San Agustin egunaren harira, Artikutza parkea zabalik egongo da gaur, egun guztian. Goizuetako lurretan dagoen arren, Donostiako Udalarena da. Goizean goiz zabalduko dute parkea, zortzietarako. Sarrera irekia eta doakoa izango da; beraz, edonork bisitatu ahalko du. Gainera, San Agustin jaia ospatzeko, egitarau zabala antolatu dute: goizeko hamaiketan hasi eta arratsaldea bukatu artekoa.
Meza eskainiko dute hasteko, eta han parte hartuko du Egi Eder otxoteak. Gero, 11:30ean, Goizueta eta Oiartzungo pilotariek jokatuko dituzten bi partidez gozatzeko aukera izango da. Bazkalostean, 17:00etan, Mañukorta eta Irazu bertsolariek bertso saioa egingo dute.
Arratsaldeko seietan, herri kirolen txanda izango da. Aizkolariek eta harri-jasotzaileekerakustaldia egingo dute: aizkoran, Donato eta Oihan Larretxea Atutxa eta Mugerzaren aurka arituko dira, eta harria jasotzen, Iñaki Perurena. Gainera, O'Toole australiarrak mozketa azkarren erakustaldia egingo du. Amaitzeko, 19:30ean, dantzaldia izango da.
Egun guztian, erakusmahaiak egongo dira, eskulangileen lanak erakusten eta produktuak saltzen: gazta, pasteltxoak, taloak... Gainera, bi taberna egongo dira, eta jakiak eta edariak eskuratzeko modua emango dute.
Autoz joateko aukera dago, gaur bakarrik. Bertan aparkalekua ipiniko dute, urtegiaren inguruan dagoen pistan. Zirkulazioa hobetzeko, autoak alde batetik sartu eta bestetik irtengo dira.
Bueltan da San Agustin
Artikutza parkean San Agustin eguna ospatuko dute, eta egun guztian irekita egongo da jendearentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu