. Haien eguneroko lana eta arazoak alboratu, eta beharrean direnei laguntza emateko prestu dauden lagunak dira boluntarioak. Euskal Herrian ere asko dira borondatezko lanak egiten dituzten lagunak: Bittori Tapia, Maite Nebreda eta Nora Amiano, kasurako. Hiru boluntario horien esperientziak jasotzen dituen erreportajea argitaratuko da bihar BERRIAn, Bizigiro gehigarrian.
Albaola fundazioko lagunek ere euren kabuz ekin zioten 1565ean Ternuako Red Bay herriko badian urperatu zen San Juan baleontziaren erreplika bat egiteari. Lan ugari egin dituzte proiektua martxan jarri zutenetik. Orain, liburu bat aurkeztu dute: Euskal Herria itsastarra. San Juan baleontzitik. Liburuaren gaineko argibideak emango dira Bizigiro-n.
Ohi bezala, asteburuko proposamenak ere aipatuko dira. Egun hauetan, gereziak biltzen dabiltza Milagron (Nafarroa), eta igandean egingo dute gereziaren festa handia herrian. Zestoan (Gipuzkoa) ere ekitaldi ugari izango dituzte bihar, Ekainfest jaia egingo baita, goizetik hasita. Bestelako ekitaldiak ere izango dira: Txalaparta jaialdia Gasteizen, Sagarno eguna Hendaian (Lapurdi), Ongi Etorri Errefuxiatuak jaialdia Itsasondon (Gipuzkoa) eta Dantzari Dantzazale eguna Bermeon (Bizkaian), besteak beste.
Gontzal Agotek, berriz, zinema estreinaldien errepasoa egingo du. Ostiralean Hego Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatuko den filma izango du mintzagai, besteak beste: Patty Jenkins zuzendariaren Wonder Woman.