Bosgarren dimentsioa

Bilboko itsasadarraren iragana, oraina eta etorkizuna ezagutzeko bidaia interaktiboa aurkeztu dute Carvi 2010 teknologia berrien kongresuan.

Gasteiz
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Industria gune indartsua zen Bilboko portua industrializazioa indartu zen urteetan. XX. mendeko azken laurdenean, ordea, krisi latz batean murgildu zen Bizkaia.

Gaur egun, berriz, urtean milioi bat bisitari hartzen ditu Bilbok. Bidean, industriaren historiaren oinarri garrantzitsuak alde batera uztea izan da azken urteotako joera. Orduko arkitektura eta irudi ugari ezabatzen joan dira urteen poderioz. «Teknologiaren egitekoa bihurtu da labe garaien urtealdia eta gaur egungoa batzea, hau da, lehena eta oraina uztartzea», horixe izan da Nati de la Puerta Global kultura elkarteko kideak eta Ainhoa Perez Teknaliako ordezkariak ondarearen memoria errekuperatzeko egin duten saioa. Bilboko itsasadarra bost dimentsiotan ikusteko aukera eskaini zuten atzo, ondarea eta teknologia berritzaileenak lantzen dituzten bi profesionalek.

Lehena eta oraina

Sistema interaktibo baten bitartez, Bilboko historia irudikatu dute ikus-entzunezko formatuan, itsasadarrean bidaiatuz. «Historiaren zati handi bat galdu egin dugu gaur egun arte. Gure egitekoa izango da gaurtik aurrera altxor hori indartzea. Horretarako, teknologia berriak erabili ditugu gure proiektua aurrera ateratzeko».

Bizkaiko kulturaren transmisioa egin nahian osatu dute proiektua, sinkronia helburu. Espazioaren hiru dimentsioez gain, denboraren dimentsioa gehitu diote proiektuari: lehenaldia eta orainaldia ikusteko aukera ematen du ikus-entzunezkoak. Bosgarren dimentsioa emozioei dagokiona da. Kontzeptu hori ahoz ahoko transmisioarekin lotu dute adituek.

Hiru zutarri ditu proiektuak: batetik, ondarea zaintzea; bestetik, historiaren ikerkuntza egitea, eta hirugarrenik, historiaren kultur transmisioa bermatzea. «Proiektuaz gozatzeaz gain, parte hartzeko aukera ere izango du erabiltzaileak proiektu honetan, elkarreragilea baita».

Kultur ondarean, aisialdian, hiru dimentsiotako telebistan, ingeniaritzan eta informazio sistemen teknologietan adituak diren hainbat enpresatako 34 ordezkari dabiltza egunotan Gasteizko Teknologia parkean. Carvi 2010 kongresua ikertzaile eta teknologiei lotutako askotariko enpresen bateragune ari da izaten beste behin ere. Aurten zortzigarrenez, teknologia hedatzeko, enpresen aktibitatea bultzatzeko eta ikertzaileen lana adierazgarri izateko helburuarekin antolatu du Teknaliak kongresua.

Nati de la Puerta eta Ainhoa Perezez gain, bertan dira, beste hainbat adituren artean, Pedro Cano, Bernard Frischer, Niall Ooisin, Elizabeth Lane Lawley, Maria Roussou, Stephane Donikian eta Narcis Pares.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.